Castellano | Euskara | Français | English
Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa: navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Nafarroako errepideetan 23 patruila ibiliko dira gaur, irteera operazioa dela-eta
Zirkulazioko eta Bide Segurtasuneko atalak antolatutakoaren arabera, Foruzaingoak abiadura, alkohol eta droga kontrol bereziak egingo ditu datorren zubian, irteera eta itzulera operazioetan.
Nafarroako errepideetan Iruñako eta Tuterako komisarietako 23 patruila ibiliko dira, irteera operazioa dela-eta; operazio horrek bihar goizera arte iraungo du. Itzulera operaziorako, berriz, 25 patruila jarri dituzte; operazio hori hilaren 12an, astelehenean, hasiko da, arratsaldean.
Egun horietan, Foruzaingoak oporlekuetara heltzeko errepide handietan abiadura kontrolak egingo ditu; errepide horiek dira, adibidez, AP-15 (Nafarroako autopista), AP-68 (EAE eta Aragoi lotzen dituen autopista), A-12 (Santiago bideko autobia) eta A-21 (Pirinioetako autobia).
Alkohol eta droga kontrolak Iruñatik gertu eta jaiak egiten dituzten herrietan jarriko dituzte foruzainek.
Zerbitzu bereziak
Igandean eta astelehenean egingo diren ekitaldiek eragina izango dute errepideetan, zehazki Irurtzun eta Altsasu artean eta Marcilla eta Caparroso artean. Izan ere, Sakanako mankomunitateak antolatzen duen Sakana txirrindulari lasterketa hilaren 11n egingo dute, igandean, goizeko 9.00etan hasita. Txirrindulariak NA-2410 errepidean ibiliko dira, Irurtzun eta Altsasu artean eta, beraz, errepide hori itxita egongo da lasterketak irauten duen bitartean. Antolatzaileek esan dute 500 txirrindulari inguruk parte hartuko dutela.
Igandean, halaber, Marcillatik Caparrosorako errepidea itxita egongo da, 10.00etatik 15.00etara, Artisautza eta Elikagai Azoka egingo dutelako. Azkenik, hilaren 12an, astelehenean, Abere Azoka egingo dute Marcillan eta horrek eragina izango du Marcilla eta Caparroso arteko NA-128 errepidean.