Ikusi egun honetako albiste gehiago
Nafarroako Gobernuak leihoak aldatzea diruz lagunduko du, isolamendu termikoa hobetzeko
asteazkena, 2009.eko irailak 30
Inbertsioaren kostua 1.500 eurotik gorakoa izan behar da eta 2008ko urriaren 16tik 2010eko ekainaren 30era egin behar da
Diru-laguntzen bidez, etxebizitzetako isolamendu termikoa hobetu nahi da.
Begoña Urien Angulo Enpresa zuzendari nagusiak etxebizitzetan leihoak aldatzeko diru-laguntzen deialdia aurkeztu du gaur goizean. Horretarako, 1.700.000 euroko gastua baimendu da, 2010eko aurrekontuen kargura.
Diru-laguntza hauei buruzko informazioa 848425516 eta 848425517 telefono-zenbakietan eskuratu daiteke. Xedea etxebizitzetako isolamendu termikoa hobetzea da, zuloak aldatuta (leihoak, balkoiko ateak eta argi-zuloak). Modu horretan, berogailuetan eta hozkuntzan energiaren kontsumoa murriztu eta Nafarroako energia-efizientzia eta -intentsitatea optimizatu nahi dira.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Energia Dibertsifikatzeko eta Aurrezteko Institutuak (IDAE), 2008ko otsailaren 26an, lankidetza-hitzarmena sinatu zuten 2008-2012 aldirako, Energiaren Aurrezpen eta Efizientziarako Estrategiaren 2008-2012 Ekintza Planera bildutako jardunak definitu eta praktikan jartzeko. Ildo horretatik, energiaren kontsumoa murriztea eta energia-intentsitatea gutxitzea xede duten jardunak egitea sustatu nahi da. Horretarako, besteak beste, diru-laguntzak deituko dira, aurreko urteetan deitutakoen jarraipenak.
Diru-laguntzen onuradunak pertsona fisikoak, pertsona juridikoak, irabazteko asmorik ez duten erakundeak, toki-entitaeak, jabeen erkidegoak eta horien pareko beste batzuk izan daitezke.
Diruz laguntzeko modukoa izango da Nafarroako etxebizitzetan zuloak aldatzea (leihoak, balkoiko ateak eta argi-zuloak aldatzea), baldintza hauek betetzen badira: inbertsioaren kostua 1.500 euro (BEZ gabe) baino handiagoa izan behar da; inbertsioa 2008ko urriaren 16a eta 2010eko ekainaren 30a bitartean egin behar da (biak barne hartuta); arotzeria eta beira aldatu behar dira; arotzeria metalikoaren kasuan, zubi termikoaren apurketa-sistema izan behar du; beira berria kristal bikoitzekoa izango da, eta beiren lodieren batura gutxienez 8 mm-koa izango da, eta ganberaren lodiera gutxienez 10 mm-koa; eta beira igortze mota baxukoa eta/edo eguzki-kontrolekoa izan behar da. Azken betekizun hori ez da eskatuko 2008ko urriaren 16tik deialdi hau argitaratu arte egindako inbertsioetan.
Diru-laguntzaren zenbatekoak 3.000 eurokoak izango dira gehienez etxebizitza bakoitzeko: beira arrunta duten zuloak aldatzea (igortze baxua eta/edo eguzki kontrola ez): 105 euro aldatutako zuloaren metro koadro bakoitzeko; eta igortze baxuko eta/edo eguzki-kontroleko beira duten zuloak aldatzea: 140 euro aldatutako zuloaren metro koadro bakoitzeko.
Eskaerak aurkezteko epea deialdia
Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2009ko azaroaren 20an amaituko da, biak barne hartuta. Eskaerarekin batera dokumentazio hau aurkeztu behar da: NANaren edo IFKren fotokopia, pertsona juridikoa bada; aurrekontuaren edo fakturaren fotokopia (lana eginda badago), eta horretan zulo bakoitzaren neurriak, arotzeria mota eta beiren eta ganbararen lodierak zehaztu behar dira. Lana eginda badago, fakturekin batera ordainketaren egiaztagiriak aurkez daitezke.
Gehiago irakurri:
Ikusten ari den informazioa Nafarroako Gobernuak emandako prentsa-ohar osoaren bertsio bat da, online komunikabiderako egokitua.
- Dokumentazioa:
- Audioa
- Bideoa
- Leihoen aldaketa
- Ebazpena