(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Osasun Departamentuko kontseilariak azkeneko egunetan Nafarroan antzeman dituzten gaixotasun meningokozikoaren kasuei buruzko informazioa eman du ostirala, 2008.eko abenduak 26

Sei pertsona ospitaleratu dituzte eta horietako bost zainketa intentsiboetako unitatean egon dira; Kutz kontseilariak adierazi duenez, osasun sistemak alertan jarraitzen du


María Kutz Peironcely Osasun Departamentuko kontseilariak prentsaurrekoa eskaini du, gaur, azkeneko egunetan Nafarroan antzeman dituzten gaixotasun meningokozikoaren kasuei buruzko informazioa emateko. Azkeneko kasua atzo antzeman zuten (abenduaren 25a), eta joan den asteburuan beste bost kasu antzeman zituzten Iruñeko Eskualdean. Azkeneko gaixoa 3 urteko haur bat da (mutikoa), eta Bideko Ama Birjina Ospitalean dago. B motako meningokokoa du, abenduaren 20an eta 21ean ospitaleratu behar izan zituzten gainerako bost pertsonek bezalaxe.


Kutz kontseilariak jakinarazi duenez, mutikoari sepsi meningokozikoa diagnostikatu zioten baina ez da beharrezkoa izan Pediatriako Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU) ospitaleratzea. Gela arruntean dago, eta onera egiten ari da. Kasua baieztatu ondoren, atzo arratsaldean, Osasun Publikoaren Institutuko epidemiologia zerbitzuko sendagileak haurraren ikastetxeko zuzendariarekin harremanetan jarri ziren (Iruñeko Cardenal Ilundáin Ikastetxe Publikoa), eta bilera bat antolatu zuten, haurraren ikaskideen gurasoekin eta irakasleekin, esku-hartze protokoloaren berri emateko.


Zentzu horretan, Kutz kontseilariak azpimarratu duenez, irakasle eta guraso klaustroak ezin hobe jokatu du; izan ere, Eguberri eguneko arratsalde-gauean eman zieten jazotakoaren berri eta 23:00etarako ospitaleratuta dagoen haurraren 175 ikaskideri eta 18 irakasleri tratamendu kimioprofilaktikoa eman zieten, gaixotasunaren kutsatze katea eteteko.


Gogoan izanen duzuenez, gaixotasun meningokozikoaren lehenengo kasuak joan den asteburuan agertu ziren, eta 48 ordutan bost pertsona ospitaleratu zituzten; lau, Bideko Ama Birjina Ospitalean, eta bat, Nafarroako Ospitalean. Bideko Ama Birjina Ospitalean dauden gaixoen bilakaerari dagokionez, honako hauek adierazi ditu kontseilariak: 80 urteko gizonezkoa ZIU unitatean dago, egonkor baina aireztapen mekanikoarekin, eta datorren egunetako bilakaerari adi egon beharko dute; 14 urteko emakumezkoa Pediatriako ZIU unitatean dago, larri baina egonkor; eta 16 eta 47 urteko emakumezkoak gela arruntean daude, eta onera egiten ari dira, atzo ospitaleratu zuten 3 urteko mutikoa bezalaxe. Azkenik, Nafarroako Ospitalean dagoen 19 urteko emakumezkoa gela arruntean dago eta onera egiten ari da.


Osasun sistemak alertan jarraitzen du


María Kutzek adierazi duenez, gaixotasun meningokozikoa dela-eta ospitaleratu dituzten sei pertsonetatik bostek zainketa intentsiboak behar izan dituzte, tratamendu antibiotikoaz gain. Zainketa intentsiborik behar izan ez duen bakarra 3 urteko haurra da, eta gainerakoei dagokienez, oraintxe bertan bi bakarrik daude ZIU unitatean. Kutzen esanetan, datozen egunetan gela arruntean dauden hiru gaixori alta ematea aurreikusten dute. Kontseilariak gaineratu duenez, sei gaixoetatik biri (3 urteko mutikoa eta 14 urteko emakumezkoa) sepsi meningokozikoa diagnostikatu diete (mikroorganismoa odolean), eta gainerakoei, berriz, meningitisa (mikroorganismoa likido zefalorrakideoan). Meningitisa diagnostikatu dieten lau gaixoetatik bik sepsi meningokozikoa ere badute.


María Kutzek esan duenaren arabera, osasun sistemak alertan jarraitzen du, eta kasu guztiak primarioak dira (elkarren artean harremanik ez duten pertsonak dira, eta beraz, gaixotasuna ez diete elkarri kutsatu).


Lasaitasun mezua


Osasun Publikoaren Institutuak azaldu dutenez, ez dago B motako meningokokoaren aurkako txertorik, baina kutsatze katea eten daiteke, gaixoekin harreman estua izan duten pertsonei antibiotikoak emanez. Tratamendu profilaktikoari dagokionez, abenduaren 20an eta 21ean 123 laguni eman zietela adierazi du Kutzek; tratamendua jaso zutenetatik 80 lehenengo bost gaixoen ahaideak edo eurekin harreman estua duten pertsonak dira, eta 43, berriz, ikastetxeetan eta aisialdi lekuetan gaixoekin harremanetan egon izan daitezkeen pertsonak. Atzo, esan dugun moduan, beste kasu bat antzeman zuten, eta ondorioz, profilaxi antibiotikoa haurraren gurasoek, 175 haurrek eta 18 irakaslek jaso zuten. Gaixotasun meningokozikoa dela-eta ospitaleratuta dauden gaixoak, berriz, tratamendu antibiotikoa jasotzen ari dira, eta gainera, euren egoeraren araberako euskarria daukate.

Dokumentazioa:
Video de la Rueda de Prensa
Audio de la Rueda de Prensa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa