Ikusi egun honetako albiste gehiago
Gizarte Gaien departamentuak Gazteriaren Foru Legea egiteko lehen partaidetza prozesuari ekin dio
osteguna, 2009.eko irailak 10
Garcia Malo kontseilariak oinarrizko dokumentua aurkeztu du; dokumentu hori oinarritzat hartuta ezarriko dute gazteria arloko politiken esparru araudia
Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako departamentuak, Nafarroako Gazteriaren Institutua medio, Gazteriaren Foru Legea egiteko lehen partaidetza prozesua hasi du: gaur goizean oinarrizko dokumentuaren berri eman du, prentsaurrekoan.
Gazteriaren Foru Legea Nafarroako Gobernuak gazteria arloko politiketan aurrera egiteko gauzatu behar dituen hiru proiektuetako bat da. Hori esan du Garcia Malo kontseilariak oinarrizko dokumentua aurkezteko prentsaurrekoan. Gainera, gogorarazi du proposatutako beste bi jarduerak, hau da, Nafarroako Gazteriaren Institutua sortzea eta gazte nafarren premien araberako egoitza bat garatzea, legealdi honetan mamitu direla.
Gazteriaren Foru Legearen helburua da gazteria arloko politika garatze esparru araudi bat ezartzea, honako hauek oinarri hartuta: gazteak burujabetzea bultzatzea, gazte izaera sustatzea eta gizartean modu aktiboan parte hartzea. Alde horretatik, Garcia Malo kontseilariak nabarmendu du prozesu irekia eta partizipatiboa izango dela eta "gazteriaren arloan lan egiten duten erakunde eta pertsonek eta Nafarroako gazteek legeak ezarriko dituen gaiei buruzko ideiak eta iritziak emateko espazioa" izango dutela.
Prozesu ireki eta partizipatiboaProzesua irekia eta parte hartzekoa izateak markatzen ditu faseak. Garcia Malok aipatu ditu, adibidez, legea egiteko aurrez emandako pausoak, besteak beste: hasierako dokumentu teknikoa egitea, legearen eduki orokorrak jasotzen dituena; eta legea egiteko Departamentu arteko Batzordea osatzea. Batzordea ekainean sortu zuten eta 25 kide dauzka, Nafarroako Gobernuko departamentuetakoak.
Alde horretatik, kontseilariak esan du dokumentua idaztea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako departamentuari agindu ziotela gazteria arloan eskumena duelako; eta Departamentu arteko Batzordea sortu dutela legea zeharkakoa eta integrala delako, hau da, ia departamentu guztiei dagozkien arloak eta eskumenak hartuko dituelako. Batzordean adostu dute, hilabeteko lanaren ondoren (ekaina-uztaila), gaur aurkeztu duten oinarrizko dokumentua. Gainera, Batzordearen ardura izango da legearen aurreproiektuaren zirriborroa onartzea, lehen eta bigarren partaidetza prozesuko ekarpenak sartu ondoren.
Lehenbiziko prozesua gaur hasi eta azaroaren 30ean amaituko da. Prozesu horrek balioko du jasotako proposamen eta ekarpenekin oinarrizko dokumentua osatzeko. Garcia Malok adierazi du prozesu hori aurrera eramateko lan taldeak osatuko direla Iruñan eta foru erkidegoko beste leku batzuetan.
Esan bezala, lehenbiziko partaidetza prozesua amaitu eta ekarpenak sartu ondoren, Departamentu arteko Batzordeak dokumentua onartuko du. Hala, 2010eko urtarrilean Nafarroako Gazteriaren Institutuak legearen aurreproiektuaren zirriborroa edukiko du. Dokumentu horrekin bigarren partaidetza prozesua egingo da; prozesuak bi hilabete iraungo du, 2010eko otsailetik martxora. Ekarpenak aztertu ondoren, maiatzean, Departamentu arteko Batzordeak legearen aurreproiektua adostuko du.
Azkenik, Nafarroako Gobernuak aurreproiektua onartuko du, Foru Legerako proiektu gisa, eta Parlamentura bidaliko du, eztabaidatu dezaten. Legea, beraz, 2010eko iraila hasieran onartuko da.
Gehiago irakurri:
Ikusten ari den informazioa Nafarroako Gobernuak emandako prentsa-ohar osoaren bertsio bat da, online komunikabiderako egokitua.
- Dokumentazioa:
- Audioa
- Bideoa