(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gobernuak 22,9 milioi euroko diru laguntza onartu du, Nafarroako Ospitaleko Larrialdietarako Eraikin berrirako astelehena, 2009.eko urtarrilak 19

Nafarroako Gobernuak 22.896.610 euroko diru laguntza onartu du, Nafarroako Ospitaleko Larrialdietarako Eraikin berriko lanak egiteko (lanak kontratatzeko eta zuzentzeko). Gastua hainbat urtean eginen dute, honela banatuta: 5.479.158, 77 €, 2009an; 13.749.414, 31 €, 2010ean; eta 3.668.036, 92 €, 2011n.


Gogoan izan behar dugu, dena den, Gobernuak beste 429.359 € eman zituela proiektua idazteko. Horrela bada, guztizko inbertsioa 23.325.869 eurokoa izanen da.


Aurreikuspenen arabera, 22 hilabete beharko dituzte lanak egiteko, eta hala, Nafarroako Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuaren azalera nabarmen handituko dute: gaur egun 700 m2 ditu, eta lanak amaitu ondoren 3.500 m2 izanen ditu. Box kopurua bikoiztu eginen dute (gaur egun 8 daude, eta beste hainbeste eginen dituzte), eta behaketarako unitateari dagokienez, berriz, 5 ohe gehiago jarriko dituzte (gaur egun 10 daude). Bestalde, gaur egungo Larrialdi Zerbitzuak erradiologia areto bakarra du, eta eraikin berriak bi izanen ditu; baita ordenagailu bidezko tomografia axialak egiteko aparatu bat (TAC) eta ekografo bat ere (gaur egun ez dute horrelakorik).


Nafarroako Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuaren eraikin berriak sotoa, behe solairua eta hiru solairu izanen ditu. Sotoan TACa eta ospitaleko gainerako pabiloiekin lotzeko galeriak egonen dira. Behe solairuan, berriz, honako hauek egonen dira: anbulantzietarako eta oinezkoentzako sarrerak; larri dauden gaixoak eta larri ez daudenak artatzeko zirkuituak; eriak sailkatzeko aretoa; zirkuitu bakoitzerako itxarongelak; itxarongela bereziak (atxilotuak, psikiatria, dolua); espezialitateen araberako boxak; sendagileen bulegoak; eta mintegiak.


Lehenengo solairuan behaketarako unitatea egonen da, eta 15 ohe eta ahaideentzako aretoa izanen ditu. Lehenengo solairuko gainerako guneekin zer eginen duten erabakitzeko dago oraindik, eta gauza bera gertatzen da bigarren eta hirugarren solairuekin ere. Aukerak honako hauek dira: larrialdietako kirurgia eremua, ospitaleratze eremua, eta onkologiako eguneko ospitaleratze eremua. Nafarroako Ospitaleko Larrialdietarako Eraikin berriko teilatuan heliportua egonen da.


Instalazio berriei esker gaur egungo edukiera eta zerbitzuaren logistika hobetuko dituzte. Izan ere, gaixoei harrera egiteko prozedura eta artapen zirkuituak hobetuko dituzte, eta horretarako, gaixoak bi taldetan banatuko dituzte: batetik, egoera kritikoan eta larri dauden gaixoak; eta bestetik, hain larri ez dauden gaixoak. Gainera, gaixoen egonaldiko baldintzak hobetuko dituzte, eta baita larrialdietako artapen prozesuan gaixoekin egoten diren ahaide edo lagunen egonaldiko baldintzak ere.


Eraikin berriak osasun profesionalen lana (gaixoen artapena, jarraipena eta kontrola) eta larrialdietako tratamenduarekin bereziki lotuta dauden zerbitzu klinikoak (Oftalmologia, Otorrinolaringologia, Traumatologia, Kirurgia eta Psikiatria) erraztuko ditu. Bestalde, eraikin berriak larrialdietako kasu bereziak artatzeko instalazioak izanen ditu (psikiatriako gaixoak edo espetxeratuta dauden gaixoak artatzeko instalazioak, besteak beste).


Azkenik, osasun profesionalentzako instalazioak ere hobetuko dituzte: sendagileentzako eta erizainentzako bulegoak, lan aretoak eta mintegiak, atseden eremuak, eta instalazio osagarriak (bainugelak eta aldagelak), besteak beste.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa