(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

NLAk eraispenetako erreskateei buruzko jardunaldi bat antolatu du eta 200 profesionalek parte hartu dute ostirala, 2009.eko azaroak 20

Jardunaldira bertaratu dira hainbat autonomia erkidegoko suhiltzaileak eta poliziak, osasun arloko langileak, psikologoak eta arkitekto teknikoak


Otamendi, Sainz eta Tejeira

Eraispenei buruzko jardunaldiaren inaugurazioa. ( irudia handitu )

Nafarroako Larrialdi Agentziak eraispenen ondoko erreskateei eta jarduera prozedurei buruzko prestakuntza jardunaldi bat antolatu du Iruñan eta 195 profesionalek parte hartu dute. Bertaratu dira, besteak beste, Nafarroako, EAEko, Kantabriako eta Errioxako suhiltzaileak, poliziak, auzitegiko medikuak, arkitekto teknikoak, osasun arloko eta 112 telefono zenbakiko langileak eta Larrialdietarako Unitate Militarreko kideak. 

Jardunaldia Iruñako Armada etorbideko hitzaldi aretoan egin dute eta helburua izan da eraikinak, zubiak eta abar erori eta jendea azpian harrapatuta geratzen denean aplikatzen diren protokoloak eta sistemak hobetzea. Alde horretatik, arrazoi hauengatik gertatutako eraispenak izan dituzte hizpide: katastrofe naturalak, gas eztandak, azpiegitura akatsak eta abar. Profesionalek larrialdi mota horietan egin beharrekoaz ikuspegi orokorra izan dezaten, diziplina anitzeko esperientziei, esku-hartze ereduei eta teknologia berriei buruzko 14 hitzaldi eman dituzte. 

Hizlariak izan dira estatuko eta nazioarteko ospe handiko profesionalak eta hainbat enpresako kideak. Besteak beste, suhiltzaile frantsesak egon dira, eraispenetan hondakinak kendu eta erreskateak egiten dituen unitateko arduradunak eta Group Leader enpresa frantsesekoak; enpresa horrek suteen kontrako teknologia eta eraikinek azpian hartutako jendea aurkitzeko sistemak egiten ditu. Esku hartu du, baita ere, Babes Zibileko Eskola Nazionaleko zuzendariak: kolapsatutako estrukturetan eta eraitsitako eraikinetan erreskateak egiten ikasteko etorkizuneko prestakuntzari buruz hitz egin du.


Programa



Jardunaldiak goizean inauguratu ditu David Sainzek, NLAko zuzendari gerenteak; NLA foru erkidegoko larrialdien erantzuna zentralizatzen duen erakunde autonomoa da. Sainzek esan du Nafarroako Gobernua oso gustura dagoela jardunaldiarekin, Estatuko Administrazio Nagusiak eta erkidegoetako eta tokian tokiko erakundeek parte hartu dutelako.

Ondoren, Alberto Otamendik, Nafarroako Gobernuko Babes Zibileko zuzendariak, azaldu du NLA arrisku sismikoari buruzko plan bat egiten ari dela; Jose Javier Boulandierrek, Suteak Prebenitzeko eta Itzaltzeko eta Salbamendurako Zerbitzuko zuzendariak, eraikinak finkatzeari, segurtasun eraztunei eta zerbitzuak koordinatzeari buruz hitz egin du; eta Medikuntza Legalaren Nafarroako Institutuko Rafael Tejeirak auzitegiko medikuek ezbeharrak gertatutako tokietan dituzten premien eta langileei egiten dizkieten eskaeren gainean hitz egin du.


Jardunaldiko partaideak

Eraispenetako erreskateei buruzko jardunaldira 200 profesional bertaratu dira. ( irudia handitu )


Horrez gain, gai hauek ere landu dituzte: esku-hartze eredu frantsesa, jendea bilatzeko zakurrak, harrapatutako pertsonak kokatzeko eta ikusteko sistemak, eraispenek eragindako pertsonen ohiko patologiak, kalteen balioespena (VINSAko arkitekto tekniko batek hitz egin du horretaz), boluntarioen eta psikologoen partaidetza, 112 zentroek baliabideak mobilizatzea eta lana koordinatzea, sarbideak kontrolatzea eta lapurretak prebenitzea. Hori guztia NLAko, Foruzaingoko, VINSAko, DYAko eta Gurutze Gorriko arduradunen eskutik. 

Besteak beste, jardunaldira bertaratu dira NLAko suhiltzaileak; Nafarroako 112 SOS gelako langileak; Foruzaingoko, Udaltzaingoko eta Guardi Zibileko agenteak; Nafarroako Osasun Zerbitzuko eta Baztan Bidasoako Anbulantzietako osasun langileak; Gurutze Gorriko eta DYAko kideak; Medikuntza Legalaren Nafarroako Institutuko auzitegi medikuak; psikologoak; Salbamendu Zakurren Taldeko boluntarioak; arkitekto teknikoak, e.a.

Gainera, gertuko autonomia erkidegoko suhiltzaileei ere egin diete jardunaldietara etortzeko gonbitea. Hala, Iruñara etorri dira Kantabriako, EAEko, Errioxako eta Logroñoko suhiltzaileak eta nazioarteko ezbehar handietan laguntzera joaten diren Larrialdietarako Unitate Militarreko kideak. NLAk, jardunaldi horretaz gain, zirkulazio istripuei eta pertsonak bilatzeari buruzko beste prestakuntza jarduera batzuk antolatu ditu orain dela gutxi.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa