(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuaren eta Industria Ministerioaren arteko akordioari jarraiki, 1,62 milioi euro erabiliko dituzte Avanza Planeko esku-hartzeetarako asteartea, 2008.eko abenduak 30

Zenbatekoa "Enpresa txiki eta ertain digitalak" eta "Herritar digitalak" programetarako erabiliko dute, eta %60 Foru Gobernuak ordainduko du


Nafarroako Gobernuak eta Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak akordio bat izenpetu dute, eta hala, 1,62 milioi euro erabiliko dituzte Avanza Planeko "Enpresa txiki eta ertain digitalak" eta "Herritar digitalak" programetarako. Foru Gobernuak zenbatekoaren %60 ordainduko du, 973.000 euro, eta Estatuko Gobernuak, berriz, %40, 648.000 euro.


Zehazki, "Enpresa txiki eta ertain digitalak" programa enpresa horietan Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKTak) neurri handiagoan erabil daitezen sustatzeko sortu dute, eta 803.000 euroko finantzaketa izanen du. "Herritar digitalak" programari dagokionez, berriz, Interneten erabiltzaile kopurua handitzea du helburu, eta 818.000 euroko finantzaketa izanen du.


Nafarroako Gobernuak eta Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak elkarlanerako esparru hitzarmena izenpetu zuten 2006an, Avanza Plana gauzatzeko, eta bi esku-hartzeok hitzarmen horren gehigarriak dira. Avanza Planak autonomia erkidegoetan Informazioaren Gizartea ezartzeko jarduerak burutzea du helburu, hain justu.


Enpresa txiki eta ertain digitalak


Avanza Planeko Lehiakortasuna eta Berrikuntza esku-hartze arloaren baitan dagoen programa da, eta Espainiako enpresa txiki eta ertainetan Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKTak) neurri handiagoan erabil daitezen sustatzea du helburu. Era berean, negozio elektronikoen ezarpena areagotzea eta faktura elektronikoaren ezarpena bultzatzea ere baditu helburu.


Aurreikusten dituzten esku-hartzeek 803.000 euroko guztizko finantzaketa izanen dute, honela banatuta: 321.000 euro, Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren eskutik; eta 481.000 euro, Nafarroako Gobernuaren eskutik.


Hitzarmenari jarraiki, "Nafarroa IKTetan" (Navarra en TIC) izeneko esku-hartzea gauzatuko dute, eta haren baitan, zenbait neurri hartuko dituzte: analisi sektoriala, Ardoa 2008 proiektu sektoriala, proiektu pilotuak, IKTen arloko aholkularitza, zabalkunde orokorra, zabalkunde espezializatua, trebakuntza orokorra, trebakuntza espezializatua, IKTen Behatokia, eta proiektuaren zabalkundea.


Herritar digitalak


Avanza Planeko Etxea eta Herritarrak esku-hartze arloaren baitan dagoen programa da, eta Interneten erabiltzaile kopurua handitzea du helburu.


Kasu honetan, 818.000 euroko guztizko finantzaketa izanen dute, honela banatuta: 327.000 euro, Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren eskutik; eta 491.000 euro, Nafarroako Gobernuaren eskutik. Zehazki, bi esku-hartze hauek aurreikusten dituzte: "Hurbil zaitez IKTetara" (Acércate @ las TIC) eta "Gizarte bazterketa egoeran dauden taldeetarako IKT trebakuntza plana".


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa