(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

"Abordaje de la demencia" gidaliburuak Lehen Mailako Artapenaren eta Artapen Espezializatuaren arteko koordinazioa erraztuko du, arazo horri aurre egiteko asteazkena, 2008.eko abenduak 17

Argitalpenak diagnosia lehenago egiten eta gaixotasunaren jarraipena modu koordinatuagoan egiten laguntzea du xede


Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak argitaratu duen "Abordaje de la demencia" gidaliburuak Lehen Mailako Artapenaren eta Artapen Espezializatuaren arteko koordinazioa erraztuko du, zorotasunari (neurrizkoa zein larria) aurre egiteko. Nafarroan 60 urtetik gorako 9.200 lagunek dute gaixotasun hori (adin horretako biztanleen %6,6k), EURODEM azterlanaren arabera.


Argitalpena Cristina Ibarrola Guillén Lehen Mailako Artapeneko zuzendariak, Marian Nuin Villanueva Osasun Artapenaren Ebaluazio eta Kalitaterako Ataleko buru eta Lehen Mailako Artapena eta Artapen Espezializatua Koordinatzeko Planeko Neurologia Batzordeko kideak, eta Teresa Ayuso Blanco Nafarroako Ospitaleko Neurologia Zerbitzuko neurologo eta gidaliburuaren egileak aurkeztu dute, gaur goizean, San Joan Osasun Etxean.


Argitalpenaren helburua funtzio kognitiboaren narriaduraren edo zorotasunaren artapena hobetzea da, diagnosi, tratamendu zein jarraipen faseetan, eta baita Lehen Mailako Artapeneko eta Neurologiako profesionalen esku-hartze arauak bateratzea ere. Hala, diagnosia lehenago egin ahal izanen dute eta gaixotasunaren jarraipena modu koordinatuagoan egin ahal izanen dute.


Argitalpena Nafarroako Osasun Zerbitzuko Lehen Mailako Artapeneko eta Artapen Espezializatuko (Neurologia) profesionalei begira egin dute. Hala, profesional horiek gidaliburuko gomendioak aplikatu ahal izanen dituzte, batik bat funtzio kognitiboaren narriadura sintomak direla-eta (memoria galera, adibidez) ohiko sendagilearenera joaten diren pertsonengan.


Zehazki, argitalpenean zenbait galdera bildu dituzte, ebidentzien araberako gomendioak emateko eta erabaki klinikoak hartzen laguntzeko. Nolanahi ere, baliteke kasu guztietarako baliagarria ez izatea eta galdera guztiak ez erantzutea. Hala, kasuan kasuko prozedura klinikoaren, diagnosiaren eta tratamenduaren gaineko azken erabakia gaixo bakoitzaren araberakoa izanen da, gaur prentsaurrekoan azaldu dutenez.


Aurreikuspenen arabera, gidaliburua 2009ko lehenengo lauhilekoan banatuko dute, eta gainera, trebakuntza saioak eta lantegi espezifikoak ere eginen dituzte, Iruñeko, Tuterako eta Lizarrako osasun langileekin.


Gidaliburuaren egileak azaldu duenez, argitalpena egileetako bati eskaini diote, José María Manubens Bideko Ama Birjina Ospitaleko neurologoari. Manubens gidaliburua idazten ari zirela hil zen, eta haren ekarpenak erabakigarriak izan dira Foru Komunitatean zorotasuna aztertzeko.

Lehen Mailako Artapenaren egitekoa zorotasunaren detekzioan


Lehen Mailako Artapenak, sistemako sarrera gisa, funtsezko egitekoa du zorotasun motaren bat duten gaixoen diagnosia garaiz egiteko eta gaixotasunaren jarraipena egiteko. Sendagileei edo erizainei sarritan egin ohi zaizkien galderetako batzuk memoria galerari buruzkoak izaten dira (gaixoek eurek edo ahaideek). Kasu horietan garrantzi handia du pertsonen egoera kognitiboa aztertzeak, gaixotasuna lehenengo etapetan detektatu ahal izateko.


Zehazki, 2007ko irailetik 2008ko irailera bitarte Lehen Mailako Artapenak 2.192 kontsulta eskari egin ditu Artapen Espezializatuan, memoria arazoak edo zorotasuna direla-eta. Eskarien %87 Neurologiarako izan dira (espezialitate horretako guztizko kontsulten %17).


Horregatik, Lehen Mailako Artapena eta Artapen Espezializatua Koordinatzeko Planaren testuinguruan, Neurologiako Koordinazioa Hobetzeko Batzordeak gidaliburu bat egin zezan eskatu zion bi arloetako profesionalez osatutako lan talde bati, zorotasunaren sintomak direla-eta (memoria galera, adibidez) medikuarenera joaten diren pertsonak nola artatu behar diren eta gaixoen jarraipena Neurologiarekin nola koordinatu behar den zehazteko.


Diagnosia gaixoekin eta gertuko ahaideekin egindako elkarrizketa klinikoetan oinarritzen da, funtsean. Eskala psimoketrikoak (Mini-Mental testa, adibidez) diagnosia egiten laguntzen duten tresnak dira, baina behar bezala aplikatzeko eta ebaluatzeko beharrezkoa da trebatuta egotea.


Ondoren, Neurologiarekin elkarlanean, Lehen Mailako Artapeneko profesionalek funtzio kognitiboaren narriatze prozesua moteltzeko tratamenduaren jarraipena egiten dute, jokabide sintomak kontrolatzen dituzte, zaintzaile nagusiei informazioa eta sostengua ematen diete, zainketa planari buruzko aholkuak ematen dituzte, eta zainketa aringarrietarako sostengua ematen dute.

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa