(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Elur ekaitza izan arren, Nafarroako errepide sare osoa irekita dago osteguna, 2008.eko abenduak 11

Neguko Bidezaintza Planaren Koordinazio Organoa berriz bildu da goizeko lehen orduan egoera ebaluatzeko; eguerditik aurrera hobera eginen du


Goizeko 10:30ean Nafarroako errepide sare nagusi osoa irekita dago, eta kateak bigarren mailako sareko lau errepidetan bakarrik dira beharrezkoak: Urkiagako portuan, NA-138 errepidean (Iruñea- Frantzia Aldudetik); Artesiagako portuan, NA-1740 errepidean (Irurita- Eugi); Egozkue portuan, NA-2520 errepidean (Olague- Zubiri); eta Izaba-Frantzia errepidean, NA-1370 puntuan, 12. kilometrotik aurrera, bigarren mailako sarean.


Hala ere, Nafarroako Gobernuak kontu handiz ibiltzea gomendatu du, azken orduetan elurra egin duelako, Foru Erkidegoaren iparraldean, batik bat. Estatuko Meteorologia Agentziak gaurko egin dituen iragarpenen arabera, prezipitazio arinak edo ertainak izanen dira zenbait lekutan, batez ere, Kantauri isurialdean eta Pirinioetan, eta 400 metrotik gora eginen du elurra goizean. Eguerditik aurrera, egoerak hobera eginen duela aurreikusita dago, euri gutxiago eginen baitu, eta elur maila 800 metrora igoko da.


Hori dela eta, Neguko Bidezaintza Planak barne hartzen dituen zerbitzuek (Errepide Sarearen Zainketa Zerbitzua, Nafarroako Larrialdietako Agentzia, Foru Polizia eta Guardia Zibila) prest mantentzen dituzte beraien kideak. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak elurra kentzeko 71 makina ditu, eta horiek polizien laguntza dute.


Atzo bezala, poliziek zaintza areagotu dute errepideetan. Foru Poliziak trafikoko 18 patruila zabaldu ditu goizean, 17 arratsaldean eta 7 gauean. Guardia Zibilak, aldiz, 21 patruila banatuko ditu goizean, 17 arratsaldean eta 8 gauean.


Bestalde, Neguko Bidezaintza Planaren Koordinazio Organoa berriz bildu da gaur goizean Iruñean, Juan Ramón Rábade Iráizoz, Barne Departamentuko zuzendari nagusiaren zuzendaritzapean. Egoera ebaluatu dute, eta gauza bera egin dute Irurtzunen eta Altsasun bertan zeuden organoek ere, Nafarroako iparraldeko autobideetan gerta daitezkeen arazoei aurre egiteko ekintzak koordinatzeko. Orain arte ez dela arazo aipagarririk izan esan dute, Larrainzar Ikastetxe Publikoaren eta Tierra Estella BHIaren eskola ibilbide batzuetan izan ezik; autobusek ezin izan dituzte ibilbide guztiak egin.


Iruñeko bileran erakunde hauetako ordezkariek hartu dute parte: Nafarroako Gobernuaren aldetik, Errepide Sarearen Zainketa Zerbitzua, Nafarroako Larrialdietako Agentzia, Hezkuntza eta Osasun Departamentuak, Foru Polizia eta Eledunaren Bulegoa; Iruñerriko Mankomunitatea; Bideko Autobidearen (A-12) eta Nafarroako Autopistaren (AP-15) enpresa emakidunak; eta Guardia Zibila.


Bileran, astebururako egoerak berriz okerrera egin dezakeela ere aurreikusi dute. Foru Erkidegoaren iparraldean prezipitazio ertainak izanen dira, eta zenbait lekutan indartsuak. Estatuko Meteorologia Agentziaren iragarpenen arabera, 400 metrotik gora elurra eginen du. Horregatik, behar-beharrezkoak ez diren bidaiak ahal den neurrian ekiditea gomendatu die herritarrei.


Era berean, edozein bidaia baino lehen, Foru Erkidegoko errepideen berri eskatzea gomendatu die Koordinazio Organoak herritarrei. Horretarako, 900 400 100 telefonora dei dezakete edo/eta www.navarra.es webgunean begira dezakete, datuak etengabe gaurkotzen baitira bertan. Nafarroatik kanpora bidaiatu behar izanez gero, Trafiko Zuzendaritza Orokorraren webgunea (www.dgt.es) begiratzea gomendatzen da, edo informazioa jasotzeko doako telefono honetara deitzea: 900 123 505. Era berean, edozein gorabehera gertatuz gero, 112 telefonoaren bidez, Nafarroako Larrialdietako Agentzia lehenbailehen jakinaren gainean jartzea aholkatzen da, egoera berehala konpon dezaten.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa