Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Nafarroako Gobernuak Foru Dekretu bat onartu du, Mendabiako IV. zonako lursailak berrantolatzeko. Nekazaritza azpiegituretako esku-hartzeak 3.750 hektareako landa lursailak berrantolatzea du xede, ustiategiek egitura eta tamaina egokia izan dezaten. Nafarroako Gobernuak 6 milioi euroko inbertsioa eginen du.
Foru Dekretua onartu ondoren, lanak egin aurretiko administrazio izapideak abiatuko dituzte, eta aurreikuspenen arabera, 2009an proiektuaren oinarriak onartuko dituzte, lursailen berrantolaketa hitzartuko dute, eta lanen proiektua idatziko dute.
Helburua, ustiategien bideragarritasun ekonomikoa hobetzea
Esku-hartzeak ustiategien bideragarritasuna eta lehiakortasuna hobetzea ditu xede, eta horretarako, ustiategien egitura eta tamaina egokituko dituzte, lursailak berrantolatuz. Izan ere, gaur egungo baldintzak kontuan hartuta, ez dago argi ustiategiek irauterik izanen duten.
Proiektuak 875 jaberengan izanen du eragina, eta 1.297 etxaldetako 3.890 lursail berrantolatuko dituzte. Hala, ustiategietako oinarrizko azaleraren beheko eta goiko mugak honako izanen direla aurreikusten dute: lehorreko sailetan, 55 ha eta 135 ha, hurrenez hurren; eta ureztatze sailetan, berriz, 4 ha eta 26 ha, hurrenez hurren.
Gainera, 86,2 kilometro bide eraikiko dituzte (75,8 kilometro, bide berriak; eta 10,4 km, egokitutako bideak). Bide nagusiek 6 metroko gehienezko zabalera izanen dute, eta bigarren mailakoek, berriz, 4 metroko gehienezko zabalera. Hala, nekazaritzako makinak bideetan barrena ibili ahal izanen dira.
Lanak egiteko Ingurumen Eraginaren Deklarazioan proposatutako neurri zuzentzaileak hartu beharko dituzte kontuan (deklarazioa egina dago dagoeneko), eta besteak beste, abelbideekin lotutako zuhaixkak eta larreak errespetatu eta babestu beharko dituzte.