Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Nafarroako Gobernuak, CENek, CCOOk eta UGTk IV. Enplegu Plana (2009-2012) izenpetu dute
astelehena, 2009.eko otsailak 9Testuan helburu estrategikoak definitu dituzte, eta bertako ardatz nagusietako batzuk trebakuntza, zailtasunak dituzten taldeen laneratzea eta lanaren kalitatearen hobekuntza dira
(
irudia handitu
)
Nafarroako Gobernuak IV. Enplegu Plana (2009-2012) onartu du, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioarekin (CEN) eta UGT eta CCOO sindikatuekin behin betiko akordioa erdietsi ondoren.
Testua Sanz presidenteak, José Manuel Ayesa Dianda CENeko presidenteak, Juan Goyen Delgado UGTko idazkari nagusiak eta José María Molinero de Frutos CCOOko idazkari nagusiak izenpetu dute.
Planak 158,1 milioi euroko aurrekontua izanen du 2009an; hots, III. Enplegu Planak iaz izan zuen aurrekontua (145,4 milioi euro) baino %8,7 gehiago. Planaren xede nagusiak honako hauek dira: lanpostu gehiago eta kalitate hobekoak sortzea, lanaren emankortasuna eta enpresen lehiakortasuna hobetzea, eta kohesio soziala lortzea. Plana izenpetu dutenen arabera, bi alderdi hauek landu beharko dituzte bereziki: batetik, langile, enpresaburu, teknikari eta zuzendarien gaitasunak hobetzeko baldintza egokien sorkuntza, balio erantsi handiagoa duten eta ezagueretan oinarrituta lehiatzeko gaitasuna duten enpresak edo enpresa proiektuak sortzeko; eta bestetik, lan merkatuan egoera ahulean dauden taldeen hasierako baldintzak hobetzeko politiken antolaketa, kasuan kasuko baldintzen eta aukeren arabera trebatu ahal izateko erraztasunak emateko.
Zentzu horretan, IV. Enplegu Planeko ardatz nagusietako batzuk honako hauek dira: trebakuntza eta enplegu programak sendotzea, zailtasun handiak dituzten taldeak laneratzeko tresna eraginkor gisa; kalitatezko trebakuntza ereduaren aldeko apustua egitea, lurralde lehiakortasunaren ardatz estrategiko gisa; enplegu zerbitzu publikoaren esku-hartzeak hobetzea; eta enpleguaren kalitatea hobetzeko politikei eustea (egonkortasunari, segurtasunari eta lan baldintzak hobetzeko eta mailaz igotzeko aukerei dagokienez).
Planaren helburu estrategikoak honako hauek dira: Enplegu Zerbitzu Publikoa sustatzea, erantzukidetasunean oinarrituta; kalitate handiagoko lanpostuak sortzea; profesionalen prestakuntza hobetzea; ekintzailetza sustatzea; kohesio handiagoko lan merkatuaren alde lan egitea; gizartean errotuta dagoen Enplegu Plana izatea; eta enpresen gizarte eta ingurumen erantzukizunak sustatzea.
Helburu horiek guztiak hainbat neurriren inguruan antolatu dituzte, eta hala, Enplegu Zerbitzu Publikoaren sustapenari dagokionez, neurri hauek aipa ditzakegu, besteak beste: Nafarroako Enplegu Zerbitzuko agentziak eta zerbitzu zentralak modernizatzea; Nafarroako Enpleguaren Behatokia sendotzea; laneko orientazioa, informazioa eta bitartekaritza hobetzea; eta talde jakin batzuekin lan egiteko prozesuak hobetzea.