(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Gobernuak inbertsioak egiten lagunduko die Nafarroako Kanaleko nekazariei, lursailetan ureztaketa instalazioak jar ditzaten asteartea, 2009.eko apirilak 7

Neurri berriak adostu dituzte Nafarroako Kanaleko Ureztatzaileen Elkarte Nagusiarekin eta UAGN nekazari elkartearekin


Parcela de regadío

El Gobierno de Navarra dará facilidades a los agricultores para la instalación de regadíos. ( irudia handitu )

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Begoña Sanzberro Iturririak jakinarazi du, prentsaurrekoan, hainbat ekimen jarri dituztela abian Nafarroako Kanaleko eremu ureztagarriko nekazariei inbertsioak egiten laguntzeko. Neurri berriak adostu dituzte Nafarroako Kanaleko Ureztatzaileen Elkarte Nagusiarekin eta UAGN nekazari elkartearekin. Erakunde horietako presidenteak, Santiago de Esteban de Esteban eta Joaquin Iriarte Ayestaran, hurrenez hurren, kontseilariarekin izan dira prentsaurrekoan.

Nafarroako Kanaleko eremu ureztagarria abian jartzeko lursailetan ureztaketa instalazioak jarri behar dira. Instalazio horiek jartzeko inbertsioa nekazariek egin behar dute: hektareako 3.000 eta 5.000 euro bitarteko gastua egin beharko dute, ureztaketa sistemaren arabera. Kontuan hartuta Nafarroako Kanalaren lehen fasean 23.600 hektarea ureztatuko direla, lursailak ureztatzeko sistemak instalatzeko nekazariek 100 milioi inguru inbertitu beharko dituzte.

Nekazariei laguntze aldera, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak diru-laguntzak emango ditu, gastuaren %30 eta %55 bitartekoak (urtean 9 milioi euro inguru). Gainerakoa nekazariek jarri beharko dute. Nafarroako nekazaritza elikagaien sektorearen etorkizunerako inbertsio estrategikoa denez, Nafarroako Gobernuak neurri gehiago jarriko ditu.

Malgutasun gehiago eta inbertitzeko laguntzak

Hasteko, ureztatzaileek ureztaketarako laguntzak jasotzeko daukaten epea 3 urtera luzatu dute. Orain arte, inbertsioak bi urtean egin behar zituzten, gehienez, lursaila ureztatzeko jarritako egunetik kontatzen hasita. Alde horretatik, epe berriak atzeraeragina dauka bi urteko epe hori bukatu zaien sektoreentzat. Berritasun gisa, epe hori izango dute, baita ere, alboko lursailak eskuratu eta ureztaketa unitatea handitu nahi duten nekazariek. Guztiek, beraz, hiru urteko epea daukate.

Aldi berean, Riegos de Navarra SA enpresari eskumena eman zaio lursailerako instalazioen sustatzaile izan dadin. Beraz, Riegos de Navarra enpresak kontratatuko ditu obrak, nekazarien izenean. Era horretan, nekazariek ez dute aurreratu edo finantzatu behar Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuaren diru-laguntzatik dagokien partea, diru-laguntza hori kobratzeko eskubidea Riegos de Navarra enpresari ematen baitiote.

Aurreikusi dute, baita ere, Riegos de Navarra SA nekazarien abal emaile izatea finantza erakundeen aurrean, behin Ekonomia eta Ogasun Departamentuak ahalduntzen duenean. Sozietate publiko horrek bermatu ahal izango du nekazariak diru-laguntzaz apartekoa ordaintzeko eskatzen duen maileguaren %50, gehienez.

Azkenik, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentua Nafarroan kreditu ildo berri bat jartzeko lanean ari da Ingurumen, Landa Eremu eta Itsas Ministerioarekin eta Kreditu Ofizialeko Institutuarekin (KOI). Helburua da lursailetan ekipamenduak jartzeko inbertsioak KOIren bitartez finantzatzea, amortizazio epe luzeekin (30 urte) eta gabealdi abantailatsuekin. Kreditu ildo hori 2010ean martxan egongo da, seguru asko, orduan berrituko baitute hitzarmena Ingurumen, Landa Eremu eta Itsas Ministerioak eta KOIk.

Gehiago irakurri:

Ikusten ari den informazioa Nafarroako Gobernuak emandako prentsa-ohar osoaren bertsio bat da, online komunikabiderako egokitua.

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa