(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago


Onartu dute 2009ko lan eskaintza publikoa: 1.189 lanpostu eskainiko dituzte

asteartea, 2009.eko martxoak 3

Deialdiaren helburuetako bat da behin-behinekotasun estrukturala %8ra jaistea, Caballero presidentordeak eta Maria Kutz Osasun kontseilariak esan dutenaren arabera



Nafarroako Gobernuak atzoko bileran onartu zuen 2009ko Lan Eskaintza Publikoa (LEP): Foru Administrazioan eta erakunde autonomoetan 1.189 lanpostu eskainiko dituzte. Helburua da 2009ko LEPko lanpostuak eta orain indarrean dauden LEPetako lanpostuak betetakoan behin-behinekotasun estrukturala %23tik %8ra jaistea. Hori esan dute gaur, prentsaurrekoan, Javier Caballero Martinez lehen presidenteorde eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak eta Maria Kutz Peironcely Osasun kontseilariak.


Lanpostuen eta mailen zerrenda Nafarroako Gobernuaren web atarian (www.navarra.es) eta LEP berria jasotzen duen Foru Dekretuan daude eskura; Foru Dekretua laster argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.


Lan Eskaintza Publiko honek badu zerbait berria: Gobernuak ingeleseko probak eta erabiltzaile mailako ofimatikako probak sartu ditu aukeraketa prozesuetan; hori, Nafarroa Nazioartekotzeko Planaren eta Administrazio Elektronikorako Esparruaren arabera. Proba horiek egingo dituzte, batik bat, A eta B mailako lanpostuetarako deialdietan. Ez dira baztertzaileak izango eta gehieneko puntuazioa hau izango da: ingelesean %10 eta ofimatikan beste %10, aukeraketa prozesurako ezarritako puntuazio osotik.


Izan ere, Nafarroako Gobernuaren asmoa da Foru Administrazioko langileek nazioarteko hizkuntza profila edukitzea eta ofimatikako tresnak erabiltzen jakitea, administrazio elektronikoan aurrera egite aldera.


Dauden lanpostuetatik %5 dira %33ko urritasuna edo handiagoa duten pertsonentzat. Kopuru horretatik %20 dira adimen urritasun arina edo neurritsua dutenentzat; 2009ko Aurrekontuen Foru Legean sartutako berritasuna da hori. Horrez gain, urritasunak dituzten hautagaiei aukeraketa probetan denbora eta bitartekoak egokitzeko premia jaso dute, lehenbizikoz.


2009ko LEPko 1.189 lanpostuei gehitu behar zaizkie Hezkuntzako irakasleentzako 600 lanpostu, abendura aurreratutako deialdikoak. Gainera, aurreko LEPetatik 1.820 daude bideratuta. Guztira, beraz, Nafarroako Gobernuak 3.616 lanpostu egonkortuko ditu. Alde horretatik, 2009ko LEP onartu eta deialdia egin bitartean hutsik geratzen diren lanpostuak ere kontatu behar dira.


Nafarroako Gobernuak, 2008ko abenduaren 31n, 24.075 langile zeuzkan, %64 finkoak (15.445 langile). Langile guztien %13, hau da, 3.130 pertsona, aldi baterako kontratatuta zeuden, honako arrazoiengatik: bajak, baimenak, erreserbak, zerbitzu bereziak, osasun arloko langileen oporrak, e.a. Huts horiek, izan ere, ezin dira langile finkoekin bete. Langileen %23, hau da, 5.500 pertsona, plaza estrukturaletan zeuden, aldi baterako langile gisa. Bideratuta dauden LEPei esker, behin-behinekotasunari 15 puntu kenduko zaizkio eta %8ra jaitsiko da, Nafarroako Gobernuaren aurreikuspenen arabera.


2009ko LEParen xehetasunak


2009ko LEPan eskainiko diren lanpostuetatik 885 osasun arlokoak dira (315 medikuentzako), 226 administrazio nagusikoak eta 108 hezkuntza arlokoak. Gauzak horrela, lanpostu hauek dira nabarmentzekoak: 216 mediku espezialista, lehen mailako arretako 45 mediku, 22 pediatra, 176 OLT/EUD, 195 administrari laguntzaile, erizaintzako 87 laguntzaile eta 45 atezain.


Mailei dagokienez, 1.189 lanpostuetatik 361 A mailakoak dira (lizentziatuak), horietatik 320 osasun arlokoak, 37 administrazio nagusikoak eta 4 hezkuntzakoak. Beste 304 lanpostu B mailakoak dira (unibertsitateko diplomadunak), horietatik 217 osasun arlokoak, 78 administrazio nagusikoak eta 9 hezkuntzakoak; 97 lanpostu C mailakoak (batxilergoa), horietatik 52 osasun arlokoak, 45 administrazio nagusikoak; 350 lanpostu D mailakoak (eskola graduatua), horietatik 210 osasun arlokoak, 52 administrazio nagusikoak eta 88 hezkuntzakoak; eta 77 lanpostu E mailakoak (eskola ziurtagiria), horietatik 56 osasun arlokoak, 14 administrazio nagusikoak eta 7 hezkuntzakoak.


Departamentuka, 855 lanpostu Nafarroako Osasun Zerbitzukoak dira; 108 Hezkuntzakoak; 79 Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentukoak; 64 Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentukoak; 28 Landa Garapena eta Ingurumena Departamentukoak; 12 Berrikuntza, Enpresa eta Enplegukoak; 11 Herri Lanak, Garraioak eta Komunikazioak Departamentukoak; 5 Ekonomia eta Ogasunekoak; 3 Osasun Departamentukoak; 4 Erakundeekiko Harremanetakoak; eta 3 Toki Administraziokoak.


Lanpostu motei dagokienez, 556 plaza hutsak dira (226 administrazio nagusikoak, 222 Nafarroako Osasun Zerbitzukoak eta 108 Hezkuntzakoak), 436 Nafarroako Osasun Zerbitzuan enplegu estrukturala gutxitzeko lanpostu berriak, eta 197 Zerbitzu horretan bertan itxarote-zerrendak gutxitzeko plaza berriak. Kutz kontseilariak esan du LEPan osasun arloko lanpostu "ugari" daudela eta helburua dela langileak egonkortzea, batik bat medikuen taldea. Zentroka, LEPak 207 lanpostu egonkortuko ditu Nafarroako Ospitalean, 206 Virgen del Camino Ospitalean, 109 Tuterako Reina Sofia Ospitalean eta 72 Lizarrako Garcia Orcoyen Ospitalean.

Dokumentazioa:
Resumen OPE por niveles y plazas
Presentación OPE 2009

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa