(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Alba kontseilariak Castejóngo iparraldeko sarbideko obrak inauguratu ditu asteazkena, 2008.eko abenduak 10

Ekintza horrekin Nafarroako Gobernuak landutako azkeneko Planak jasotzen duen istripuen pilaketa tarte bakarra zuzenduko da


Laura Alba Cuadrado Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak Castejóngo iparraldeko sarbidea egokitzeko eta hobetzeko obrak inauguratu ditu gaur goizean. Ekitaldian izan dira Antonino Burgos Navajas Errioxako Gobernuko Etxebizitza eta Herri Lanetako kontseilaria, Olga Mesa Castejóngo Udaleko alkateordea eta Tomás Martínez Alfaroko alkatea.


Obra horiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta Errioxako Komunitate Autonomoaren arteko lankidetza protokoloan sartzen dira. Helburua bi komunitateetako mugetan dauden bi errepide tarte birmoldatzea da, istripuen arrisku tasa gutxitzeko eta bide zerbitzuaren baldintzak hobetzeko.


N-113 Iruñea–Madril eta Castejón-Alfaro arteko elkargune zaharrak zatitutako glorieta bat zuen, ikuspen urriarekin. Izan ere, metro gutxi batzuetara kokatutako trenbidearen gaineko zubian aldats aldaketa baitzegoen. Gainera, errepide horretan 7.741 ibilgailuk zirkulatzen dute egunero, eta horietatik %20,3 ibilgailu astunak dira.


Urteetan gatazka puntu hori zuzentzeko ahalegina egin da, hainbat ekintza garatuta; azelerazio eta dezelerazio bideak luzatu, seinaleztapen bertikal eta horizontalak gehitu, bidegurutze arriskutsua dela ohartarazteko kartelak jarri eta zoladuran banda soinuak jarri dira.


N-113 azpitik Castejón-Alfaro errepideari jarraitutasuna emango dion bidea eraikita, bidearen gainean dagoen eta erabilerarik ez duen zubiaren baoetako bat aprobetxatuko da. Hala, bidegurutze guztiak saihestuko dira N-113an, eta mugimendu guztiak (Castejón-Alfaro, Madril-Alfaro eta Iruñea-Castejón) sestran gurutzatu beharrean, N-113 azpitik gurutzatuko dira.


Burutu beharreko ekintzen artean, elkargunea argiztatzea eta bi aldeetan glorieta itxiak jarrita inguruko gasolindegi eta jatetxeetarako sarbideak erregulatzea dago aurreikusita. Obra esleitzeko aurrekontua 660.709,75 eurokoa da, eta enpresa esleipenduna Vionasa (Vías y Obras de Navarra SA) da.


Lankidetza protokoloaren edukia


Lankidetza protokolo horren jatorria Nafarroako eta Errioxako administrazioetako eskumeneko lurralde eremuetan zegoen ekintzak egiteko beharra da. Alde batetik, Castejóngo (Nafarroa) iparralderako sarbidea egokitzeko eta hobetzeko proiektua hartzen du barne; eta bestetik, Errioxako Kantabria Industrialdean eta Vianako (Nafarroa) Las Cañas Industrialdean kokatutako LR-131 eta NA-134 errepideak birmoldatzeko proiektua jasotzen du.


Protokoloa 2008-2010 denboraldian Istripuen Pilaketa Tarteak deuseztatzeko IX. Ekintza Planean sartzen da. Plan hori ekainean aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuak. Castejóngo obren proiekzioaz, betearazpenaz eta finantzaketaz Nafarroako Gobernua arduratuko da, eta Errioxako Gobernua, berriz, bere lurraldean kokatutako lursailen desjabetzea kudeatzeaz arduratuko da. Planaren arabera, Errioxako Komunitateak LR-131 eta NA-134 birmoldatzeko proiektua proiektatu, egikaritu, zuzendu eta finantzatu beharko du, eta Nafarroako Gobernuak, aldiz, Foru Komunitatean kokatutako lursailen desjabetzea kudeatu beharko du. ·


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa