(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Etxebizitza babestua erosteko baremo berrian alokairuak, aurrezkiak eta zergak Nafarroan ordaintzeak lehentasuna izango dute ostirala, 2009.eko maiatzak 22

Etxebizitzarako Eskubidearen Foru Legeak esleipen-sistema aldatuko du, eskatzaileen errolda eginda


BOE Cordovillan

Etxebizitza Legearen aurreproiektuak parte-hartze prozesua izango du. ( irudia handitu )

Carlos Esparza Sáez Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Etxebizitzarako Eskubidearen Foru Legearen aurreproiektua aurkeztu du gaur. Berrikuntzen artean, besteak beste, salerosketako baremo bakarra Arartekoaren eta beste kolektibo batzuen iradokizunetara egokituko da, eta beraz, alokairuari, etxebizitza-kontuaren antzinatasunari eta Nafarroan egindako tributazio-urteei lehentasuna emango zaie. 

Aitzitik, ez dira zigortuko Foru Komunitateko erroldatzea ikasketa- edo lan-arrazoiengatik eteten dutenak, eta eskatzaileen adinari lotutako puntuazioak ezabatu dira. Horrez gain, baremo berrian banantzearen, dibortzioaren edo bikote egonkorra desegin ondoren familia-, ekonomia- eta etxebizitza-egoera aldatu duten kolektiboei arreta berezia eskainiko zaie. Seme-alabek puntuak izango dituzte, eskatzailearekin bizi ez arren.

Beste berrikuntza bat kanpaina zehatzen bidez egindako deialdi publikoak desagertzea da. Nafarroako Gobernuak, VINSA sozietate publikoaren bidez, etxebizitza babestuak eskatzaileen erroldan izena emanda duten pertsonei esleituko dizkie. Izen-ematea lau urterik behin berrituko da, baina interesdunek baremazioan eragina duten aldaketa pertsonal, ekonomiko eta familiarren berri eman behar dute, gehienez ere, aldaketa horiek gertatu eta bi hilabeteko epean; halakorik egiten ez badute, erroldatik kanpo gera daitezke. Eskatzaileek lehentasun geografikoak eta tipologia-lehentasunak adierazi ditzakete.

Sustatutako etxebizitza babestuak ez dira kanpaina zehatzen edo iragarkien bidez esleituko. Horren ordez, VINSAk erroldara joko du urtean lau aldiz: martxoaren 1ean, ekainaren 1ean, irailaren 1ean eta abenduaren 1ean. Esleipena prozesua hasi baino bi hilabete arinago izena emanda dutenen artean egingo da. 

Aurreproiektua Nafarroako Alderdi Sozialistarekin adostu da. Testu horretan, etxebizitza babestua lortzeko gutxieneko diru-sarrerak handitu eta gehienekoak murriztu dira; etxebizitza horiek Babes Ofizialeko Etxebizitzak (BOE) edo Prezio Tasatuko Etxebizitzak (PTE) soilik izan daitezke; kontrol-araubidea gogortu da, eta alokairua sustatzeko neurriak ezarri dira, besteak beste.

Nafarroako Gobernuak onetsi eta Parlamentura igorri aurretik, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak parte-hartze publikorako aldia irekiko du.

Kontseilariak prentsaurrekoan esan duenez, testua gaur bertan bidaliko zaie Foru Komunitateko eragile politiko, sozial eta ekonomikoei, “Nafarroako gizartean adostasun albait handiena duen legea lortzeko”. Horrez gain, lehenengoz, parte-hartzeko prozesua herritarrei ere irekita egongo da. Herritarrek iradokizunak posta elektroniko honetara bidal ditzakete: nueva.ley.vivienda@navarra.es. Epea 15 egunekoa da, eta aurreproiektua Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren web orrian argitaratuta dago.

Ekarpen guztiak kontuan hartuta, Foru Legearen proiektua idatziko da, eta PSNrekin ere adostuko da. Aurreproiektua aurrekontu-bazkidearekin urtearen hasieran adostu zen, baina neurri batzuk Parlamentuko osoko bilkurak datorren maiatzaren 28an onetsiko duen Etxebizitza eta Hirigintza arloko Presako Neurriei buruzko Foru Legearen bidez aurreratu ziren. 

Neurri berri honen bidez, Nafarroako Gobernuak Foru Komunitatean etxebizitza duina eta egokia izateko eskubidea bermatu nahi du, Konstituzioaren 47. artikuluan ezarritakoaren arabera. Horretarako, arauak etxebizitza babestuaren eskaintza arautuko du, herritarren benetako beharrizanetara albait gehien egokitu dadin: esleitzeko betekizunak, kontrola, eraikinaren kalitatea sustatzea, etab.

Carlos Esparza kontseilariak azpimarratu duenez, lege honen bidez, aurreko legegintzaldian onetsitako Nafarroan etxebizitzari babes publikoa emateari buruzko Foru Legeak bere garaian lortu zituen aurrerapenak "hobetu" nahi dira. Foru Lege hori "mugarria izan zen Espainian, eta gaur egun beste autonomia-erkidego batzuetan erdietsi ez diren erreferenteak ditu, hala nola baremo bakarra, etxebizitza esleitzeko metodo objektibo eta gardena, esleipenetan nahierakeria baztertu zuena, eta hirigintza-planeamenduetan etxebizitzen %50 etxebizitza babestura bideratzeko eskakizuna”.

Izatez, gaur aurkeztutako lege-aurreproiektuak azken gai hori sakondu egiten du eta etxebizitza babestuaren gutxieneko estandarra %70era handitu du Iruñerrian. Lurraldearen gainerako inguruetan %50eko estandarrari eutsi zaio.

Jabetzako etxebizitza eta kalifikazio mugagabea

Aurreproiektuak sei titulu ditu. Lehenengoan xedapen orokorrak jorratu dira, eta bigarrenean etxebizitza babestuaren kontzeptua, ezaugarriak eta tipologia eta etxebizitza arloko sustapen-jarduera publikoa zehaztu dira. Hirugarrenean etxebizitza babestua eskuratzeko baldintzak ezarri dira; laugarrenean, etxebizitzen eraikitze-, kontserbazio- eta mantentze-baldintzak; bosgarrenean etxebizitzei buruzko informazio- eta publizitate-prozesuak arautzen dira; eta seigarrenean, kontrol-sistemak eta iruzurraren prebentzioa.

Lehenengo eta behin, aurreproiektuan etxebizitza babestuen babes-araubideak iraupen mugagabea duela ezarri da, salerosten direnen zein alokatzen direnen kasuan, kalifikazio-eskaera Foru Legea indarrean jarri eta gero egiten bada (2004tik 30 urte ziren). Ez zegoen deskalifikazio aurreratua egiteko aukerarik, salbu eta etxebizitza desegokia izateagatik aldaketa egiten zenean, gaur egun ere indarrean dagoen kasua. Terrorismoaren biktimentzako ere erraztasunak ematen dira.

Horrez gain, araubide berezia eta orokorra ezabatu dira, baita Prezio Itunduko Etxebizitzak ere. Hori dela eta, aurrerantzean Babes Ofizialeko Etxebizitzak (BOE) eta Prezio Tasatuko Etxebizitzak (PTE) soilik egongo dira. Esparzak azaldu duenez, neurri horren bidez "gizarte-kohesio handiagoa" eta "etxebizitzen eraikuntzan kalitate handiagoa" lortu nahi dira. Horrez gain, araubide berezia kentzea konpentsatzeko, errenta txikienak dituzten eskuratzaileen kasuan diru-laguntzak handituko dira. Prezio itunduko etxebizitzak ez ziren erakargarriak eskatzaileentzat.

Gehiago irakurri:

Ikusten ari den informazioa Nafarroako Gobernuak emandako prentsa-ohar osoaren bertsio bat da, online komunikabiderako egokitua.

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa
Anteproyecto Ley Foral del Derecho a la Vivienda

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa