(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Roig kontseilaria Baztan-Bidasoa gasbideko lanak abiatzeko ekitaldi ofizialera bildu da, Donezteben ostirala, 2008.eko azaroak 28

Gasbideak 33,5 kilometro izanen ditu, eta lanak egiteko hamar hilabete beharko dituzte


José María Roig Aldasoro Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilaria Baztan-Bidasoa gasbideko lanak abiatzeko ekitaldi ofizialera bildu da, gaur eguerdian, Donezteben. Kontseilariaz gain, Gas Natural taldeko ordezkariak ere bildu dira ekitaldira. Honako hauek, hain zuzen: Antonio Peris, Negozio Arautuen zuzendari nagusia; José María Almacellas, Banaketako zuzendaria; Javier Lara, Garraio Proiektuetako arduraduna; Jesús López de Andrés Iparraldeko Hedapeneko zuzendari nagusia; eta Ángel Boíllos, Gas Navarra konpainiako (Gas Natural taldeko banaketa konpainia) zuzendari nagusia. Nafarroako Gobernuko teknikariak eta azpiegitura erabiliko duten udaletako ordezkariak ere joan dira ekitaldira.



Gasbideak 33,5 kilometroko luzera izanen du, eta lanak errazago egiteko Bidasoako trenbide zaharraren ibilbidea aprobetxatuko dute. Gasbideak Lesaka eta Elizondo lotuko ditu, eta amaitzeko 200 bat lanegun beharko dituztela aurreikusten dute (175 metro/egun). Erretena egiteko makinak gehienez 600 metro zulatu ditzake egunean. Gasbidea Bidasoa ibaiaren ezkerraldean eraikiko dute, ur ibilgua zeharkatu gabe. Lesakan, Igantzin, Sunbillan eta Donezteben dagoeneko hasi dira lanean, eta lehenengo hiruetan, gasbidea herrigunetik urrun egonen da.


2007ko abenduan Nafarroako Gobernuak, Gas Natural taldeak, eta Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak izenpetu zuten akordioaren esparruan eginen dituzte lanak dira, eta gasbideak Lesaka, Sunbilla, Doneztebe, Legasa, Narbarte, Oieregi, Oronoz-Mugairi, Arraioz, Irurita, Elizondo eta Elbete hornituko ditu gasez. Eginen duten guztizko inbertsioa 8,7 milioi €-koa izanen da (aurreikuspenen arabera), eta horietatik 3,8 milioi € Nafarroako Gobernuak ordainduko ditu, honela banatuta: 2,8 milioi €, lotura instalazioak finantzatzeko; eta milioi 1 €, banaketa instalazioak finantzatzeko. Gasbideak erregulazioko lau estazio eta banaketa sareak eta harguneak izanen ditu, gasa gorago aipatu ditugun herrietara eramateko. Hala, 2.400 familiatik gora eta eskualdeko enpresa batzuk gas naturalez hornituko dituzte.


2007ko abenduan Foru Komunitateak eta Gas Natural taldeak izenpetu zuten akordioan azpiegituraren ezaugarriak hitzartu zituzten, 2010. urteari begirako Nafarroako Plan Estrategikoaren esparruan. Izan ere, Foru Komunitateko gas azpiegituren hedapena lehentasunezkotzat jotzen du aipaturiko planak, lurraldea orekatzeko, industriaren lehiakortasuna handitzeko, ingurumen baldintzak hobetzeko, eta herritarren erosotasuna areagotzeko.


Gas Navarra konpainiak 1.300 kilometrotik gorako banaketa sarea du Nafarroan, eta 130 milioi euro inbertitu ditu Foru Komunitatean. Gaur egun, 97 herritako 150.000 etxebizitzatik gora hornitzen ditu gasez; hau da, foru lurraldearen %85 baino gehiago.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa