(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak eta PSNk Kultur Ondarearen Hirurteko I. Plana izenpetu dute asteartea, 2009.eko urtarrilak 27


Juan Ramón Corpas Mauleón Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak eta Román Felones Morrás Foru Parlamentuko Kultur Batzordeko PSN-PSOEko eledunak Kultur Ondarearen Hirurteko I. Plana izenpetu dute gaur eguerdian. Planari jarraiki, hainbat esku-hartze eginen dituzte (monumentuak, multzo historikoak, industria arkitekturako multzoak, leku historikoak, eremu arkeologikoak, paisaia kulturalak, lorategi historikoak, ondasun higigarriak, katalogoak eta inbentarioak).


Planeko sarreran adierazi dutenez, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Alderdi Sozialistak honako hau uste dute: ondarea zaharberritzeko politikak sustapen eta hezkuntza lanarekin lotuta egon behar duela, Nafarroako ondarea hobeto erabili eta gozatu ahal izateko herritar guztiek.


Gainera, Planeko proiektu batzuen garrantzia dela-eta, plan zuzentzaileak edo aldez aurretiko azterlanak egin beharko dituzte, esku-hartze bakoitzeko beharrizan teknikoak edo historikoak aztertzeko ez ezik, "baita ondasunek etorkizunean izanen dituzten erabileren plangintza egiteko ere, bereziki interes turistikoaren, tokiko garapen ekonomikoaren, eta Foru Komunitatearen eta bertako arte eta ondare balioen barne eta kanpo proiekzioaren sortzaile gisa".


Monumentuei eta multzo historikoei dagokienez, Nafarroa 2012 Planaren baitan dauden esku-hartzeak aurreikusten dituzte: Martzillako gaztelua, Fiteroko monasterioa, Uxueko Andre Maria eliza, Iruñeko katedraleko multzoa, Orreagako erromesen aterpetxe nagusia, Iruñeko Ziudadelako harresia (kanpoaldea zaharberritzea), Erriberriko San Pedro eliza, edo Nafarroako Donejakue Bidea (egokitzapena). Beste esku-hartze batzuk honako hauek izanen dira: Corellako San Migel eliza, Iratxeko monasterioko eliza, Erriberriko San Pedro elizako dorrea, Los Arcosko Andre Maria klaustroa eta eliza, eta Sorladako San Gregorio Ostiense basilika.


Industria arkitekturako multzoei dagokienez, esku-hartze hauek aurreikusten dituzte planean: Orbaitzeta eta Eugiko arma olak, Allo eta Arbeitzako irin fabrikak, eta Cabanillasko eihera.


Era berean, Nafarroako gazteluetan eta defentsa arkitekturan indusketa lanak egiteko plana landuko dute, eta Alfonso XII.aren gotorlekuari buruzko azterlan historiko eta arkitektonikoa eginen dute (San Kristobal).


Testuan eremu arkitektonikoetako esku-hartzeak ere bildu dituzte: Andelos (Mendigorria), Kara (Santakara), Santa Criz (Eslaba) eta Arellanoko ziudadelak eta erromatar etxaldeak. Eta baita paisaia kulturaletako (megalito eremuak, Irati, edo Etxalarko usategiak) eta lorategi historikoetako (El Bocal, Erriberri, Bertiz edo Cortes) esku-hartzeak ere.


Ondasun higigarriei dagokienez, kasu batzuetan zaharberritze lanen aurretik esku-hartze arkitektonikoak eginen dituzte ondasunak dauden eraikinetan (Arreko San Roman, Corellako San Migel, Egiarretako San Antonio Abadea, Ezkirozko San Adrian, Itsasoko San Pedro edo Artaxoako San Saturnino elizetako erretaula nagusiak). Beste batzuetan, berriz, ondasunak zuzenean zaharberrituko dituzte (Andosillako San Julian eta Santa Basilisa parrokiako erretaulak, San Migel Santutegiko San Migelen erretaula, Sesmako Andre Maria eta Vianako Andre Maria elizetako organoak, Urrozko Jasokundeko elizako erretaula, edo Zangozako Andre Maria parrokiako kustodia).


Azkenik, inbentario hauek eginen dituzte: ondare arkitektonikoa; defentsa arkitektura; ondare arkeologikoa; ondasun higigarriak; burdinolak, presak eta ubideak; ondare hidraulikoa; jaurerriak; ondare etnologikoa; interes kulturaleko ondasun materiagabeak; eiherak; elur-zuloak; dolareak. Eta baita katalogoak ere (megalitikoa, zubiena eta garaiena).

Dokumentazioa:
Berri osoa.doc

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa