(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Nafarroako Gobernuak Elizondoko saihesbideko obrak 13 milioi euroren truke kontratatzea baimendu du

astelehena, 2009.eko martxoak 2

Nafarroako Gobernuak, gaurko saioan hartutako akordioan, Laura Alba Cuadrado Herri Lan Departamentuko kontseilariari Elizondoko saihesbideko obrak, Irurita-Elizondo parean, kontratatzeko baimena eman dio, 13 milioi euroren truke.



Obra hau Nafarroako Gobernuaren eta SPRIN sozietate publikoaren arteko lankidetza-hitzarmenean garatutako Errepideak Azeleratzeko Planera bilduta dago, eta gainera, Nafarroa 2012 Planaren barruan sartuta dago, gaur egungo krisi-egoera gainditu eta Nafarroa lehiakortasunaren eta gizarte-aurrerapenen agertokian kokatzeko.


Irurita-Elizondo saihesbidea eraikitzeko proiektuaren xedea gaur egun Elizondoko zeharbidetik igarotzen den trafikoa saihestea da. Obren lizitazio-aurrekontua 13.029.078,02 eurokoa da.


Obran trazadura berriko errepidea egingo da Iruritaren eta Elizondoren iparraldetik, eta 5.800 metro izango ditu guztira. Trazaduraren hasieran, Arraiozeko saihesbidearen amaieran biribilgune bat eraikiko da. Jarraian Iruritako errekastoa gurutzatu eta Oharrizen hegoaldean kokatutako arrain-haztegiari eragin gabe, NA-4405 gainetik gurutzatuko du. Errepide horrek gaur egungo N-121-B Oharriz hiri-nukleoarekin lotzen du.


Trazadurak trenbide zaharraren plataforma aprobetxatzen du. Baztan ibaira iristean, bidezubi baten bidez zeharkatuko du, eta hortik iparraldera egingo du, eta NA-4405 eta NA-4403 berriro zeharkatuko ditu; azken hori zeharkatzeko biribilgune bat eraikiko da.


Ondoren, Bordatxuri muinoa zeharkatu ondoren, Elizondon sartzeko biribilgune bat proiektatu da. Biribilgune horretatik aurrera planeamenduan ezarritako gainerako bideak abiatuko dira.


Saihesbideak Elizondoko eta Elbeteko hiri-nukleoak iparraldetik inguratuko ditu, azken herri horretako hilerria gaindituz. 4+350 kilometro-puntuan Elbeten sartzeko biribilgunea ezarri da, eta saihesbidea N-121-B errepidearekin lotzen duen biribilgune batean amaitzen da.


Saihesbideak 7 metroko galtzada, 3,5 m-ko bi errei, 1,50 m-ko bazterbideak eta 0,50 metroko bermak izango ditu. Bestalde, biribilguneek 8 metroko zabalerako eraztun-itxurako galtzada, 1,50 metroko kanpoko bazterbideak eta metro 1eko barruko bazterbideak dituzte, eta horien kanpoan 0,50 metroko berma kokatuko da.


Guztira, proiektuan 6 biribilgune, 4 bidezubi eta errepidearen azpitik 4 pasabide eraikitzea aurreikusi da.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa