Ikusi egun honetako albiste gehiago
Mugez gaindiko hamar lankidetza proiektu onartu dituzte; proiektuek hiru milioi euro jasoko dituzte
asteazkena, 2009.eko uztailak 22
Nafarroako Gobernuko ordezkariak Espainiak, Frantziak eta Andorrak parte hartzen duten programaren segimendu batzordean egon dira orain dela gutxi
EBZN, diru-laguntzak jasoko dituzten zentroetako bat.
Aurkeztutako hamasei proiektuetatik hamar onartu dituzte, Espainia, Frantzia eta Andorraren arteko Mugez Bestaldeko Lankidetza Programaren (EFAMBLP) 2007-2013 denboraldirako lehen laguntza deialdian. Proiektuek 2.993.561 euro jasoko dituzte FEDER programaren bitartez.
Programa horren barruan, proiektuak aurkezteko bigarren txandan (martxoan amaitu zen), 18 proiektu aurkeztu dituzte eta urte amaierarako programatuko dira, seguru asko.
Lehen deialdia amaitzeko eta bigarrena berrikusteko asmoarekin, Nafarroako Gobernuko ordezkariak segimendu eta programazio batzordeen bileretan izan ziren orain dela gutxi, Jakan. Izan ere, Nafarroako Gobernua Gestio Agintaritzaren barruan dago, Europar Ekintzaren bitartez. Batzordeetan, Espainiako eta Frantziako ordezkariez gain, Europako ekimen horren onuradun diren Espainiako erkidegoetako eta Frantziako barruti eta eskualdeetako ordezkariek ere parte hartzen dute: Espainiaren aldetik, Nafarroa, Aragoi, Katalunia, Errioxa eta Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkariek; eta Frantziaren aldetik, Midi-Pyrénées, Aquitaine eta Languedoc Roussillon eskualdeetako ordezkariek.
EFAMBLP programak FEDER funtseko diru-laguntzak jasotzen ditu eta diru-laguntza horien bitartez proiektuetako inbertsioen %65 finantzatzen da. Mugak gainditzen dituen lankidetza programa bat denez, proiektu guztietan herrialde mugakideetako bazkide batek parte hartu behar du, gutxienez. Azkeneko edizioan, proiektuek programako hiru ardatzetako bat izan dute oinarri: mugez gaindiko integrazioa indartzea, ekonomia jardueren, berrikuntzaren eta giza kapitalaren bateragarritasuna sendotuz; lurraldeei eta ondare natural eta kulturalei balioa ematea, eramangarritasuna kontuan hartuta; eta, azkenik, biztanleen bizi baldintzak hobetzea. Zehazki, Nafarroako Gobernuak sustatutako proiektuak lehen bi ardatzen ingurukoak ziren: medikuntzaren, ingurumenaren eta hondakin organikoen arloko ikerketa eta garapena; energia sektoreko prestakuntza eta garapen ekonomikoa; Nafarroan turismo eramangarria sustatzea; eta lurralde naturalari balioa ematea.
Hona hemen FEDER funtsen laguntzak jasoko dituzten hamar proiektu nafarrak: ENECO, Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroa Fundazioa (NIABZ) eta LASEME; VOLTOURIS, Gestión Ambiental, Viveros y Repoblaciones de Navarra (GAVRN); FLUXPYR, Nafarroako Unibertsitate Publikoa; BIDUR-Gestión Ambiental, Viveros y Repoblaciones de Navarra (GAVRN); DOVAREC II-Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala (EBZN); CTTIL-Medikuntzako Ikerketa Aplikaturako Fundazioa (MIAF); FER-GIR, Gestión Ambiental, Viveros y Repoblaciones de Navarra, Instituto Técnico y de Gestión Ganadero SA, eta Instituto Técnico y de Gestión Agrícola (ITG); GALLIPYR, Gestión Ambiental, Viveros y Repoblaciones de Navarra; REMAR, L’Urederra, Nafarroako Industri Elkartea (NIE) eta Energia Berriztagarrien Zentro Nazionaleko Fundazioa (EBZN-EITIZ), eta MET-MANO, Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP).
Begien bistakoa denez, proiektuetan erakunde publiko eta pribatuek parte hartzen dute: Nafarroako Gobernuko departamentuek, Udalek, unibertsitateek, medikuntza zentroek eta hainbat arlotako elkarteek. Gainera, onartutako bost proiektutan Nafarroako partaideak aitzindariak dira.