(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Urtarrilaren amaieran 36.375 langabe daude Nafarroan asteartea, 2009.eko otsailak 3

2009ko urtarrilaren amaieran aurreko hilean baino 3.419 langabe gehiago daude izena emanda Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentzietan (1.416 gizon eta 2.003 emakume). Hala, urtarrilaren amaieran 36.375 langabe daude Nafarroan, 2008ko abenduaren amaieran baino %10,37 gehiago.


Imelda Lorea Nafarroako Gobernuko Arriskuen Prebentzioko eta Laneko zuzendari nagusiak adierazi duenez, langabeziaren datuak "oso txarrak" dira. "Urtarrilean langabeziak gora egin ohi du Nafarroan, baina 2009ko hazkundea nabarmena izan da, batik bat zerbitzuen sektorean (merkataritza, ostalaritza, aldi baterako laneko enpresak). Gaur egungo krisiaren ondorio argienetako bat da; izan ere, krisiak kontsumoan eta ekoizpenean du eragina, eta ondorioz, lan merkatuan"- gaineratu du zuzendari nagusiak. Nolanahi ere, Imelda Loreak azpimarratu duenez, jarduera ekonomikoaren beherakadak ez du eragin bera izan sektore guztietan, eta hala, langabeziak behera egin du nekazaritzako elikagaien sektorean, nekazaritzan eta papergintzan. Gainera, eraikuntzaren sektoreko langabeziaren gorakada egonkor mantendu da (60 pertsona), eta baliteke sektoreko doikuntza prozesua amaitzear egotea.


Agentziaz agentzia, langabeziak honako ehuneko hauetan egin du gora: Altsasun, %18,21; Donezteben, %15,11; Lizarran, %12,77; Iruñean, %11,79; Lodosan, %7,16; Tuteran, %7,09; Agoitzen, %5,48; eta Tafallan, %4,80.


Ekonomia jardueren azpisektoreei begiratuta, langabeziak gora egin du oro har, baina gorakadak honako hauetan izan du eragin handiena: beste enpresa jarduera batzuetan (ABLEak barne), merkataritzan, osasun jardueretan eta ostalaritzan. Lehenago esan dugun moduan, langabeziak behera egin du nekazaritzako elikagaien industrian, papergintzan eta nekazaritzan. Langabezia egonkor mantendu da, berriz, ehungintzan eta jantzigintzan.


Sexuka, 18.297 emakumezko langabe (abenduan baino %12,29 gehiago) eta 18.078 gizonezko langabe (abenduan baino %8,50 gehiago) daude.


Adin taldeei dagokienez, berriz, 25 urtetik beherako 4.815 langabe (abenduan baino %15,66 gehiago) eta 25 urtetik gorako 31.560 langabe (abenduan baino %9,61 gehiago) daude.


2008ko urtarrilarekin alderatuz gero, aurten 12.610 langabe gehiago daude (%53,06ko gorakada).


Bestalde, 2009ko urtarrilean 14.855 kontratu egin dituzte Enplegu Zerbitzu Publikoetan (Foru Komunitateko lantokietan); hots, 2008ko abenduan baino 438 kontratu gehiago. Gainera, 1.651 kontratu mugagabeak izan dira (%11,11).


Bestalde, urtarrilean batez beste 270.386 pertsona egon dira izena emanda Gizarte Segurantzan, aurreko hilean baino 5.923 pertsona gutxiago (%2,14ko beherakada).


Nolanahi ere, Nafarroako langabeak dira Estatuan okupagarritasun (lana aurkitzeko aukera) handiena dutenak. Hain zuzen ere, Foru Komunitateko langabeen %43k aukera handia dute lana aurkitzeko, eta Estatuan, berriz, %22k.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa