Ikusi egun honetako albiste gehiago
Foru Komunitateko langabeziaren hazkundea gelditu egin da apirilean; hilabete horretan 148 pertsona gelditu dira lanik gabe
asteartea, 2009.eko maiatzak 5
Nafarroa da langabeziaren hazkunderik txikiena (%0,39) izan duen autonomia-erkidegoetako bat. Espainia osoan %1,09 hazi da
Langabezia aurreko hilabeteetan baino gutxiago hazi da.
Langabeziaren hazkundea apirilean gelditu egin zen Foru Komunitatean. Hilabete horretan 148 pertsona gelditu ziren lanik gabe (%0,39ko hazkundea) eta, beraz, gaur egun 38.459 langabe daude. Langabeziak behera egin zuen gazteen eta etorkinen artean, industrian eta nekazaritzan. Nafarroa da langabeziaren hazkunderik txikiena izan duen autonomia-erkidegoetako bat, hazkundea %0,39koa izan baita, eta Espainia osoan, %1,09koa.
Imelda Lorea Nafarroako Gobernuko Lan zuzendari nagusiak azpimarratu duen moduan, apirilean “otsailean eta martxoan izandako langabeziaren hazkundearen moteltze-joera baieztatu da, baina langabeziak gora egin du, eta hori negatiboa da beti, egoera horrek dakarren drama pertsonal eta familia-dramari begira”. Era berean, zuzendariaren esanetan, apirilean lanik gabe gelditu direnak aurretik lanik egin ez duten pertsonak dira, lan-merkatuan lehenengoz sartu direnak, 150 pertsona inguru.
Zuzendari nagusiak biztanleria-sektore eta sektore ekonomiko batzuetan enpleguak izandako jokabide ona ere aipatu du. 129 gaztek eta 9 etorkinek lana lortu dute. Industriak eta nekazaritzak ere jokabide ona erakutsi dute, lehenengoak 82 pertsona hartu baititu, eta bigarrenak 18 langile.
Apirilean egindako kontratuak 1.034 izan ziren guztira, hau da %7,49 egin dute gora. Gizarte Segurantzako afiliazioa 268.352 pertsonakoa izan zen, hau da, 42 pertsona gutxiago, %0,02ko beherakada..
Enplegu-agentzien arabera, langabeziak behera egin du Lodosan (%7,16), Tafallan (%3,61), Donezteben (%3,24), Lizarran (%1,07) eta Agoitzen (%0,77). Altsasun (%4,27), Tuteran (%1,73) eta Iruñan (%1,13) gora egin du.
Jarduera ekonomikoaren azpisektoreen arabera, hurrengo hauetan egin du gora batez ere: jarduera ekonomikorik gabe (aurretik lanik egiten ez zuen kolektiboa); eraikinen eraikuntza; segurtasun- eta ikerketa-jarduerak; bestelako jarduera profesional, zientifiko eta teknikoak; motordun ibilgailuen eta motozikleten salmenta eta konponketa, eta produktu metalikoen fabrikazioa, makineria eta ekipoa izan ezik. Eta hurrengo hauetan egin du behera: enpleguarekin lotutako jarduerak; elikaduraren industria; eraikuntza espezializatuko jarduerak; motordun ibilgailuen, atoien eta erdi-atoien fabrikazioa, eta hezkuntza.
Sexuen arabera, 19.050 emakume eta 19.409 gizon lanik gabe daude. Aurreko hilabetearekin alderatuta, %0,03 eta %0,74 egin du gora, hurrenez hurren.
Adin-taldeen arabera, 5.054 langabe 25 urtetik beherakoak dira (aurreko hilabetearekin alderatuta %2,49 egin du behera) eta 33.405 25 urtetik gorakoak dira (aurreko hilabetearekin alderatuta, %0,84 egin du gora).
2008ko apirilarekin alderatuz gero, 15.491 langabe daude balio absolutuetan, hau da, %67,45 balio erlatiboetan.