(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak 22 milioi eurotik gorako inbertsioa eginen du Ikerketa Biomedikoaren Zentroan, 2011ra arte asteartea, 2008.eko abenduak 16

Zentroa Nafarroako Ospitalean egonen da, eta lehen mailako artapenaren, onkologia gaixotasunen eta bihotz-hodietako, digestio aparatuko, arnas aparatuko eta nerbio sistemako gaixotasunen arloko ikerketak eginen ditu


Nafarroako Gobernuak 22.808.475 milioi euroko inbertsioa eginen du Ikerketa Biomedikoaren Zentroan (CIB), 2011ra arte. Horixe bera adierazi dute gaur, prentsaurrekoan, Álvaro Miranda Simavilla bigarren presidenteorde eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontseilariak eta María Kutz Peironcely Osasun Departamentuko kontseilariak.


Zentroa ikerketa biomedikoaren arloko eredu bilakatu nahi dute Estatuan, eta inbertsioa honela banatuko dute: 3 milioi euro, 2009an; 16.382.692 euro, 2010ean; eta 3.425.782 euro, 2011n. Aurreikuspenen arabera, lanak 2009ko ekainean hasiko dituzte, eta 26 hilabeteko iraupena izanen dute.


Zentro berria Nafarroa 2012 Planeko lehentasunezko esku-hartzeetako bat da, eta Ikerketa Biomedikoaren Plan Estrategikoaren baitan dago. Hain zuzen ere, teknologia eta sostengu zerbitzuak eskainiko ditu batik bat lehen mailako artapenaren, onkologia gaixotasunen eta bihotz-hodietako, digestio aparatuko, arnas aparatuko eta nerbio sistemako gaixotasunen arloko ikerketak egiteko. Gainera, honako zerbitzu hauek ere eskainiko ditu: teknologia informatikoetako aplikazioak (kudeaketa klinikoa hobetzeko), farmazia ikerketa, zauri txikiko kirurgia, genomika, molekulen biologia, proteomika, metabolomika, lipidomika, bio-bankuak (ehun neurologikoak eta tumoreak) eta terapia zelularra.


Ikerketa Biomedikoaren Zentroa Nafarroako Ospitalean eraikiko dute, gaur egungo Erradioterapia Zentroarekiko paraleloan.


Zentroaren azalera erabilgarria 10.135,53 metro koadrokoa izanen da, eta sotoa, behe solairua, lehenengo solairua, eta bigarren solairua izanen ditu. Sotoan hornidura biltegia, animalien biltegia, operazio-gela esperimentala, eta trebakuntza jardueretarako aretoa egonen dira. Behe solairuan, berriz, liburutegia, ekitaldi aretoa, eta administrazio eta kudeaketa eremuak egonen dira.


Lehenengo solairuan bi haztegi, hiru laborategi (ikerketarako), bio-informatikako aretoak, metodologia aretoak, genomikako plataforma eta sostengu eremuak egoenen dira. Bigarren solairuan, azkenik, bi haztegi, proteomikako bi plataforma, seroteka, burmuinen bankua, laborategi bat, bio-bankuak, GMP aretoa, isolamendu bereziko aretoa (ikerketa zelularra) eta sostengu eremuak egonen dira.


Nafarroa, Estatuan I+G+b arloan inbertsioa handiena egiten duten erkidegoetan bigarrena


Miranda kontseilariak prentsaurrekoan azaldu duenez, zentroari esker ikerketa biomedikoaren aldeko apustu sendoa eginen du Nafarroak, eta hala, artapenaren kalitatea hobetu eginen da.


I+G+b garrantzi handiko euskarria da Foru Komunitateko garapen ekonomikorako, eta horren adibide dugu honako datu hau: Estatuan I+G+b arloan inbertsioa handiena egiten duten erkidegoetan bigarrena Nafarroa da, Madrilen atzetik (Estatistikako Institutu Nazionala, 2007). Zehazki, 2007an Foru Komunitateak BPGaren %1,89ko inbertsioa egin zuen berrikuntzan, eta Madrilek, berriz, %1,89ko inbertsioa. Estatuko batez bestekoa %1,27koa izan zen.

Hala, Foru Komunitateak 333,9 milioi euroko inbertsioa egin zuen berrikuntzan, honela banatuta: enpresek, gastuaren %65 (Estatuan, %55); goi mailako hezkuntzak, %23,5; eta sektore publikoak, %10,8. Gaur egun, Nafarroan ia 5.000 lagunek egiten dute lan I+G+b sektorean.
Dokumentazioa:
Presentación Power Point de la rueda de prensa
Vídeo de la rueda de prensa
Audio de la rueda de prensa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa