(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Elon establezimendu berri bat ireki dute “Dendak eskura” sarearen barruan osteguna, 2009.eko abuztuak 27

Nafarroako Gobernua 1998tik ari da ekimen hori sustatzen, landa eremuetan dendak jartzeko


Eloko denda

Roig kontseilaria Eloko dendaren inaugurazioan. ( irudia handitu )

Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu arloko kontseilaria, Jose Maria Roig Aldasoro, Elon izan da gaur, “Dendak eskura” sareko establezimendu berri baten inaugurazioan. Ekimen hori 1998tik ari da bultzatzen Nafarroako Gobernua, Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroaren (NEBZ) bitartez. Programaren helburua da landa eremuan, 300 eta 3.000 biztanle arteko herrietan, hain zuzen, merkataritza zerbitzuak sustatzea. Kontseilariarekin batera han egon dira herriko alkatea, Charo Tirapu, NEBZko zuzendari gerentea, Carmen Leza, eta lokalaren sustatzaileak.

Eloko denda berriko arduraduna Cipriana Hernandez da. Establezimendu horrek Nafarroako Gobernuaren babesa jaso du, NEBZ medio; gainera, Cederna-Garalur erakundea ere aritu da proiektuan elkarlanean. Denda berriaren asmoak dira herriaren garapenean modu aktiboan parte hartzea; Nafarroako Pirinioen hegoaldean turismoa, gizartea eta kultura eraikitzen laguntzea; eta Jakako Santiago bidea eta bideak zeharkatzen dituen eremuak indartzea eta ezagutzera ematea.

Elon 289 pertsona bizi ziren 2001ean; orain, berriz, 450 dira. Horrek esan nahi du biztanleriak %8,43 egin duela gora urtetik urtera. Biztanleriak gora egin du, hain zuzen, azken bost urteetan gazte jende asko joan delako hara bizitzera. Horregatik, biztanleen batez besteko adinak behera egin du, 40 urtera. Elora beste zona eta erkidego batzuetako jende asko joaten da oporretara; oporraldietan, beraz, herrian jende gehiago egoten da.

Hala eta guztiz, herriko janari denda txikia eta taberna itxi egin zituzten duela urte bete, eta, ondorioz, herriko eta inguruko jendea tokiko eskaintzarik gabe geratu zen, horniketa premiak asetzeko.

Eloko denda berria Merkatu kaleko 1. zenbakian jarri dute; kale hori Santiago bidearen paraleloan dago. Salmentarako 70 metro koadro dauzka eta saltzeko gai ugari: elikagaiak, edariak, fruta, berdura, txarkuteria, ogia, esnea, esnekiak, eta drogeriako eta perfumeriako produktuak; bazarra ere badu. Dendaren sustatzailearen asmoa da herriko eta dendarik ez duten inguruko herrietako biztanleen premiak betetzea, erosketak egitera kanpora joan ez daitezen.

Gainera, denda tokiko bezeroentzako ez ezik turistentzako ere izango da, bereziki Santiago bidea egiten duten erromesentzako, turismo informaziorako txoko bat baitauka, produktu turistikoekin eta artisau erara egindako bertako eta Nafarroako nekazaritza elikagai tipikoekin. Hori gutxi balitz, kafetegia ere badu: gosariak, pintxoak eta plater konbinatuak emango dituzte.

NEBZak zerbitzu hauek eman dizkio Cipriana Hernandez ekintzaileari: bideragarritasunaren azterketa; lokala diseinatzeko eta antolatzeko aholkularitza; herritarrentzako eta turistentzako produktuak aukeratzeko aholkularitza; produktuen ezarpena saltokian eta merchandising delakoa; establezimendua gestionatzeko oinarrizko aholkularitza; hornitzaileekiko harremana; material turistikoa; poltsa, paper eta materialen hasierako horniketa; eta dendetarako laguntzen gestioa.

Nafarroako Gobernuak 1998an jarri zuen martxan jarduera programa hori, NEBZaren bitartez, bi helbururekin: turismo ahalmena duten landa herrietan dendak ez ixtea eta denda berriak irekitzea, biztanleen bizi kalitatea hobetzeko eta enplegua sortzeko. Programa horretan 56.000 euro jartzen ditu urtero Nafarroako Gobernuak.

Oraingoz, herri hauetan daude "dendak eskura": Acedo, Agoitz, Arantza, Erratzu, Ezkaroze, Igantzi, Izaba, Ororbia, Olatzagutia, Puiu, Mendigorria, Narbarte, Erronkari, Ziordia eta Elo. 

Programaren helburu nagusiak hauek dira: dendak ez ixtea eta merkataritza sektorean lanpostuak ez galtzea; landa eremuetako biztanleen bizi kalitatea hobetzea eta bisitari eta turistei arreta eta zerbitzu hobeak ematea; hainbat ekonomi jarduera sustatzea; landa eremuak jendez ez hustea; emakumeei lan merkatuan sartzen laguntzea; eta denda tradizionaletan berrikuntza komertziala eta gestio modu berriak sustatzea, informatizazio programekin. .

Esan bezala, programa horretako dendak 300 eta 3.000 biztanle arteko herrietan jartzen dituzte eta gutxienez 45 metro koadro eduki behar dituzte. Establezimendu horiek produktu eta zerbitzu sorta jakin bat eskaintzen dute, bezeroen eskarien araberakoa, herritarrak erosketak egitera kanpora joan beharrik izan ez dezaten.

Ekimenean Nafarroako landa eremuren batean denda daukan edo denda jarri nahi duen edonork parte har dezake; herriak, betiere, turismorako ahalmena eduki behar du. Programari esker, dendariek hainbat abantaila dituzte, erabakitzeko ahalmena eta negozioaren izaera galdu gabe.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa