Castellano | Euskara | Français | English
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Nafarroako Gobernuak eta Red Electrica de España enpresak garraio instalazio berriak egitea adostu dute
asteartea, 2009.eko martxoak 10Energia berriztagarriaren sorkuntza %30 handituko duen lankidetza protokoloa sinatu baino lehen, Muru Artederretako azpiestazio berria inauguratu dute
(
irudia handitu
)
Gaur eguerdian, Nafarroako Gobernuko presidente Miguel Sanz Sesmak eta Red Electrica de España enpresako presidente Luis Atienza Sernak jarduera protokolo bat sinatu dute Nafarroako Jauregian. Era horretan, bi alderdiek hitz eman dute elkarlanean arituko direla argindarra garraiatzeko instalazio berriak egiteko, ahalik eta lasterren. Alde horretatik, sistemaren ahalmena hobetzen duten instalazioak garatuko dituzte , erregimen bereziko sorkuntza handiagoa izan dadin Nafarroan. Zehazki, 2016rako energia berriztagarriaren sorkuntza 1.536 Mw-ekoa izango da; orain 1.088 Mw daude instalatuta.
(
irudia handitu
)
Orobat, Nafarroako Gobernuak eta Red Electrica de España enpresak beste konpromiso bat hartu dute: enpresak Nafarroako argindarraren garraio sarean eraiki behar dituen instalazioak (unean-unean indarrean dagoen plangintzan jasotakoak, batik bat Nafarroako Gobernuaren esku daudenak) baimentzeko izapide administratiboak koordinatzea eta sustatzea.
Protokoloa sinatu aurretik, Nafarroako Gobernuko eta Red Electrica de España enpresako presidenteak Muru Artederretako azpiestazio berriaren inaugurazio ekitaldira bertaratu dira. Instalazio horren helburuak hauek dira: lehenik, Iruñako eremuko banaketa sareari 400 Kw gehitzea, garraio saretik, eta sarea handitzea (era horretan argindar horniketa fidagarriagoa, seguruagoa eta hobea izango da); bigarrenik, eremuko instalazioetan sortzen den energia berriztagarria garraio sarera lotzeko aukera ematea, batik bat energia eolikoa; hirugarrenik, Aragoiko, Nafarroako eta EAEko garraio sarea sendotzea; eta azkenik, Nafarroan oro har sortutako energia garraio sarera lotzeko aukera ematea.
Aipatu azpiestazioa Ministerioak onartutako plangintzan dago jasoa. Plangintzak honako helburu hauek ditu: garraio sarea sendotzea, kantabriar erlaitza zeharkatzen duen iparraldeko ardatzean lanean jarraitzea eta Nafarroan, batik bat Iruñan, horniketa bermatzea. Azpiestazioko instalazioei esker, gainera, han sortutako erregimen bereziko energia bideratu daiteke; energia sortzen da, batez ere, San Esteban I, San Esteban II, Etxague eta Alaitz parke eolikoetan. Lau parke eoliko horien potentzia 102,93 Mw-ekoa da.
Muru Artederretako azpiestazioan bi parke daude, bat 400 Kw-ekoa eta bestea 220 Kw-ekoa. Azpiestazioaren ondoan parke bat eraiki dute, sustatzaile eolikoena.
Horrez gain, zirkuitu bikoizteko linea bat egin dute, 400 Kw eta 60 kilometro luzekoa; linea horrek Castejongo eta Muru Artederretako azpiestazioak lotzen ditu. Gainera, dagoen azpiestazioa handitu dute (400 Kw-eko parke bakarra dago), zirkuitu bikoitza azpiestazioan sartzeko. Azpiestazioaren ondoan ziklo baterako zentralak eraiki dituzte eta zentral horietan sortzen den energia azpiestazioa medio lotzen da garraio sarearekin.