(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak Montxo Armendarizen “Tasio” filmaren 25. urteurrena ospatuko du ostirala, 2009.eko abuztuak 21

Horretarako, antolatu dituzte erakusketa bat, filmaren egileak omentzeko festa bat eta Bakedaon herri bazkaria


Tasio

"Tasio" filmeko fotograma bat.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Ikus-entzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren (NIAZIren) bitartez, Montxo Armendarizen lehen film luzea, “Tasio”, estreinatu zela 25 urte direla ospatuko du, hainbat ekitaldirekin. "Tasio" Nafarroan egin zuen Armendarizek, oso-osorik. Urteurrena ospatzeko erakusketa bat, filmaren egileak omentzeko festa bat eta Bakedaon herri bazkaria antolatu dituzte.

Montxo Armendarizek 1984an zuzendu zuen "Tasio”; ekoizlea Elias Querejeta izan zen. Filmak hogei sari jaso zituen, besteak beste, zilarrezko maskorra, Fipresci saria eta Gipuzkoako Ateneoa saria Donostiako Zinemaldian; sari nagusia Biarritzeko Zinemaldian; eta urrezko plaka berezia Chicagoko Zinemaldian.

NIAZI Fundazioak gogoratu nahi du 25 urte direla “Tasio” Lizarrerrin filmatu eta estreinatu zutela. Horretarako, hainbat ekitaldi antolatu ditu, irailean egiteko: “Tasio 25 urte” erakusketa, filma egin zuen talde tekniko eta artistikoa jendearekin biltzeko festa bat eta herri bazkaria Bakedaon, han egin baitzituzten filmeko zenbait eszena. Gainera, “Cahiers du Cinema” aldizkariak, iraileko gaztelerazko argitalpenerako, urteurrenari buruzko koaderno berezi bat aterako du.

Erakusketa Lizarrako Kultur Etxean egingo da irailaren 5etik 20ra. Han filmaren artxiboko hainbat gauza izango ditugu ikusgai, esaterako: filmazioko argazkiak, gidoia eta story board delakoa, eta lanaren dokumentazioa. Halaber, ikaztegi baten kopia egingo dute, filmaren eszena ezagunenaren filmazioa birsortze aldera. Gainera, erakusketan “Tasio” filma eta “Nafarroako ikazkinak” dokumentala jarriko dituzte; dokumentala Armendarizek egin zuen 1981ean. Orobat, filma egin zuteneko herriak eta estra zein figurante gisa parte hartu zuten herritarrak gogoratuko dituzte.

Erakusketaren ordutegia hau izango da: asteartetik ostiralera 18.30etik 20.30era, larunbatetan 12.00etatik 14.00etara eta 18.30etik 20.30era, eta igande eta jaiegunetan 12.00etatik 14.00etara; astelehenetan itxita egongo da.

Filma egin zuen talde tekniko eta artistikoa omentzeko festa irailaren 5ean egingo dute, arratsaldeko 19.00etan, Lizarrako Golem zinean. Sartzea doakoa izango da; gonbidapenak zineko leihatiletan banatuko dituzte, festa hasi baino ordu bete lehenago. Festarako Kilkarrak antzerki taldea kontratatu dute. Taldeak filmeko eszenak jarriko ditu eta pelikulako protagonistak eta bertaratutako jendea harremanetan jartzen saiatuko da. Han izango dira Elias Querejeta eta Montxo Armendariz. Baita talde artistikoko bi protagonistak, Patxi Bisquert (Tasio) eta Amaia Lasa (Paulina), eta Jose Mari Asin (Luis), Paco Sagarzazu (guarda) eta Txema Blasco (Angel) ere. Horiez gain, Tasio eta Paulina adin desberdinetan nortu zituzten aktoreak bertaratuko dira. Talde teknikoari dagokionez, ekitaldian egongo dira, besteak beste: Jose Ramos Paino (zuzendariaren laguntzailea), Alfredo Mayo (kameralaria) eta Angel Illarramendi (filmeko musikaren egilea). 

Ekitaldiaren helburua da filmean parte hartu zuen jende anonimoari, hau da, Ameskoa eta Lana bailaretako herri hauetako jendeari omenaldia egitea: Artatza, Bakedao, Barindao, Eraul, Lizarra, Eultz, Galdio, Mañeru, Ameskoako Limitaciones mendia, Iribarri, Biloria eta Zudairi. Herri horietan ordurako bazuten zinean eskarmentua, lehenago ere filmak egin zituztelako han: Richard Lesterrek, 1977an, "Robin eta Marian" filmaren eszena batzuk han egin zituen, adibidez. “Tasio” filmaren oinarria, ordea, benetako pertsona bat da: Anastasio Ochoa ikazkina. Gainera, filma jarduera zehatz bati, egur-ikazkintzari, buruzkoa da.

Esan bezala, urteurrena ospatzeko herri bazkaria ere egingo dute, irailaren 6an, Bakedaoko frontoian. Izan ere, pelikularen eszena batzuk han filmatu zituzten. Bazkarirako txartelak jarri dituzte salgai, 25 euroan, Zudairiko eta Eulateko Rural Kutxan eta Nafarroako Aurrezki Kutxan. Bazkaria La Orquestina del Valle musika taldeak girotuko du. Bakedaon jaiak izango dituzte asteburu horretan eta, horregatik, eguna alaitzeko jarduerak egingo dituzte, eguerdiko 12.30etik aurrera. Besteak beste, aspaldiko haur jolasak eta lanbide tradizionalei buruzko azoka bat jarriko dituzte; azokan ikusgai egongo dira, esaterako, ikaztegi bat, txerri hilketarako tresnak, latsariak eta legez kanpoko txankuen erakusketa bat. Halaber, taloak, gazta, odolki zuriak eta lukainkak egiten ikasteko tailerrak egongo dira; baita xaboia egiteko, larrua eta artilea lantzeko eta egurra moldatzeko tailerrak ere. Hori guztia gaitariek eta erraldoi dantzariek alaitua.

NIAZI Fundazioak akordio bat adostu du “Cahiers du Cinema” aldizkariarekin, iraileko argitalpenean filma gogoratzeko eta aztertzeko koaderno berezi bat egin dezaten; koaderno hori Donostiako Zinemaldian banatuko dute. Dossier horretan sartuko dituzte, adibidez, filmaren zuzendariarekin eta taldeko kideekin egindako elkarrizketa bat, filmak estatuko 80. hamarkadako zinearekin eta Europako erro antropologikodun beste pelikula batzuekin duen loturari buruzko azterlan bat, eta Montxo Armendarizen zinearen errepaso bat.

Gainera, Kultura eta Turismo departamentua pelikularen filmazioari buruzko liburu bat prestatzen ari da, irudi eta dokumentu argitaragabeekin.

Dokumentazioa:
Audioa
Bideoa
25 aniversario de "Tasio"

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa