Ikusi egun honetako albiste gehiago
Kultura kontseilaria, Juan Ramon Corpas, Martzillako gazteluko zaharberritze lanak ikustera joan da
ostirala, 2009.eko azaroak 6
Nafarroa 2012 Planari jarraiki, zimenduak berritu dituzte eta orain barruko hormak lantzen ari dira
Kultura eta Turismo kontseilaria, Juan Ramon Corpas Mauleon, Martzillako gaztelua zaharberritzeko lanak ikustera joan da gaur goizean. Gazteluaren zaharberritzea Nafarroa 2012 Planaren barruan dago; lanen %90 Nafarroako Gobernuak ordainduko du eta %10 Martzillako Udalak.
Kontseilariari aurten egin dituzten lanen berri eman diote: barrualdeko fabrika ezegonkorrak eskoratu eta desmuntatu, hondakinak kendu eta perimetroko hormak egonkortu dituzte, barrualdetik. Obretan, gainera, segimendu arkeologikoa egin dute, barrualdeko parametroen estaldura aztertu dute eta eraikinaren plano berriak egin dituzte.
Halaber, eraikina zimendatu dute eta barruko horma berriak egiten hasi dira, aurreko lerroen gainean, adreiluzko fabrikarekin. Horrez gain, egitura horizontala egiten hasi dira eta, dagoeneko, barruko teilatu hegalaren mailan dago mendebaldeko eta hegoaldeko hegaletan. Datozen hilabeteetan egitura lan horiek egiten jarraituko dute eta datorren urtearen hasieran hormen kanpoaldea eta dorreak berritzen hasiko dira.
Eraikina kultur ondasuna da eta birgaitzeko lana aldi baterako enpresa elkarte bati esleitu diote, 8.463.199,71 euroren truke; elkartea honako hauek osatzen dute: Construcciones Aranguren SA, Construcciones Leache SL eta Construcciones Zubillaga SA. Obrak 2008ko abenduaren 17an hasi zituzten eta hiru urte dauzkate amaitzeko.
Eraikinaren geroko erabilerak Martzillako gaztelua Nafarroako Gobernuarena da; foru erkidegoko monumentu deigarrienetako bat da eta kultur ondasun izendatu zuten. Gaztelua nahiko hondatuta zegoen eta zaharberritu beharra zegoen. Behin birgaituta, Iruñako Udalaren egoitza jarriko dute, baita liburutegi publikoa, musika eskola eta ekitaldi areto bat ere. Gainera, monumentu historiko gisa irekita egongo da, ezagutu nahi duen jendearentzat.
Jarduerak arma patioaren inguruan egingo dituzte. Gazteluaren azterlan arkeologikoko gomendioei jarraiki, patioaren neurriak eta trazak hartuko dituzte oinarri. Izan ere, patioak leku handia hartzen du gazteluaren barruan eta eraikina ordenatzen du; lau aldeek neurri desberdinak dituzte, hormarteak desberdinak direlako.
Udaletxeak lehen solairuaren erdia hartuko du, mendebaldean, gazteluaren alderik garrantzitsuenean. Kanpoko hormartean bulegoak eta aretoak jarriko dituzte eta barrukoan udalbatza aretoa eta gainerako espazioak: erregistroa, jendeari arreta emateko lekua eta udal bulegoa. Goiko solairuan artxiboa jarriko dute. Proiektuaren arabera, udaltzaingoaren lokalak beheko solairuan egongo dira, patiotik sarrera dutela. Udaletxeko sarrera eskailera nagusietan gora egongo da, gazteluaren barruan. Horrez gain, sartzeko beste eskailera bat eta igogailua egongo dira, iparraldean.
Musika Eskolak eta Liburutegiak aparteko sarrera bana izango dute patioan. Musika Eskola lehen eta bigarren solairuan egongo da, udaletxearen kontrako aldean. Bi hormarte izango ditu, bata kanpoaldean, zulora begira, eta beste barrualdean, gazteluko patiora begira. Entseguak egiteko areto bat edukiko du eta areto hori udal bandak ere erabiliko du.
Liburutegia eraikinaren beheko solairuan egongo da, areto handi batean, eta patiotik hartuko du argia. Sartzeko patioa zeharkatu behar da, gazteluko sarreraren kontrako alderaino. Ekitaldi aretoa behe solairuan dago, arma patioari lotua, eta 110 lagun sartzeko modukoa izango da.
Gehiago irakurri:
Ikusten ari den informazioa Nafarroako Gobernuak emandako prentsa-ohar osoaren bertsio bat da, online komunikabiderako egokitua.