(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Kutz kontseilariak bizidunen arteko organo-emateak azaldu ditu, emaile-hartzaileen laguntzarekin osteguna, 2009.eko urtarrilak 22

Kontseilariarekin batera egon dira Conchi Yera eta Pamela Rodrigo Yera ama-alabak (amak giltzurruna eman zion alabari) eta Ainhoa Sanz eta José María Sanz Marco aita-alabak (alabak gibelaren zati bat eman zion aitari)


LEzkerretik eskuinera,Conchi Yera, Pamela Rodrigo, Kutz kontseilaria, Juan José Unzué, Ainhoa Sanz eta José María Sanz.

Ezkerretik eskuinera,Conchi Yera, Pamela Rodrigo, Kutz kontseilaria, Juan José Unzué, Ainhoa Sanz eta José María Sanz. ( irudia handitu )

María Kutz Peironcely Osasun Departamentuko kontseilariak harrera egin die, gaur goizean, Nafarroako Jauregiko jan-egongelan, bizidunen arteko organo-emateak egin dituzten bi bikoteri. Honako hauei, hain zuzen: Conchi Yera eta Pamela Rodrigo Yera ama-alabei (amak giltzurruna eman zion alabari); eta Ainhoa Sanz eta José María Sanz Marco aita-alabei (alabak gibelaren zati bat eman zion aitari).


Kontseilariarekin eta emaile-hartzaileekin batera, ebakuntzak ahalbidetu zituzten sendagileak egon dira: Juan José Unzué Gaztelu Nafarroako transplanteen koordinatzailea; Fernando Boneta Beorlegui Bideko Ama Birjina Ospitaleko zuzendaria; José Andrés Gómez Cantero Nafarroako Klinika Unibertsitarioko zuzendaria; Bruno Sangro Gómez-Acebo Nafarroako Klinika Unibertsitarioko Hepatologia Unitateko zuzendaria; eta Ignacio Pascual Piédrola Nafarroako Klinika Unibertsitarioko Urologiako zuzendaria.


Bizidunen arteko organo-emateen bidez gibela eta giltzurruna transplantatzen dituzte, eta espezialisten arabera, aukera ona da itxaron zerrendak arintzeko. Gibelari dagokionez, organoaren zati bat transplantatzen dute, eta emailearen gibela bere kabuz lehengoratzen da. Giltzurrunari dagokionez, berriz, emaileak bat ematen du; izan ere, bakarrarekin bizi daiteke. Ahaideen artean edo nolabaiteko harremana duten pertsonen artean egiten diren organo-emateak dira, kasua batzorde etiko batek edo epaile batek aztertu ondoren. Organo-emate arruntak, berriz, anonimoak eta desinteresatuak izaten dira, beti.


Unzuék hildako ahaideen organoak ematen dituzten pertsonei eskerrik beroenak emanez hasi du bere mintzaldia. Nolanahi ere, bizidunen arteko organo-emateen aldeko apustua egitea beharrezkoa dela adierazi du; izan ere, gaur egungo itxaron zerrendak "ezin dira ase hildakoen organoen bidez". Espainia munduko buru da organo-emateen arloan, baina Unzuék adierazi duenez, "zirkulazio istripuen kopurua gutxitzen ari da, zorionez" eta horrexegatik transplanteetarako organoak falta dira (pertsona gazte eta osasuntsuen organoak).


Bestalde, Unzuék eta José Andrés Gómez Canterok adierazi dutenez, bizidunek egindako organo-emateen bidez gibela eta giltzurruna jasotzen duten pertsonen biziraupen tasa handia izaten da, hildakoen organoak jasotzen dituzten pertsonen kasuan baino handiagoa sarritan. Zentzu horretan, emaileak kalterik jasanen ez duela bermatzen saiatzen dira bizidunen arteko organo-emateetan, baina ebakuntza guztiak bezalaxe, prozedura arriskutsua da, eta emaileari informazio zehatza ematen diote.


Ondoren, José María Sanz Marcok (alabaren gibelaren zati bat jaso zuen) bere egoera nola aldatu den azaldu du. "Lehen emaztearen laguntza behar nuen ohetik altxatzeko, bizarra kentzeko, janzteko..., eta orain, berriro bizitzen hasi naiz; egunero atximur egin behar izaten diot neure buruari"- esan du José María Sanzek. Ainhoa Sanz alabak, berriz, egindakoa duda izpirik gabe egin zuela adierazi du, hunkiturik. "Atzera botatzeko aukera eman zidaten, beti, baina burutik pasa ere ez zitzaidan egin; aitak bizitza eman zidan, eta nik bueltatu egin diot"- adierazi du. Azkenik, Conchi Yerak adierazi duenez (alabari giltzurruna eman zion), ez zuen arriskuetan pentsatu. "Nire bizitza emateko prest nengoen"- adierazi du.


2009an organo-emate gurutzatuak egiten hasiko dira Espainian


Unzuék azaldu duenez, 2009an organo-emate gurutzatuak egiten hasiko dira Espainian, eta ebakuntzak Madril, Bartzelona, Galizia eta Andaluzian eginen dituzte, hain zuzen. Kasu honetan, transplantea honela egiten dute: Demagun A eta B emaile-hartzaile bikoteak ditugula; bikote bakoitzeko kideen artean ezin dute giltzurrun transplanterik egin, kideak bateraezinak direlako (odola...), baina A bikoteko emailea eta B bikoteko hartzailea bateragarriak dira, eta alderantziz; beraz, A bikoteko emaileak B bikoteko hartzaileari eman diezaioke giltzurruna, eta alderantziz.

Nafarroan giltzurruneko, gibeleko eta bihotzeko 52 transplante egin zituzten 2008an, honela banatuta: 26, giltzurrunekoak (3, emaile bizidunei esker); 19, gibelekoak (1, "domino transplantea" teknikaren bidez, eta 3, emaile bizidunei esker); eta 7, bihotzekoak. Gainera, zilbor-hesteko 1.361 odol-emate egin zituzten.


Gaur egun 84 pertsona giltzurrun baten zain daude Nafarroan (9, behin-behineko kontraindikazioan). Beste 21 pertsona gibela transplantatzeko zain daude (2, behin-behineko kontraindikazioan), eta 4 pertsona, berriz, bihotza transplantatzeko zain daude. Estatuko datuak honako hauek dira: 4.200 pertsona giltzurrun baten zain daude, 750 pertsona gibela transplantatzeko zain daude, 90 pertsona bihotza transplantatzeko zain daude, eta 90 pertsona birika bat transplantatzeko zain daude.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa