(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako errepide sare nagusia zabalik dago, baina Gobernuak aurrealerta egoeran jarraitzen du, elurra egiteko arriskua dela-eta ostirala, 2009.eko urtarrilak 9

Frantziako A-63 autobidea goizaldean zabaldu dute ibilgailu astunetarako; izan ere, atzoko 15:45etik iparralderanzko bidea moztuta egon da, eguraldi txarra tarteko


(12:30) Nafarroako Gobernuak aurrealerta egoeran jarraitzen du, Neguko Bidezaintza Planaren baitan. Izan ere, Estatuko Meteorologia Agentziaren (AEMET) iragarpenen arabera elurra egin dezake kota baxuetan, eta horrexegatik, Foru Komunitatea alerta horian dago.


AEMET Agentziaren arabera, zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egonen da gaur, eta han-hemenka elurra eginen du. Oro har elur gutxi botako du, baina leku batzuetan dezente bota dezake. Elurra edozein kotan bota dezake, batik bat Erriberan, Erdialdean eta Pirinioetan. Nolanahi ere, elur maila 400-500 metrora igo daiteke arratsaldean, behin-behinean. Tenperaturak pixka bat igoko dira, eta lurralde osoan izotza egin dezake (izozte arinak edo gogorrak). Norabide aldakorreko haizea arin ibiliko da.


Bihar, berriz, eguraldiak hobera eginen du. Gero eta euri-elur gutxiago botako du, eta elur maila 800-900 metrora igoko da eguerditik aurrera.


Neguko Bidezaintza Planeko Koordinazio Organoa gaur goizean bildu da, eta aurrealerta egoera agindu du, biharko 00:00etara arte. Errepideen Zainketa Zerbitzuak elurra kentzeko 81 makina dauzka lanean, eta Foruzaingoak eta Guardia Zibilak errepideetako zaintza indartu dute.


Azkeneko orduetako egoerari dagokionez, bart gauen eta gaur goizeko lehenengo orduetan elurra egin du Tuteran, Vianan, Los Arcosen, Tafallako eta Lizarrako mugetan eta mendi inguruetan (Urbasan, esate baterako). Errepideen Zainketaren Kontrolerako Gunearen arabera, errepideetan momentuz ez da egon nabarmentzeko moduko gorabeherarik, eta Nafarroako sareko errepide guztiak zabalik daude.


Nolanahi ere, arretaz gidatzea komeni da, kota baxuetan elurra egin dezakeelako eta errepideetan izotz plakak egon daitezkeelako. Horregatik, joan-etorriren bat egin aurretik Foru Komunitateko errepideen egoerari buruzko informazioa eskura dezaten gomendatzen die Nafarroako Gobernuak herritarrei, eta horretarako Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webgunea edota 900 400 100 doako telefono zenbakia erabil ditzakete, informazio eguneratua eskuratzeko. Nafarroaz kanpoko errepideetako egoeraren berri jakin nahi izanez gero, berriz, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren webgunea (www.dgt.es) edo 900 123 505 doako telefono zenbakia erabiltzea komeni da. Gainera, gorabeheraren bat izanez gero, lehenbailehen Nafarroako Larrialdietako Agentziari jakinaraztea komeni da, 112 telefono zenbakiaren bidez, arazoak ahal bezain laster konpontzeko.


Atzo Frantziako agintariek A-63 autobidea moztu zuten, baina dagoeneko zabalik dago


Frantziako A-63 autobideko Biriatuko muga goizaldeko 01:00etan zabaldu dute ibilgailu astunetarako (iparralderanzko bidea). Izan ere, Frantziako agintariek atzo arratsaldean (15:45ean) moztu egin zuten, eguraldi txarra tarteko.


Ondorioz, ibilgailu astunek ilara handiak osatu zituzten N-121-A errepidean (Iruñea-Frantzia, Behobian barrena), Frantziaranzko norabidean. Ertzainek ibilgailuak geldiarazten zituzten Behobian eta NA-1000 (lehengo A-1) errepidean, eta Nafarroatik zetozen ibilgailuak Irunerantz desbideratzen zituzten.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa