Castellano | Euskara | Français | English
Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa: navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Sei kontzertu antolatu dituzte: bost San Migel elizan eta bestea, familiarra, Golem Los Llanos zineman
Antzinako Musikaren Asteko kartela.
(
irudia handitu
)
Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo kontseilari Juan Ramon Corpas Mauleonek Lizarrako Antzinako Musikaren Astearen 40. edizioko egitaraua aurkeztu du gaur goizean; irailaren 8tik 13rako antolatu dituzte jarduerak. Lizarrako Astea Nafarroako Gobernuak antolatzen duen kultur jarduerarik zaharrena da. Gobernuak Lizarrako, Logroñoko eta Gasteizko Udalekin antolatzen du programa. Gainera, 2006tik Antzinako Musika Jaialdien Europako Sareko kidea da.
Kontzertu gehienak Lizarrako San Migel elizan egiten dituzte. Kontzertuez gain, azken edizioetan bezala, oraingoan ere hitzaldiak eta beste jarduera didaktiko batzuk antolatu dituzte. Aurtengo ediziorako aurrekontua 100.000 eurokoa da, iaz bezala.
Sei kontzertu antolatu dituzte. Horietatik bost San Migel elizan izango dira, irailaren 8tik 12ra, iluntzeko 20.00etan.
Bestea irailaren 13an egingo dute, Golem Los Llanos zineman, eguerdiko 12.00etan. Aparteko kontzertua da, familian joatekoa. Doakoa da, baina gonbidapena eskatu behar da 012 telefono zenbakian edo, bestela, kontzertuaren egunean Golem Los Llanos zinemako leihatiletan.
Bost kontzertuetarako txartelak 30 euro balio du. Txartelean hilaren 13ko kontzerturako gonbidapena ere sartzen da. San Migel elizako kontzertuetarako sarrerak 9 euro balio du.
Hitzaldiak joan den astean egin zituzten Egako Gustavo de Maeztu Museoan.
Hilaren 8an, Iñaki Fresan baritono iruindarrak eta Leon Berben klabezin jotzaileak “Baritonoarentzako eta klabezinarentzako kantatak” interpretatuko dituzte. Kontzertu hori grabatu eta, gero, Radio Clasica irratian emango dute, gainerako kontzertuak bezalaxe. Interpretatuko dituzte, besteak beste, Vivaldi, Leo, Haendel eta Rameu konpositoreen obrak.
Irailaren 9an, Concerto Soave taldeak eta Maria Cristina Kiehr sopranoak “Il Caro Sassone: Haendel en Roma” interpretatuko dute: sopranoarentzako eta biolinentzako kantatak.
Irailaren 10ean Emma Kirkby eta London Baroque izango ditugu entzungai: “Les amours baroques” interpretatuko dute.
Irailaren 11n musika barrokoa, alemana, frantsesa eta espainiarra gozatu ahal izango ditugu: “Celestial Musing and Diabolical Delights”. Hopkinson Smithek 13 ordenako lautea eta 5 ordenako gitarra joko ditu.
Hilaren 12an, Helsinki Baroque Orchestra eta Pierre Hantaï izango ditugu entzungai, klabezinerako kontzertuak interpretatuko baitituzte.
Irailaren 13ko kontzertu familiarrean Iruñako Ganbera Abesbatzako Nova Lux Ensemble taldeak abestuko du. Errepertorioari izenburu hau jarri diote: “Il festino nella sera del Giovedi Grasso avanti cena”.