(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Virgen del Camino ospitaleak 2009ko Endokrinologia Pediatrikoko Ikerketa sari nazionala jaso du asteartea, 2009.eko abuztuak 11

Lana diziplina anitzeko ikertzaile talde batek egin du, jaioberrien hipotiroidismoa nola tratatu aztertzeko


Virgen del Camino ospitalea

Virgen del Camino ospitaleak 2009ko Endokrinologia Pediatrikoko Ikerketa sari nazionala jaso du.

Virgen del Camino ospitaleko ikertzaile talde batek jaso du orain gutxi 2009ko Endokrinologia Pediatrikoko Ikerketa saria. Sari hori Espainiako Endokrinologia Pediatrikoko Elkarteak (EEPE) ematen du. Aipatu azterlanaren izenburua da “Jaioberrien hipertirotropinemien fenotipoa, genotipoa eta bilakaera”, eta horixe aztertu dute, hain zuzen, hipotiroidismo azpikiliniko edo jaioberrien behin-behineko hipertirotropinemia esaten zaiona.

Sortzetiko hipotiroidismoa arazo larria da eta jaioberriei eragiten die; hipotiroidismoaren ondorioz garapena atzeratu egiten zaie eta arazo handiak izaten dituzte. Hipotiroidismoa detektatzeko programa bat dago mundu osoan zabaldua: jaioberriei orpotik odola ateratzen diete, jaio eta 48 ordu igaro baino lehen, gero laborategian aztertzeko.

Odolean TSH izeneko hormona maila 10 mU/ml baino handiagoa bada, haurrak hipotiroidismoa eduki dezake. Aipatu hormona maila gaindituz gero, diagnostikoa berretsi behar da; kasu batzuetan diagnostikoa normala izaten da, odol azterketaren emaitza okerra zelako, eta beste batzuetan haurrak sortzetiko hipotiroidismoa daukala baieztatzen dute. Hipotiroidismoa 3.200 jaioberritik batek izaten du. Haurren batek sortzetiko hipotiroidismoa duela baieztatzen badute, gurasoei jakinarazten diete, haurrari hormonak emateko, garapenean arazoak izan ez ditzan.


Virgen del Camino ospitaleko ikertzaile taldeak, beraz, Rotterdameko (Holanda) Erasmus Medical Center erakundearekin batera, 2000. urtetik 2006. urtera ospitalean jaiotako haur guztiekin, hau da, 42.321 haurrekin, egin du azterlana, aipatu baheketa programa medio. Haur horietatik hamahiruk sortzetiko hipotiroidismoa zeukaten; 72 haurrek, ordea, odol analisian hormona maila 10etik gora zeukaten eta diagnostikoa berresterakoan, berriz, 5etik 10era bitartean. Azken haur multzo horri, alta eman beharrean, mediku taldeak segimendua egin zion. Gauzak horrela, 72 haur horietatik 28k hormona dosi txikiak behar izan zituzten eta 23 haurrek nahaste genetikoak zituztela egiaztatu zuten, azterketa genetikoak egin ondoren. 

Berez hormona maila normalak zituzten haur horiek, beraz, mediku taldearen segimenduari eta aurretiko tratamenduari esker, hipotiroidismoak sortzen dituzten arazoak saihestu zituzten. Sortzetiko hipotiroidismoaren gainean munduan dauden lehen datuak dira horiek eta interesgarriak izan daitezke jaioberrientzako baheketa programa hobetzeko.

Egindako lana irailean aurkeztuko dute New Yorken, Endokrinologia Pediatrikoari buruzko munduko biltzarrean. Lana egin dute, hain zuzen, Virgen del Camino ospitaleko Endokrinologia Pediatrikoko ataleko Mirentxu Oyarzabal, Sara Berrade eta Maria Jesus Chueca doktoreek; Nafarroako Ospitaleko Sortzetiko Hipotiroidismoaren Biokimika eta Jaioberritako Prebentzio Zerbitzuko Adriana Rivero doktoreak; eta Nafarroako Unibertsitate Klinikako Azcona doktoreak. Horiez gain, lana sinatu dute, baita ere, Rotterdameko (Holanda) Erasmus Medical Center erakundeko Barne Medikuntza saileko Ventura, Kaptein, Visser eta Moreno doktoreek.
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa