(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Arazketarako Plan Zuzentzaileak 25,68 milioi euro erabili ditu Nafarroako ibai eta erreketako egoera hobetzeko astelehena, 2008.eko abenduak 22

Hamar proiektu Nafarroa 2012 Planaren baitan daude


Nafarroako Ibai eta Erreken Arazketarako Plan Zuzentzailea betetze aldera, NILSA enpresa publikoak ia 26 milioi euro erabili zituen 2007an araztegiak eraikitzeko eta mantentzeko. Nafarroako Gobernuak Plan Zuzentzailearen kudeaketa planaren berri jaso du asteroko bilkuran, eta abenduaren 23an (bihar), NILSAko Administrazio Kontseiluan, Amelia Salanueva Murguialday Toki Administrazioko Departamentuko kontseilaria buru dela, 2009ko estrategiaren eta aurrekontuaren berri emanen dute.


Testuinguru horretan, Nafarroa 2012 Planaren baitan dauden hamar proiektu ditu gaur egun NILSA enpresak, hala nola Egaibarko araztegia, urrian abian jarri zutena, edo Longida ibarreko araztegi berriaren proiektua, 2009an abian jarriko dutena.


Gaur egun, Nafarroan ia ehun arazketa instalazio daude, lurralde osoan, eta hondakin uraren %97 arazten dute. Gainera, bostehun bat mikro-araztegi daude, 500 biztanletik beherako herrietarako. Hala, etxeetako eta industriako hondakin ura tratatu ondoren, erabili aurretiko ia baldintza beretan itzultzen dute ibai eta erreketara. Nafarroan 203 milioi litro hondakin ur tratatzen dituzte egunean, ehun bat olinpiar igerileku. Hartara, urtean 80,4 hektometro kubiko hondakin ur tratatzen dituzte (Eugiko urtegiaren edukiera lau bider).


2007an, uraren fakturaren bidez nafar guztiok ordaintzen dugun arazketa kanonaren bidez 21,98 milioi euro bildu zituzten. Hain zuzen ere, arazketa kanona 1989an sortu zuen, eta harrezkero Nafarroako Ibai eta Erreken Arazketarako Plan Zuzentzailearen %51,6 finantzatzeko balio izan du. Bildutako dirua arazketarako azpiegiturak eraikitzeko eta mantentzeko erabiltzen dute, oso-osorik (araztegiak, hodi biltzaileak, ekaitzetarako tangak, ponpaketa putzuak, putzu septikoak...). Metro kubiko bat ur arazteko 17 zentimo behar dira.


2007an, bestalde, NILSAk 15,14 milioi euro erabili zituen lanak egiteko, eta beste 10,54 milioi euro araztegiak kudeatzeko. Lanik gehienak enpresa publikoaren eta toki entitateen arteko lankidetzaren bidez egin zituzten (12,2 milioi €). Kasu horretan, dagokion toki entitateak hitzarmena izenpetzen du NILSArekin, eta haren esku uzten ditu nola proiektua hala azpiegituraren eraikuntza. Horixe bera da lan egiteko modurik ohikoena. Nolanahi ere, lan batzuk toki entitateek eurek kudeatzen dituzte, zuzenean, eta proiektu osoaren arduradun izaten dira. Kasu horretan, NILSAk proiektua baliozkotu eta finantzatu baino ez du egiten. 2007an, 2,9 milioi euroko inbertsioa egin zuten gisa horretako azpiegituretan.


Horrela bada, Nafarroako araztegi gehienak NILSAk kudeatzen ditu. Nolanahi ere, Iruñeko Eskualdeko eta Montejurrako Mankomunitateak euren jarduera eremuan dauden araztegien funtzionamenduaz arduratzen dira, baina instalazio horiek ere Nafarroako Ibai eta Erreken Arazketarako Plan Zuzentzailearen bidez finantzatzen dituzte (eta Planaren ezarpena NILSAri dagokio).


Plan Zuzentzailea honako helbide honetan kontsultatu daiteke (pdf dokumentua): http://www.nilsa.com/es/Normativa/Documentos/Aguas/Plan%20Director/Plan_Director_Saneamiento_Ríos_Navarra.pdf


Sostengua: Nafarroa 2012 Planeko proiektuak


Esan dugun moduan, hamar proiektu Nafarroa 2012 Planaren baitan daude. Honako hauek, hain justu:


1.- Hodi biltzailea, Faltzestik Arga Behealdeko araztegiraino
2.- Caparroso-Martzillako hodi biltzailea
3.- Egaibarko araztegia
4.- Hodi biltzailea, Berbintzanatik Miranda Argako araztegiraino
5.- Hodi biltzailea, Oteitzatik Lizarrako araztegiraino
6.- Zirauki-Mañeruko araztegia
7.- Hodi biltzailea, Fontellastik Tuterako araztegiraino
8.- Irati ibaiaren erdialdeko araztegia
9.- Hodi biltzailea, Tebastik Muru Artederretaraino
10.- Bidasoa ibaiaren erdialdeko araztegia


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa