(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

NILSA realizará obras por un importe de 4,43 millones en 2009

asteartea, 2008.eko abenduak 23

NILSAko Administrazio Kontseiluak 2009ko aurrekontua eta esku-hartze plana onartu ditu gaur, eta hitzartu dutenez, 4,43 milioi euroko lanak kudeatuko dituzte.


NILSAko Administrazio Kontseiluko kideak toki entitateetako eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak dira, eta presidentea, berriz, Amelia Salanueva Murguialday Toki Administrazioko Departamentuko kontseilaria da.


Datorren urtean honako lan hauek eginen dituzte, hain zuzen: Longida ibarrean, araztegi bat eraikiko dute, gaur egun Agoitzen dagoenaren ordez; Montejurrako Mankomunitatean, Oteitza eta Lizarrako araztegia lotuko dituzte; Fontellas Tuterako araztegiarekin lotuko dute; Altsasun, hodi biltzaile berri bat eginen dute Zuntaipen eta Baikolarren; Urdazubin, instalazio berri bat eginen dute Dantxarinean; Larragan, hodi biltzaileen sistema handituko dute; Donezteben, araztegiaren edukiera handituko dute; eta azkenik, Zangozan eta Valtierra- Arguedasen ere hobekuntzak eginen dituzte. NILSAren aurreikuspenen arabera, gainera, beste 1,08 milioi euro erabiliko dituzte lan txikiagoetarako eta kudeaketa zuzeneko lanetarako (toki entitateek euren beharrizanen arabera egindako lanak, NILSAk koordinatzen dituenak).


Era berean, NILSAk 12,91 milioi euro erabiliko ditu gaur egungo araztegietarako (funtzionamendua eta mantentze lanak). Nafarroan ia ehun araztegi daude, eta horiez gain, baita bostehun bat mikro-araztegi ere, 500 biztanletik beherako herrietarako. Metro kubiko bat ur araztea 0,16-0,70 euro kostatzen zaigu nafarroi. Instalazio handienak batik bat Erriberan daude (Aratzuri izan ezik), eta 15.000 biztanle baliokidetik gorako herriei ematen diete zerbitzua; araztegi horietan, metro kubiko bat ur tratatzearen prezioa oso errentagarria da: 0,162 euro. Ur bolumena (edo biztanle kopurua) txikitu ahala, tratamenduaren prezioa garestitu egiten da, eta hala, 250 biztanletik beherako herrietan metro kubiko bat ur tratatzearen prezioa sei bider garestiagoa da.


NILSA uraren fakturaren bidez nafar zergadun guztiok ordaintzen dugun arazketa kanonaren bidez finantzatzen dute. Zentzu horretan, Administrazio Kontseiluak honako tarifa hauek onartu ditu 2009rako: 0,444 euro/m3, etxeetako erabiltzaileentzat; eta 0,555 euro/m3, industrietarako. Tarifa horien bidez, 2009an 26,59 milioi euro biltzea aurreikusten du NILSAk. 2008an, berriz, 24,77 bat milioi euro bilduko ditu arazketa kanonaren bidez.


Nolanahi ere, arazketa kanona ez da nahikoa izaten NILSAren esku-hartze guztiak finantzatzeko (Nafarroako Ibai eta Erreken Arazketarako Plan Zuzentzaileko esku-hartzeak), eta enpresa publikoak Toki Administrazioko Departamentuaren ekarpenak ere jasotzen ditu. Azkeneko ekarpenak 2005-2008ko Toki Azpiegituren Planaren bidez jaso ditu, eta 2009an, berriz, 1,52 milioi euro jasoko ditu. Azkenik, azpimarratzekoa da NILSAk 2009an Iruñeko Eskualdeko Ibai Parkerako ekarpen ekonomikoak amaitutzat emanen dituela; izan ere, 2007an Iruñeko Eskualdeko Mankomunitateak hartu zuen bere gain parkearen kudeaketa.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa