(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroan bizi diren ia etorkin guztiek dakite gaztelaniaz ostirala, 2009.eko abuztuak 28

Etorkinen %99 gai da gaztelaniaz elkarrizketan aritzeko, %95 egunkariak irakurtzeko eta %90 gutunak idazteko


Foru Erkidegoan bizi diren ia etorkin guztiek dakite gaztelaniaz, 2008an etorkinei egindako galdeketaren arabera; galdeketa hori egitea Nafarroako Gobernuak agindu zuen. Azterlanaren arabera, atzerrian jaiotakoen %99,3 gai da gaztelaniaz elkarrizketan aritzeko, %95 egunkariak irakurtzeko eta %90,3 gutunak idazteko. Datuek diote etorkinen "helburu nagusietako bat" gaztelania ikastea dela, errazago integratzen direlako.

Nafarroan bizi diren etorkinen ia erdiaren (%46,6) lehen hizkuntza gaztelania da. Gainera, atzerrian jaiotakoen ia erdiak (%44,7) hizkuntza bat baino gehiago daki. Zehazki, atzerriko etorkinen %26,8 gai da ingelesez elkarrizketan aritzeko, eta %17,9 frantsesez. Halaber, etorkinen %13,3 gai da arabieraz hitz egiteko, %6,6 errusieraz, %3,9 alemanez, eta %1,2 euskaraz eta txineraz. Gainerakoek (%32,6) beste hizkuntza batzuk dakizkite. Txostenaren ondorioetako bat da "Nafarroa hizkuntza aldetik oso aberatsa dela eta, beraz, giza kapitala handia dela". 

Oso etorkin gutxi dago gaztelaniaz hitz egiten ez dakienik: 205 pertsona, etorkinen %0,3. Etorkin horien erdiak bi urte baino gutxiago daramatza Foru Erkidegoan bizitzen eta batek ere ez du egin gaztelaniazko ikastarorik azkeneko urtean. Alde horretatik, galdeketaren txostenean azaldu dute, gaztelaniaz ez dakitenez, agian zail egiten zaiela gaztelaniaz hitz egiten ikasteko prestakuntza jardueren berri izatea. Etorkin horien %59 Afrika iparraldekoa da. 

Gaztelaniazko egunkariak irakurtzeko edo gutunak gaztelaniaz idazteko gai ez diren etorkinen portzentajea %8,6koa da (portzentaje horretan sartzen dira, baita ere, ikasketa maila dela eta gai ez diren pertsonak). Etorkin gehienak gizonezkoak dira: %65,2. Horietatik %63 duela gutxi Europar Batasunean sartutako herrialdeetakoak edo Afrika iparraldekoak dira.

Hizkuntza bitartekotza

Etorkinek eta harrera gizarteak elkar ulertze aldera, Nafarroako Gobernuak, Etorkinentzako Arreta Bulegoa medio, hizkuntza eta kultur arteko bitartekotza programa bat jarri zuen martxan duela urte bete, Foru Erkidegoko herri guztientzat; programa hori aitzindaria da estatuan. 

Urte bete horretan, hizkuntza bitartekotzako 1.808 jarduera egin dituzte, esku-hartze guztien %35,4. Programaren bitartez etorkinei eskaintzen dizkiete, esaterako: ahozko eta idatzizko laguntza, eta mezuen transmisioa eta interpretazioa.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa