(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Donapeako bizitegi gunean 4.105 etxebizitza jarriko dira, horietatik %85 babestuak

osteguna, 2009.eko otsailak 19

Lurralde Antolamenduko Batzordeak gaur onartu du Udalaz Gaindiko Plan Sektoriala



Nafarroako Lurralde Antolamenduko Batzordeak (LAB) Donapeako bizitegi gunea garatzeko Udalaz Gaindiko Plan Sektoriala (UGPS) bermatu du. Donapeako guneak Cordovilla (Galar) eta Iruña hartzen ditu. Guztira 4.105 etxebizitza eraikiko dira, erdiak erregimen orokorreko etxebizitza babestuak, %35 tasatutako preziokoak eta %15 askeak. Gainera, Planaren arabera, 500 etxebizitza publiko egongo dira errentan hartzeko; etxebizitza horiek Nafarroako Gobernuak sustatu eta eraikiko ditu.


LABek UGPSren aldeko txostena egin duenez, Nafarroako Gobernuak laster onartuko du plangintza hori. Carlos Esparza Saez Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak prentsaurrekoan esan duenez, Etxebizitza Babestuak Sustatzeko Planean lehentasuna duen jarduera hori. Etxebizitza Babestuak Sustatzeko Plana Nafarroa 2012 Planaren barruan eta PSN alderdiarekin hitzartutako Etxebizitzaren aldeko Hitzarmen Sozialean jasoa dago. Helburua da hirigintza eta eraikuntza lanak aurten hastea, etxebizitzak 2010. urtearen bukaeran edo 2011.aren hasieran esleitzeko.


Esku-hartze eremuak 1,2 milioi metro koadro dauzka Galarreko (lurren %84) eta Iruñako (lurren %16) udalerrietan. Lur horiek sozietate sustatzaileenak zein partikularrenak dira; partikular gehienek bat egin eta Cordovillako Jabeen Elkartea sortu dute.


Kontseilariak adierazi duenez, Donapea "eramangarritasunaren" erreferente izango da: "diseinatuko da hiri trinkotasuna, erabilera konplexutasuna eta konektibitatea aintzat hartuta; gainera, garraio publikoak, bidegorriek eta oinezkoentzako bideek lehentasuna izango dute, eta trazatuak dauden eraikinak integratuko ditu eta, batez ere, inguruneko paisaiaren balioa sustatuko du".


Alde horretatik, Esparza kontseilariak nabarmendu du plangintzak duela hamar urte onartutako Eskualdeko Hirigintza Arauak betetzen dituela. Arau horietan Donapea Aukera Eremu izendatu zuten, "eskualdearen hiri garapenean daukan balio estrategikoagatik" eta erabilera anitz dauzkalako (etxebizitzak, zerbitzuak, e.a.).


Halaber, Esparza kontseilariak prentsaurrekoan esan du Lurralde Antolamenduko Batzordeak leku egokitzat hartu duela Donapea, eta gune hori metropoli inguruaren ekialdetik mendebalderako loturaren antolatzaile bihurtuko dela. Izan ere, unibertsitateetatik eta beste hornidura eremu garrantzitsu batzuetatik gertu dago; hurbil daude, esaterako, ospitaleak, autobus geltoki berria, laster egingo den AVEren geltokia eta aireportua.



Proposatutako hiri egitura


UGPSean zehaztutako lurrek muga hauek dituzte: iparraldean Sadar ibaia eta Nafarroako Unibertsitateko Campusaren hegalak; ekialdean Zaragozako etorbidea eta haren paraleloan Nafarroa etorbideraino egingo den bide berria; hegoaldean AP-15 autopista; eta mendebaldean Donapeako gaina eta Ezkirotzerako EHA bide berria. Inguruan daude eskualdeko bi paisaia erreserba, eremu botaniko interesgarriekin, eta abelbidea, mendebaldeko mugan.


Proposatutako hiri egiturak bi eremu dauzka. Eremuetako bat da Nafarroa eta Zaragoza etorbideen ingurukoa. Han etxebizitzak eta hirugarren sektoreko jarduerak ezarriko dira. Era horretan, Esparzak esan duen moduan, "oinezkoentzako barne esparru bat eta inguruan jarduera ekonomikoak jarriko dira; hala, hirira sartzeko ate moduko bat egingo da eta Sadar ibaiko parkea osatuko da". Halaber, kontseilariak esan du Zaragozako etorbiderako gainbide bat desmuntatuko dutela eta bide berri bat egingo dutela AP-15 errepidetik Nafarroa etorbidera sartzeko. Horrez gain, Cordovillako jarduera ekonomikoen eremua hirian integratuko da, etxebizitza eta zerbitzu gune baten bitartez; gune horrek Sadar ibaiko parkearekin, inguruarekin eta Azpilagaña auzoarekin bat egingo du.


Kontseilariak esan du UGPSaren beste ekarpen bat dela eremu horretako hirigintza garapenari berriz ekitea. Izan ere, garapena etenda dago Galarreko eta Iruñako Udalak bederatzi urte daramatzatelako ados jarri ezinik.


Beste eremua da Cordovillako lautada, handiagoa eta garrantzitsuagoa. Eremu horrek Galar eta Iruñako lurrak hartzen ditu baita ere. UGPSaren arabera, etxebizitzak eta zerbitzuak jarriko dira Sadar ibarraren eta Cordovilla urbanizazioaren artean. Orobat, parke teknologiko bat jarriko da, Nafarroako Industri Elkarteari (AIN) lotua, eta baita parke perimetral bat ere; azken parke horrek paisaia erreserbak gehituko ditu eta hiri pasealeku bat sortuko du, Campusetik irten eta urbanizazio guztia inguratuko duena. Eremu horretan espazio publiko libreko 300.000 metro koadro eta ekipamendu publiko komunitarioak (osasuna, hezkuntza, kirola, kultura eta erlijioa) jartzeko 90.000 metro koadro egongo dira.

Dokumentazioa:
Albiste osoa
Powerpoint Donapea

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa