(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

EAEko eta Nafarroako Gobernuek protokolo bat sinatu dute, neguan bidezaintza hobeto koordinatzeko asteazkena, 2009.eko azaroak 25

Akordioa Javier Caballero kontseilariak eta Rodolfo Ares sailburuak sinatu dute, Bilbon


Caballero eta Ares, Herrizaingoko eta Trafikoko zuzendariekin

Rodolfo Aresek eta Javier Caballerok neguko bidezaintzari buruzko protokolo bat sinatu dute. ( irudia handitu )

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Ares Taboadak eta Nafarroako Gobernuko lehen presidenteorde eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilari Javier Caballero Martinezek neguan bidezaintza koordinatzeko protokolo bat sinatu dute Bilbon.

Oinarrizko koordinazio lana (poliziek intzidentzien berri elkarri ematea) finkatuta zegoenez, protokolo honetan lanerako tresnak zehaztu dituzte: bideragarritasun planak martxan jarri eta eten baino lehen aurrez jakinarazteko, bi erkidegoetan zirkulazioa eta larrialdiak gestionatzen dituzten zentroak koordinatzeko, bi lurraldeak lotzen dituzten errepide handietan koordinazio postuak lekuan bertan sortzeko, poliziekin, bidezaintzako langileekin eta enpresa emakidadunekin. 

Jarduerak koordinatuta eta abisuak emanda, bitartekoak modu orekatuan mobilizatuko dira eta ardatz komunetan erantzuna hobetu egingo da. Era horretan, neguan eguraldi txarrak eragiten dituen zailtasunak arinagoak izango dira eta erabiltzaileei zerbitzu hobea emango diete. 

Caballero kontseilariak eta Rodolfo Ares sailburuak azaldu dute gustura daudela akordioarekin. Izan ere, bi erkidegoen arteko harremana normalizatu egin da eta, gainera, Patxi Lopez lehendakariak eta Sanz presidenteak elkar ulertzeko borondatea agertu zuten, uztailean sinatutako lankidetza hitzarmena medio. 

Neguan bidezaintza koordinatzeko protokoloa sinatzeko ekitaldian egon dira, baita ere, Nafarroako Gobernuko Barne ataleko zuzendari nagusia, Juan Ramon Rabade Iraizoz, eta Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendaria, Amparo Lopez. 

Hiru neurri

Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Erkidegoak errepide sare nagusian hainbat ardatz partekatzen dituzte: Leitzarango autobia (A-15), Iparraldeko autobia (A-1) eta Behobian barrenako Iruña Frantzia errepidea (N-121-A). Orain arte, neguan, etete teknikoak erkidego bakoitzak bere aldetik erabaki eta momentuan jakinarazi ditu, eta horrek arazoak eragin ditu bi erkidegoetan. Jarduerak koordinatuta eta aldez aurretik jakinarazita, dauden bitartekoak modu orekatuan baliatuko dira eta aipatu errepideetan erantzuna hobea izango da. 

Aipatu jarduera protokoloan hiru koordinazio ildo ezarri dituzte: agintarien koordinazioa, gestio zentroen arteko koordinazioa eta errepidean dauden bitartekoan koordinazioa. 

Gauzak horrela, neguko bidezaintza planak abian jarri eta eten baino lehen, bi erkidegoek informazioa emango diete elkarri. Beraz, zuzendaritza taldeek egiten dituzten aurreikuspenen eta hartzen dituzten erabakien berri, jarduerari ekin baino lehen emango dute. Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak eta Nafarroako Gobernuko Herri Lan eta Barne Zuzendaritza Nagusiek hitz eman dute informazio hori zabaltzeko prozedura egokiak jarriko dituztela. 

Horren harian, bi administrazioetako zirkulazio arloko gestio eta koordinazio organoetako arduradunek etengabeko komunikaziorako kanal bat edukiko dute. Koordinazio gela eta zentroetako arduradunak, zirkulazioa gestionatzeko eta errepideak zaintzeko ardura dutenak, Ertzaina, Foruzaingoa eta Guardia Zibilaren Trafikoko Taldea harremanetan egongo dira etengabe, informazioa errazago trukatzeko eta intzidentziak daudenean erabakiak errazago hartzeko, batik bat etete teknikoei dagokienez. 

Gainera, lekuan bertan egiten diren ekintzak ere koordinatu egingo dira, bidezaintza planak martxan dauden bitartean. Horrez gain, Nafarroako Gobernuko Herri Lan eta Garraio departamentuak Arabako eta Gipuzkoako Aldundiekin sinatutako hitzarmenen arabera, elurra kentzeko makinak ondoko erkidegora pasako dira, behar izanez gero. 

Protokoloa betetzen dela egiaztatzeko, batzorde tekniko bat sortuko dute. Batzordekideak gutxienez urtean bitan bilduko dira, elkarlanaren emaitzak ebaluatzeko eta hurrengo neguko bidezaintza kanpaina antolatzeko.
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa