(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Nafarroako Gobernua krisiari kontra egiteko neurri gehiago hartzea aztertzen ari da, etxebizitzan, kontsumoan eta enpresentzako laguntzetan inbertitzeko

asteazkena, 2009.eko otsailak 18

Segimendu Batzordeak hori eman du jakitera, bilera egin ondoren; Batzordea osatzen dute Foru Gobernuak, CEN erakundeak, sindikatuek eta PSN alderdiak



Krisiaren Kontrako Segimendu Batzordea gaur goizean bildu da, oraingo egoera ekonomikoa aztertze aldera. Batzordeak, halaber, krisiari kontra egiteko hartutako neurri batzuen eragina egiaztatu du eta laster ezarriko diren neurriak landu ditu. Batzordea honako hauek osatzen dute: Nafarroako gobernuak, Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak, CCOO eta UGT sindikatuek eta PSN alderdiak. Bileraren ondoren eman dute horren guztiaren berri Alvaro Miranda Simavilla bigarren presidenteorde eta Ekonomia eta Ogasun kontseilariak eta Anai Astiz PSN alderdiko batzordekideak.


Hemendik gutxira hartuko dituzten neurrien gainean kontseilarik esan du helburu "nagusi eta oinarrizkoena" izango dela sektore guztietan enpleguari eustea. Horretarako, neurriak lau multzo handitan banatuta daude.


Lehenik, etxebizitza arloko presazko neurrien Foru Legearen asmoa da sektoreak "geldialdiari" aurre egiteko "pizgarri" izatea, Mirandak esan duen moduan. Zehazki, Iruñako eskualdean BOE gehiago eraikitzen saiatuko dira, etxebizitzak birgaitzeko laguntzak abian jarriko dituzte eta erreferentziazko prezio bat jarriko dute etxebizitza librearentzat. Bigarrenik, kontseilariak adierazi du enpresei diru-laguntzak zuzenean ematen hasiko direla, enplegua sustatzeko. Hirugarrenik, jarduera pakete bat daukate aurreikusia, batetik, kontsumoa indarberritzeko (adibidez: etxetresna elektriko eraginkorrak eta automobilak erosteko eta lurreko telebista digitala jartzeko erraztasunak, eta ordenagailuak erosteko laguntzak unibertsitateko ikasleentzat); eta bestetik, turismoa eta merkataritza babesteko.


Azkenik, finantza erakundeekin akordio orokor bat adostu dute. Akordio hori medio eta Nafinco sozietate publikoaren bitartez, bermeak eskuratuko dituzte, enpresetan (ETEetan eta enpresa handietan) likidezia sartzeko eta establezimendu txikientzat mikrokreditu ildoak jartzeko. Horren harian, Miranda kontseilariak gogorarazi du PSN alderdiarekin hitzartutako aurrekontu konpromisoa: "BOE bermea", erosleei hipoteka maileguen %90 uzteko. Neurri hori laster zehaztu eta onartuko da.


Ezarritako neurriak haztatzea


Neurri berriak ezagutzera emateaz gain, kontseilariak dagoeneko ezarritako neurriek Nafarroako ekonomian izan duten eragina nabarmendu du. Neurri horiek dira, besteak beste, ordainketak atzeratu eta enpresek likidezia izan dezaten errazteko zerga neurriak, batetik, eta inbertsioak egiten laguntzeko "Nafarroa bermea", bestetik. Azken horretaz esan du urtarrilean jarri zela abian eta "ondo funtzionatzen" ari dela; izan ere, bederatzi enpresek eskatu dituzte laguntzak dagoeneko (eskari bat joan den astelehenean onartu zuten eta datozen egunetan beste bi edo hiru onartuko dituzte).


Horrez gain, kontseilariak azpimarratu du Nafarroako Udal guztiek aurkeztu dituztela proiektuak (guztira 500) Tokiko Inbertsioen Estatu Planerako, eta horrek enplegua sortuko duela. Laguntza horiek, gainera, Nafarroako Toki Azpiegituren Planarekin osatuko dira.


Krisiaren Kontrako Segimendu Batzordea honako hauek osatzen dute: Alvaro Miranda Simavilla Ekonomia kontseilariak; Jose Mª Roig Aldasoro Berrikuntza, Enpresa eta Lan kontseilariak; eta Jose Carlos Esparza Saez Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak. Horiez gain, Gobernuaren ordezkari gisa daude Nafarroako Enplegu Zerbitzuko gerentea, Jose Luis Ruiz Ciruelos; Nafinco sozietateko gerentea, Jose Mª Montes; eta Politika eta Sustapen Ekonomikoko zuzendari nagusia, Cernin Martinez. Halaber, Batzordean daude Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioko ordezkaria, Jose Manuel Ayesa; UGT eta Comisiones Obreras sindikatuetako ordezkariak, Juan Goyén eta José Mª Molinero; eta PSN alderdiko kide Roberto Jimenez Alli eta Anai Astiz.

Dokumentazioa:
Vídeo de esta rueda de prensa
Audio de esta rueda de prensa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa