Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
2008an 46 pertsona hil dira zirkulazio istripuetan, iaz baino 2 lagun gutxiago
2008an, urtea amaitzeko egun bat falta den honetan, 46 pertsona hil dira Foru Komunitateko errepideetan (herri barruko eta herri arteko bideetan). 2007arekin alderatuz gero (48 hildako), errepideetan hildakoen kopuruak %4,16 egin du behera. Gutxienez ere azken hamarkadan izandako hildakoen kopururik txikiena da (Nafarroako Gobernuaren estatistikarik zaharrenak 1998koak dira).
Foru Komunitatean hildakoak eragin dituzten istripuen kopuruak ere behera egin du, %7,14. Hala, 2008an gisa horretako 39 istripu jazo dira, eta iaz, berriz, 42 jazo ziren.
Datuok Javier Caballero Martínez lehen presidenteorde eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariak eta Laura Alba Cuadrado Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko kontseilariak eman dituzte ezagutzera, gaur, prentsaurrekoan.
2008ak jarraipena eman dio azkeneko urteetako beheranzko joerari. Zentzu horretan, 2000tik 2010era bitarte zirkulazio istripuetan hildakoen kopurua %50 gutxitzeko helburua ezarri zuen Europar Batasunak, eta gogoan izan behar dugu Foru Komunitatean 2006an bete zela helburu hori (2000n, hain zuzen, 118 lagun hil ziren Nafarroako errepideetan, eta 2006an, berriz, 55). Gainera, Nafarroa izan zen Espainian helburu hori erdietsi zuen lehen Komunitatea, eta aurtengo datuak kontuan hartuz gero, hildakoen kopuruak %61 egin du behera 2000z geroztik (hau da, EBk ezarritako oinarri urteaz geroztik).