Ikusi egun honetako albiste gehiago
Deierriko bailarako jarduera ekonomikoen esparrua inauguratu dute Ziritza-Deierrin
asteazkena, 2009.eko irailak 30
Sanz presidenteak nabarmendu du enpresek nahiago dutela behar bezala prestutako eremuetan kokatzea
Sanz presidentea, Deierriko bailarako industrialdearen inaugurazioan.
(
irudia handitu
)
Nafarroako Gobernuko presidentea, Miguel Sanz Sesma, eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu arloko kontseilaria, Jose Maria Roig Aldasoro, Ziritza-Deierrin izan dira gaur goizean, jarduera ekonomikoen tokiko esparruaren inaugurazioan. Industrialde hori Deierriko bailarako Udalak sustatu du, eta alkatea ere, Carlos Remirez de Ganuza, izan da ekitaldian.
Industrialde berriak 28.000 metro koadro dauzka; 17.000 metro koadroan 18 sail daude. Urbanizatze lanetarako gastua milioi bat eurokoa da eta Deierriko bailarako Udalak 272.302 euro jaso ditu Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu departamentutik, lursailak erosteko, proiektua egiteko eta industrialdea urbanizatzeko.
Azpiegitura hori aipatu toki erakundeak sustatu du; erakundea 19 kontzejuk osatzen dute. Alkateak esan duenaren arabera, espero dute Santiago Bideko autobiatik gertu dagoen industrialde horri esker bailaran industri jarduera dibertsifikatzea eta biztanleei eutsi ahal izatea. Bailarako jarduera ekonomiko nagusiak dira nekazaritza, abeltzaintza eta turismoa, azken hori hasiberria bada ere.
Bere aldetik, Sanz presidentea gustura agertu da Ziritza-Deierrin industrialdea inauguratu dutelako. Presidenteak esan du proiektuak arrakasta izatea eta enpresa txiki eta ertainak erakartzea espero duela. Alde horretatik, Sanz presidenteak hau esan du: "enpresak enpresaburuek nahi duten tokian jartzen dituzte, baina, betiere, espazio egokiak eta behar bezala prestatuak dauden lekuetan”. Eta adierazi du krisi ekonomikoa gainditzeko enplegua sortzea ezinbestekoa dela. Industrialdea ondo komunikatuta dagoela ere esan du, Iruña eta Logroño lotzen dituen Santiago Bideko autobia oso gertu baitago.