(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak 230.000 euroko diru laguntza eman du, nekazaritzako elikagaien hondakinak tratatzeko zentro integratu bat abian jartzeko asteazkena, 2009.eko urtarrilak 14

Instalazioa TRASA enpresak sustatu du, San Adrianen egonen da, eta hondakin eta azpiproduktu bizigabeak eta organikoak tratatuko ditu


Ezkerretik eskuinera, Salcedo, Roig, Sanzberro, Sanzberro, Calleja eta Iñigo

Ezkerretik eskuinera,Salcedo, Roig, Sanzberro, Calleja eta Iñigo ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak 230.000 euroko diru laguntza eman dio TRASA (Tratamientos Subproductos Agroalimentarios S.L.) enpresari, San Adrianen Nekazaritzako Elikagaien Azpiproduktuak Bildu, Tratatu eta Balioztatzeko Zentro Integratua eraiki eta abian jartzeko. Begoña Sanzberro Iturriria Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko kontseilariak, José Mª Roig Aldasoro Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko kontseilariak eta José Salcedo Soria CONSEBROko (Barazki Kontserbagintzako Industrien Elkartea) eta TRASAko presidenteak bilera egin dute gaur, eta aztertu duten gai nagusia horixe bera izan da.


Bilera Nafarroako Jauregiko Presidenteen Aretoan egin dute, eta José Ignacio Calleja Lafuente CONSEBROko kudeatzaile eta TRASAko kontseilari ordezkaria eta José Ramón Iñigo San Marcelino TRASAko kudeatzailea ere bildu dira bertara. Nekazaritzako elikagaien industriako hondakinen kudeaketa integralean espezializatuta dagoen enpresako arduradunek zentro integratuari buruz hitz egin diete Sanzberro eta Roig kontseilariei. Zentroa Cabizgordo inguruan eraikiko dute, San Adriango udal mugapean, pinudiak dauden eremu batean.


Nekazaritzako Elikagaien Azpiproduktuak Bildu, Tratatu eta Balioztatzeko Zentro Integratua eraikitzeko erabakia Barazkien Eraldaketaren Sektoreko Ingurumeneko Jarduera Planaren ondorioen fruitu da. Plana 2001etik 2006ra bitarte gauzatu zuen Nafarroako Gobernuak, CONSEBROrekin elkarlanean, ingurumen egoera hobetzeko eta nekazaritzako elikagaien industriako instalazioak etengabe hobetzeko asmoarekin. Planak agerian utzi zuen beharrezkoa dela sektoreko enpresetan sortutako hondakinak modu integralean kudeatzeko proposamen eta hobekuntza bideragarri eta iraunkorrak egitea. Zentzu horretan, beharra nabarmena da Ebro Ibarreko erdialdean; izan ere, nekazaritzako elikagaien eta barazkien eraldaketaren industriek garrantzi handia dute bertan.


Horregatik guztiagatik, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak beharrezkotzat jotzen du nekazaritzako elikagaien industriako hondakinak eta azpiproduktuak modu integralean eta iraunkorrean kudeatzea ahalbidetuko duten ekimenei sostengua ematea. Izan ere, ekimen horiek bat datoz 2006an onartu zuten Nafarroako Nekazaritzaren Plan Estrategikoko helburuekin (bereziki 3. ildo estrategikoko -Ingurumena- helburuekin). Horrela bada, 2008an Nafarroako Gobernuak 100.000 euroko diru laguntza eman zuen TRASAren ekimenei sostengua emateko, eta 2009an, berriz, 130.000 euroko laguntza ematea aurreikusten du, hondakinak tratatzeko zentro integratua eraikitzeko.


TRASA


TRASA (Tratamientos Subproductos Agroalimentarios S.L.) enpresa 2008an sortu zuten, nekazaritzako elikagaien sektoreko elkartetik abiatuta, nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresek sortutako hondakinak eta azpiproduktuak modu integralean eta iraunkorrean kudeatzeko moduak aurkitzeko asmoz. Enpresak bi helburu ditu: batetik, enpresei kudeaketa lanak erraztea; eta bestetik, azken tratamenduko beharrizan guztiak bideratzea. TRASA da Nafarroan gaur egun nekazaritzako elikagaien industriako hondakinak modu integralean kudeatzen dituen enpresa bakarra, eta gainera, sektoreko I+G+b jarduera bideratzen du. Nafarroa, Errioxa eta Aragoiko Barazki Kontserbagintzako Industrien Elkarteak (CONSEBRO) sustatzen du, eta 33 bazkide ditu (32, sektorekoak; eta 1, 30 urtetik gora birziklapenaren eta ingurumenaren arloetan lan egiten daramazkien pertsona fisiko bat).


Nekazaritzako Elikagaien Azpiproduktuak Bildu, Tratatu eta Balioztatzeko Zentro Integratuan hondakin eta azpiproduktu bizigabeak eta organikoak tratatuko dituzte, bi zonatan. Hondakin bizigabeak tratatzeko zonari dagokionez, hiru habearte izanen ditu, hondakinak motaren arabera balioztatzeko: paper-kartoia, beira, eta egurra. Beste eraikin bat ere eginen dute, zerbitzu osagarrietarako.


Hondakin organikoak tratatzeko zonari dagokionez, berriz, bi habearte nagusi izanen ditu. Batean, hondakin organikoak pentsu bilakatzeko zona egonen da, eta bestean, berriz, aldibereko ekoizpenerako zona (energia elektrikoa sortzeko eta azpiproduktuak deshidratatzeko zona). Zentroak, gainera, logistika zona bat izanen du, eta bertan, bulego eraikina eta garaje-habeartea (kamioietarako aparkalekua, lantegia, eta garbiketa zona) egonen dira. Azkenik, kanpoan edukiontzien aparkalekua egonen da.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa