Ikusi egun honetako albiste gehiago
2009ko bigarren hiruhilekoko BAIren arabera, 5.900 langabe gehiago daude
ostirala, 2009.eko uztailak 24
Nafarroa, Madrilekin batera, Espainia osoan enplegu-tasarik handiena duen autonomia-erkidegoa da, %67,07rekin
2009ko bigarren hiruhilekoko Biztanleria Aktiboaren Inkestako datuen arabera, 5.900 langabe gehiago daude, batez ere lehenengo enplegua bilatzen ari diren pertsonen kopuruak gora egin duelako (3.700); kopuru hori Espainia osoan hirugarren handiena da. Horrez gain, eraikuntzaren eta zerbitzuen sektoreetan langabeen kopuruak gora egin du, nazioan ez bezala, eraikuntzako langabeziak behera egin baitu eta sektore turistikoan ere beherakada nabaritu baita. Era berean, gazteen kopuruak gora egin du. Foru Komunitatean 38.300 langabe daude, %12,23; 19.700 gizonezkoak dira eta 18.600 emakumezkoak.
Bestalde, BAIren arabera, Nafarroan 3.500 okupatu gutxiago daude, batez ere erakuntzaren eta zerbitzuen sektoreetan (2.900 eta 3.500 hurrenez hurren). Hala ere, hiruhileko honetan, industria-sektorean okupatutakoen kopuruak gora egin du (3.100 pertsona).
Nafarroa da langabeziak familia-unitateetan eragin txikiena duen autonomia-erkidegoa (aktibo guztiak langabezian dituzten etxebizitzen ehunekoa). Horrek esan nahi du Nafarroan gizarte-bazterketa gertatzeko arrisku txikiagoa dagoela, familietan enplegu-estaldura handiagoa dagoelako.
Amaitzeko, 2009ko bigarren hiruhilekoko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuei erreparatuz, Nafarroa, Madrilekin batera, Espainian enplegu-tasarik handiena duen autonomia-erkidegoa dela ondorioztatzen da (%67,07).
Datu horiek ikusita, José María Roig Aldasoro Berrikuntza, Enpresa eta Lan kontseilariaren arabera, “Nafarroak krisi ekonomiko sakonaren ondorioak jasaten jarraitzen du”.
Lehenengo enplegua bilatzen ari diren pertsona langabeei dagokienez, kontseilariak adierazi du krisiaren inguruan dagoen ziurgabetasuna dela-eta, orain arte lan-merkatuan ez zeuden pertsonak, batez ere gazteak eta emakumeak, enplegua bilatzeko ahalegina egiten ari direla, langabeziak haien inguruan ondorio larririk izan ez dezan.
Edonola ere, Roig kontseilariak gogorarazi duenez, “zorionez, Nafarroako etxebizitzek enpleguaren maila onargarria dute eta alderdi horri dagokionez, Espainian kokapenik onena dutenak dira”.
Amaitzeko, Nafarroako Gobernuko enplegu-arduradunaren esanetan, industria-sektorean enpleguak duen portaera ona eta joan den hilabetean langabezian ikusitako berreskuratze txikia kontuan hartuta, ziurrenik datozen hilabeteetan langabeziaren datu makur horiek leundu egingo dira.
- Dokumentazioa:
- Audioa
- Bideoa
- 2009ko bigarren hiruhilekoko BAI