Ikusi egun honetako albiste gehiago
Nafarroako Gobernuak 400.000 euroko diru-laguntza eman dio Enpresak Dibertsifikatzeko Nafarroako Fundazioari
astelehena, 2009.eko uztailak 27
Diru-laguntza erabiliko dute Moderna Planeko 2009ko eta 2010eko partaidetza finantzatzeko
Gaurko bileran, Nafarroako Gobernuak baimena eman dio Politika eta Sustapen Ekonomikoko zuzendari nagusiari gastu konpromiso bat hartzeko, Enpresak Dibertsifikatzeko Nafarroako Fundazioari 400.000 euroko diru-laguntza emate aldera. Zenbateko hori erabiliko dute Moderna Planeko 2009ko eta 2010eko partaidetza finantzatzeko. Plan horretan datozen hamarkadetarako garapen ekonomikoaren eredu berria ezarriko dute.
Diru-laguntza emango dute Nafarroako Gobernuak Enpresak Dibertsifikatzeko Nafarroako Fundazioarekin eta Nafarroako Berrikuntza Agentziarekin sinatuko duen hitzarmenaren esparruan; hitzarmena sinatuko dute Moderna Planeko jarduera planak garatzeko fasea gauzatzeko. Diru-laguntza erabiliko dute, hain zuzen, Fundazioak lankidetza hitzarmen horretan egingo dituen jardueren %50 finantzatzeko; jarduerak izango dira, hain zuzen, azterlanak egitea, mahai sektorialak antolatzea eta adituak kontratatzea, besteak beste.
Hitzarmen horri esker, hiru erakundeek Nafarroan garapen ekonomikorako eredu berria ezartze aldera elkarrekin egiten ari diren lanari eutsiko diote. Izan ere, Moderna Planaren diagnostikorako fasea gauzatzeko elkarlan hitzarmen bat sinatu zuten. Orduan, Nafarroako Gobernuak 200.000 euroko diru-laguntza eman zion Enpresak Dibertsifikatzeko Nafarroako Fundazioari.
Fundazioa erakunde pribatua da eta Foru Erkidegoan enpresak garatzeko eredu berri bat sustatzea du helburu. Eredu horren oinarriak izango dira, batetik, enpresa nafarrak pixkanaka merkatuko aldaketei egokitzea; eta bestetik, etorkizunerako jarduera sektoreak eta ekimen estrategikoak bilatzea eta erkidegoko gizarte, prestakuntza eta enpresa errealitateari ondoen egokituta daudenak aukeratzea.
Fundazioa Nafarroako Enpresa Ehuna Dibertsifikatzeko Planaren fruituetako bat da. Plan hori sustatzen dute Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioak (NEK) eta Nafarroako Industri Elkarteak (NIE). Fundazioa sortu zen, hain zuzen, nazioarteko testuinguruan eta gizarte testuinguru berrian Nafarroako enpresa eta jarduera sektore askoren etorkizunaren gainean kezka handiak zituztelako.