(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Denboralea aurreratu egin da, eta ondorioz, Nafarroako Gobernuak lehenago jarri ditu lanean bere baliabideak ostirala, 2009.eko otsailak 6

N-135 errepidean (Iruñea-Frantzia, Luzaiden barrena) kateak behar dira


Elur denboralea aurreratu egin da, eta ondorioz, Nafarroako Gobernuak baliabide gehiago jarri behar izan ditu lanean. Izan ere, egunaren amaieran 300-400 metrotik gora elurra eginen zuela zioten iragarpenek, baina 8:00 aldera kota horretan elurra ari zuen jada.


Eguerdiko berrien arabera, kateak behar dira N-135 errepidean (Iruñea-Frantzia, Luzaiden barrena), 21. kilometrotik 56. kilometrora bitarte. Goizean zehar, berriz, zirkulazioa mugatuta egon da N-121-A errepidean eta Loitiko gainean (N-240, Iruñea-Hueska). N-240 errepidean lanak egiten ari dira, hain zuzen, Pirinioetako Autobiaren eraikuntza dela-eta.


Gurutzatuta gelditu diren kamioien eraginez, itxita dago bigarren mailako sareko NA-4100 errepidea (Aitzoain-Lizaso), eta kateak behar dira honako mendate hauetan: Urkiagan (NA-138, Iruñea-Frantzia, Alduden barrena); Belaguan (Izaba-Frantzia, El Ferial-etik aurrera); Artesiagan (NA-1740, Irurita-Eugi) eta Egozkuen (NA-2520, Olague-Zubiri). Errepideen egoerari buruzko informazio eguneratua behar dutenek, www.cfnavarra.es/obraspublicas webgunea edo 900 400 100 doako telefono zenbakia erabil ditzakete.


Gaur goizean, unean uneko etenak egon dira eta kamioien zirkulazioa mugatuta egon da Arraizko Bentetatik Iruñera bitarte, N-121-A errepidean (Iruñea-Frantzia, Belaten barrena), 25. kilometroan kamioiak gurutzatuta gelditu direlako.


Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak elurra kentzeko 14 makina zeuzkan lanean 6:00etan, baina 66 aktibatzen ari da; 22:00etatik igande eguerdira arte, berriz, 76 arituko dira lanean. Gaur gauean Irurtzungo barrutia indartuko dute, 4 makinekin, eta Tutera inguruan 6 makina jarriko dituzte lanean. Gainera, Belaguako mendatean 4 makina egonen dira etengabe. Baliabide horiez gain, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak 130 pertsona jarri ditu lanean (Nafarroako Gobernuko eta kontratatutako enpresetako langileak). Bestalde, Guardia Zibilak eta Foruzaingoak ehun bat patruila edukiko dituzte lanean egun osoan zehar, eta zerbitzu horiek landa eremuko poliziek eta herritarren segurtasunerako poliziek indartuko dituzte, hurrenez hurren.


José Luis Echávarri Herri Lanen zuzendari nagusiak, Juan Ramón Rábade Barne zuzendari nagusiak eta Babes Zibileko, Guardia Zibileko eta Foruzaingoko arduradunek bilera bat egin dute gaur goizean, eta bertan hitzartutakoari jarraiki, honako neurri hauek hartuko dituzte: koordinazio organo bat antolatuko dute Nafarroako Larrialdietako Agentzian; herri lanetako eta zirkulazioko langilez osatutako koordinazio organoak antolatuko dituzte Iruñeko ingurabideetan, autobietan eta autobideetan; Ertzaintzarekiko koordinazioa indartuko dute; Neguko Bidezaintza Plana aktibatuta mantenduko dute; eta Babes Zibileko plan orokorra (PLATENA, Nafarroako Babes Zibileko Lurralde Plana) larrialdi aurreko mailan jarriko dute.


Alerta laranjak dirauen bitartean, arretaz gidatzea, beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestea, eta beste aukerarik ez dagoenean kotxean kateak eramatea gomendatzen du Nafarroako Gobernuak. Izan ere, 400 metrotik gora elurra egin dezake.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa