(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Osasun Publikoaren Institutuak sari nazional bat jaso du, Nafarroako ijitoen artean osasuna sustatzeko programa dela-eta astelehena, 2008.eko abenduak 29

Familien %90ek osasun estaldura dute eta haurren %80 txertatuta daude


Ezkerretik eskuinera Yolanda Amador, Antonio Jiménez,  Kutz kontseilaria, Marisol Aranguren eta Mª José Pérez Jarauta

Ezkerretik eskuinera Yolanda Amador, Antonio Jiménez, Kutz kontseilaria, Marisol Aranguren eta Mª José Pérez Jarauta ( irudia handitu )

Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuak sari nazional bat jaso du berriki. Osasun eta Kontsumo Ministerioak ematen duen "Calidad e Igualdad" (Kalitatea eta Berdintasuna) sari da, hain zuzen, eta "Programa de promoción de salud de la comunidad gitana en Navarra. 1987-2007" (Nafarroako ijitoen artean osasuna sustatzeko programa. 1987-2007) dela-eta jaso du. Horregatik, Osasun Publikoaren Institutuak arlo horretan egin duen lana aintzat hartzeko ekitaldi bat egin dute gaur, institutuaren egoitzan, eta María Kutz Peironcely Osasun Departamentuko kontseilaria bertako buru izan da.


Kutz kontseilariaz gain, honako hauek ere bildu dira ekitaldira: Marisol Aranguren Osasun Publikoaren Institutuko zuzendaria, María José Pérez Jarauta Osasun Sustapenerako Ataleko buru eta saria jaso duen programaren arduraduna, eta Antonio Jiménez eta Yolanda Amador komunitateko osasun eragileak, 20 urteotan programan parte hartu duten hamaika bitartekarien ordezkari gisa (horiek ere aretoan zeuden).

Kutz kontseilariak azpimarratu duenez, "merezitako saria da, osasunaren sustapenaren arloko etengabeko lana saritzen baitu". Kontseilariak gaineratu duenez, programari esker Foru Komunitateko ijitoen bizimoduak hobera egin du, kalitateari, bizi-itxaropenari eta integrazioari dagokionez, eta saria pizgarri bat izan daiteke Osasun Publikoaren Institutuko teknikarientzat; izan ere, hogei urte daramatzate lanean, osasunaren arloan berdintasuna lortzearren.


Nafarroako ijitoen artean osasuna sustatzeko programak komunitate horri informazioa ematea du helburu, honako arlo hauetan: oinarrizko osasun zerbitzu, tokiko gizarte zerbitzu, emakumeak artatzeko zentro eta ikastetxeetako jarduerak, funtzionamendua eta erabilpena. Era berean, aipaturiko arloekin zerikusia duen aholkularitza ematea ere badu helburu. Programa 1987an abiatu zuten, eta haren xede nagusia ijito komunitatean osasun desberdintasunak murriztea da. Programa Osasun Publikoaren Institutuko Osasun Sustapenerako Atalak finantzatzen eta garatzen du, ijito elkarteekin elkarlanean, eta berdintasunean, osasunaren sustapenean, eta ijitoen osasun beharrizanetan oinarrituta jarri zuten abian; izan ere, garai hartan ijitoen bizi-itxaropena batez bestekoa baino zortzi-hamar urte laburragoa zen eta istripu eta osasun arazo gehienak bizimoduarekin lotuta zeuden. Gainera, ijitoek osasun zerbitzu publikoak eta prebentzio programak gutxi erabiltzen zituztela ikusi zuten. Lehentasunezko taldeak haurrak eta emakumeak izan ziren, hasieran behintzat.


Programa pausoz pauso ezarri dute, ijito gehien dituzten osasun eskualdeetan, eta gaur egun, 14 eskualdetan gauzatzen dute. Hala, Nafarroako ijito familien %90ek osasun estaldura dute eta haurren %80 behar bezala txertatuta daude. Gainera, programa beste talde eta osasun beharrizan batzuetara hedatu dute, eta esate baterako, familia plangintzarako programa eta haurdunaldia kontrolatzeko programa egiten dituzte. Lehenengoan emakumeen %62k parte hartzen dute, eta bigarrenean, berriz, emakumeen %75ek.


Saritu dituzten jarduerak eta lan estrategiak honako hauek dira: bitartekaritza; sektorearteko koordinazioa eta elkarlana (tokikoa zein zentrala); hezkuntza, berdinen artean; eta ijitoen parte-hartzea eta bitartekarien trebakuntza. Programak 11 bitartekari ditu (komunitateko osasun eragileak, ijitoak), eta aipatu ditugun 14 osasun eskualdeetan egiten dute lan. Gainera, 2 teknikari ditu programa koordinatzeko. 2008ko aurrekontua 143.000 eurokoa izan da.


Programak hainbat sari jaso izan ditu. Hala, 2004an, Eurohealthnet sareak osasun berdintasunaren arloko jardunbide egokien eredu izendatu zuen, eta 2007an, berriz, Osasunaren Mundu Erakundeko Europako Bulegoko programa batean sartu zuten ("Txirotasuna eta Osasuna. Osasun desberdintasunen murrizketa premia handiko taldeetan").


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa