Ikusi egun honetako albiste gehiago
Lurraldearen Antolamendu Zerbitzuak eskainitako trebakuntza-beka beste titulazio batzuetara ere zabaldu da
ostirala, 2009.eko irailak 25
Biologia, Geografia eta Arkitekturako lizentziatuez gain, Ingurumen Zientziak edo diziplina baliokideak ikasi dituztenek ere eskuratu ahal izango dituzte
Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuan lurraldearen azterketari eta kudeaketari aplikatutako teknologia berriei buruzko trebakuntza-beka bat lortzeko deialdiaren oinarriak aldatu ditu.
Biologia, Geografia, Arkitektura eta Arkitektura Teknikoko tiitulua dutenez gain, Ingurumen Zientziak edo diziplina baliokideak ikasi dituztenek ere beka lortu ahal izango dute, ikasketa-planean ingurumenaren antolamenduari edo informazio geografikoko sistemei lotutako gaiak izan badituzte, Nafarroako Ingurumen Zientzien Elkarteak eskatutakoari jarraituz.
Deialdiaren oinarri berriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean joan den astelehenean, irailak 21, argitaratu ziren, eta orain izena emateko aldi berria ireki da, urriaren 12ra arte.
Bekaren iraupena hiru hilabetekoa da eta gehienez ere urtebetekoa izan daiteke. Hasierako diru-kopurua 3.000 euro da (1.000 hilero). Beka beste herri-administrazio batzuek emandako bekekin bateraezina izango da. Betekizunen artean, titulu ofiziala izatea eta deialdia argitaratu eta aurreko hiru urteen barruan ikasketak amaitzea aipatu behar dira.
Ebaluazioa egingo duen batzordeak merituak baremo honen arabera kalifikatuko ditu: espediente akademikoa, Informazio Geografikoaren Sistemekin edo teledetekzioarekin lotutako ikasgaiak eta trebakuntza-ikastaroak; eta Informazio Geografikoaren Sistemekin edo Teledetekzioarekin lotutako bestelako titulu akademikoak eta masterrak.