(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

"Amado Alonso" Literatura Kritikaren Nazioarteko Sariaren deialdia egin dute astelehena, 2009.eko urtarrilak 5

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Leringo Udalak osatzen duten Amado Alonso Fundazioak "Amado Alonso" Literatura Kritikaren Nazioarteko Sariaren deialdia egin du. Saria 6.000 eurokoa izanen da, eta lanak aurkezteko epea 2009ko apirilaren 30ean amaituko da.


Fundazioa 2001ean sortu zuten, lerindar irakasle eta ikertzailearen biziaren eta lanaren berri emateko asmoarekin, eta horretarako, literatura kritikari buruzko ikerketa eta zabalkunde jarduerak bultzatzen dituzte. Fundazioko batzordeak entitate bakoitzeko bina kide ditu, Amado Alonsoren semeaz gain (Juan Alonso).


Fundazioko Patronatuak saria irabazten duen lana argitaratuko du, Pre-Textos argitaletxearekin batera. Ikerketa lan originalak aurkeztu ahal izanen dira, argitaratu gabe daudenak (gaztelaniaz, 25.000 hitz gutxienez). Lanak Amado Alonso Fundaziora bidali beharko dira: Kale Nagusia, 24. zenbakia, Lerin (31260), Nafarroa.


Epaimahaikideak Fundazioko Patronatuak izendatuko ditu, eta baliteke saririk ez ematea edo saria lan bat baino gehiagori ematea.


Amado Alonso Lerinen jaio zen (Nafarroa), 1896an, eta Cambridge-n hil zen (Massachusetts), 1952an. Filologoa, hizkuntzalaria, literatur kritikaria, eta estilistikaren sortzaileetako bat izan zen. Ramón Menéndez Pidal-en dizipulu izan zen Madrilgo Azterlan Historikoen Zentroan, eta bertan fonetikaren eta hizkuntza geografiaren arloetan egin zuen lan. 1927tik 1946ra bitarte Buenos Airesen bizi izan zen, eta bertan Filologia Institutuko zuzendari izan zen. Ondoren Estatu Batuetara joan zen, Harvardeko Unibertsitatera, eta hil bitartean han bizi izan zen.


Argitaratu zuen lehenengo lana gaztelaniaren historiaren arlokoa izan zen: "Augustu > agosto y augurius > agüero" (1922). Urte horretatik 1927ra bitarte zortzi artikulu idatzi zituen, eta gehienak Espainiako Filologiaren Aldizkarian argitaratu zituzten. Nolanahi ere, lan garrantzitsuenak Buenos Airesen bizi zela argitaratu zituen: "El problema de la lengua en América" (1935); "Castellano, español, idioma nacional" (1938); "Poesía y estilo de Pablo Neruda" (1940); eta Pedro Henríquez Ureña-rekin elkarlanean, "Gramática Castellana" (1938), ikuspuntu berritzailetik egindako lana. Egunkarietan eta aldizkarietan argitaratu zituen artikuluak ere bildu eta argitaratu zituzten: "Estudios lingüísticos. Temas españoles" (1951), "Estudios lingüísticos. Temas hispanoamericanos" (1953) eta "Materia y forma en poesía" (1955). Hil ondoren, Rafael Lapesak Amado Alonsoren "De la pronunciación medieval a la moderna en español" argitaratu zuen (bi liburuki).


Alonsok estrukturalismoaren eta garaiko korronte filosofiko nagusien metodologiak zabaldu zituen. 1945ean Ferdinand de Saussure-ren Hizkuntzalaritzako Ikastaro Orokorra itzuli zuen, eta garrantzizko hitzaurrea idatzi zion, Bally-ren eta Karl Vossler-en lanekin egin zuen bezalaxe.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa