(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Foru Poliziak ia 1.500 pertsona atxilotu zituen iaz, 2007an baino %28,7 gehiago

osteguna, 2009.eko otsailak 26

Tafallan erakustaldiak eta bide segurtasuneko parke bat egongo dira bihar, eskola umeentzat, Foru Polizien urteroko festa egingo delako igandean herrian



Foru Poliziak 1.497 pertsona atxilotu zituen iaz, 2007an baino %28,7 gehiago (2007an 1.163 pertsona atxilotu zituzten). Atxilotu kopuruak gora egin du, besteak beste, bide segurtasunarekin zerikusia duten jarrerak zigortzeko aldaketak egin direlako kode penalean eta etxeko indarkeria kasu gehiago heldu direlako.


Foru Poliziaren jarduera txostenaren arabera, atxilotuetatik 550 bide segurtasunaren kontrako delituengatik atzeman zituzten (2007an 440), 330 delitu ekonomikoengatik eta ondarearen kontrako delituengatik (2007an 210), 297 etxeko indarkeria delituengatik (2007an 163), 237 pertsonen kontrako delituengatik (2007an 49) eta 95 osasun publikoaren kontrako delituengatik (2007an 53). Horiez gain, 7 pertsona atxilotu zituzten ingurumenaren kontrako delituengatik, beste 7 kondenak urratzeagatik eta bat lan istripuagatik.


Polizia-etxeka, atxiloketen %46 Iruñan egin ziren, guztira 695. Tuteran 375 pertsona atxilotu zituzten (%25), Lizarran 136 (%9), Tafallan 116 (%8), Altsasun 64 (%4), Elizondon 70 (%5) eta Zangozan 41 (%3). Gainera, Foru Poliziak 271 pertsonen kontrako salaketa penalak bideratu zituen instrukzioko epaitegietara (2007an baino %34 gehiago) eta 1.500 alta eman zituen BDSN eta Schengen polizia datu-baseetan, ibilgailuak eta pertsonak bilatzeko eta biktimak babesteko. Datu-base horiek delituak aurkitzea eta prebenitzea errazten dute Espainian eta Europan, hurrenez hurren.


Atxiloketa kopuruak ez du gora egin (2005ean baino 1.000 atxilotu gehiago izan dira) delitu edo legez kanpoko jarduera gehiago egon direlako, baizik Foru Poliziak lan gehiago egin duelako delituen segimenduan eta prebentzioan. Horretarako, ikerketa kriminalean bitarteko gehiago jarri dira, azken urteetan polizia sarea zabaldu egin da lurraldean eta, gainera, polizia gehiago jarri dira. Orain 911 foru polizia daude (2007an 897 zeuden), erdia Hiritarren Segurtasunean, 263 Polizia Administratiboaren alorrean (gehienak zirkulazio atalean) eta 83 Ikerketa Kriminalean. Urte bukaeran mila baino gehiago izango dira, Segurtasun Eskolan ehun hautagai inguru ari baitira prestatzen.


Salaketa administratiboak eta argiketak


Foru Poliziak 38.679 salaketa administratibo aurkeztu zituen 2008an (2007an baino %17 gehiago), horietatik ia 33.500 bide segurtasuneko arauak hausteagatik, errepidean azkarregi joateagatik eta garraio arazoengatik. Salaketen 2.588 droga konfiskazioei zegozkien eta gainerakoek jokoetako arau-hausteekin, ikuskizunekin, ingurumenaren babesarekin eta zaratekin zuten zerikusia.


Agenteek 25.841 droga dosi konfiskatu zituzten, 2007an baino gutxiago (2007an 30.000 droga dosi atzeman zituzten). Haxix eta marihuana landare gutxiago konfiskatu zituzten, baina kokaina eta heroina gehiago: 2008an baino 1.000 kokaina dosi gehiago eta 558 heroina dosi (2007an ez zen heroinarik atzeman). Horrez gain, Foru Poliziak 66.000 euro eta 28 ibilgailu konfiskatu zituen. Argiketek ere gora egin zuten, %38,4, hain zuzen, batik bat delitu ekonomikoetan eta ondarearen kontrako delituetan arreta gehiago jarri dutelako (2008an 5.000 argiketa eta 2007an 3.352 izan ziren arlo horretan). 


Bihar ateak irekita egongo dira Tafallan, igandean patroiaren eguna ospatuko dela eta


Tafallan Foru Poliziaren patroiaren eguna ospatuko dute igandean, martxoaren 1ean; ospakizun ekitaldien burua Miguel Sanz presidentea izango da. Urteroko festa dela eta, Foru Poliziak hainbat ekitaldi antolatu ditu; Zarrakaztelun, Azkoienen eta Milagron, adibidez, polizia han egiten ari den lanari buruzko hitzaldiak emango dituzte.


Bihar, ostirala, Tafallako Eskolapioen Ikastegian bide segurtasuneko parke bat jarriko dute ikasleentzat. Gainera, ateak irekiko dituzte, materiala, ibilgailuak eta unitateak erakusteko (Esku-hartze Berezien Taldea, Nafarroako Gobernuaren helikopteroa, Zakurren Unitatea, borroka arteak, polizia jardueren erakustaldiak eta lur orotako ibilgailuen gidatzea). Horrez gain, polizia gaiei buruzko magia saioa egingo dute. Bide segurtasuneko parkea goizeko 10.00etan irekiko dute eta gainerako jarduerak arratsaldean egingo dituzte, 20.30ak arte.


Bihar, baita ere, hildako agenteei omenaldia egingo diete: Karmeldar Oinutsen Monasterioan (San Jose plaza) meza egingo dute. Gainera, erretiroa hartutako polizien lana aintzatesteko ekitaldi bat egingo dute, Beloso komisariako Jose Luis Prieto eraikineko erabilera anitzeko gelan.

Dokumentazioa:
Albiste osoa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa