(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak ondare historikoa ezagutzera emateko ikus-entzunezko bat argitaratu du astelehena, 2010.eko otsailak 8

Ikus-entzunezkoan hamahiru monumentu garrantzitsuren irudiak agertzen dira; monumentu horiek baliatu dituzte erreinuko historiaren eta aberastasun kultural, hiritar eta erlijiosoaren berri emateko


Transcripción textual del video

Nafarroa. Kontraste, ohitura eta historia luze eta zabaleko lurraldea. Ondare arkitektoniko, zibila eta erlijioso oparoa duen Komunitatea, bere txoko aunitz eta anitzetan egun presente bilakatu den iragana gorderik duena.

Hiriburuaren epizentroan erabilera militarrerako sortutako gotorleku errenazentista bat goratzen da. Iruñeko Gotorlekua, bost puntako izarraren oina duen esparrua da, hiria kontrolatzeko XVI eta XVII. mende bitartean eraikia. Honela, bastioi hauetako bakoitzetik, erasorako angelu posible guztiak kontrola zitezkeen. Barruan, egun erabilera kulturala duten bere eraikinetako zenbait kontserbatzen dira.

Gotorlekua, zalantzarik gabe, Iruñea defentsarako hiri gisa duen historiaren baitan benetako jopuntua da, baina ez da bakarra. Egun oraindik ere sumatu daiteke iragan horren esentzia eta Iruñeko harresiak Espainian dagoen konplexu belikorik interesgarrienetako bat eta hobekien kontserbatutako bat dugu. Harresien barrutian sakabanaturik zeuden atarietako bat edo beste ikus ditzakegu. Horietan zaharrenetarikoa eta dagokion tokian kontserbatzen den bakarra Frantziako edota Zumalakarregi ataria dugu.

Eta babestu beharreko bere kuttuna balitz bezalaxe hortxe ageri da, harresiaren gainetik, dirdiratsua, katedrala. Hiriaren bihotzean eraikitako aurre fatxada neoklasikoa duen Santa Maria Errealari dedikatutako tenplua da. Iruñeko katedrala, Nafarroa osoko multzo monumental gotikorik esanguratsuena da. Edertasun nabarmeneko klaustroa du eta bere dorreetako batean Maria kanpaia dago, oraindik erabiltzen direnen artean, munduko kanpairik handiena.

Iruñeko alde zaharrean erlijio tenplu ugari dago, baina, batera, arkitektura zibileko eraikin ikusgarri ugari ditu, Condestable jauregia kasu. Hauxe dugu hiri arkitektura handikiaren adibide nabarmenetako bat. Gotzain egoitza izan zen, bai eta behin beneko udaletxea. Egun, zaharberritu eta gero, publikoari zabalik dago, gizarte zentro bat da.

Lizarran dugu Nafarroako eraikin nobleen artean beste adibide esanguratsu bat. Erregeen Jauregia da, egun Gustavo de Maeztu Museoaren egoitza. Garai batean nafar erregeen bizitoki izan zen hau, Nafarroan dagoen izaera zibileko eraikin erromaniko bakarra da. Egun esentzia zibila alde batera utzi eta kulturari zabaldu dizkio ateak, bere baitan erakusketa finko zein ibiltariak hartuz.

Lizarrerria utzi aurretik, bertan dugu ere bisitagarri Arellanoko Villa Erromatarra. Zenbait eraikinek osatzen dute; Inperioaren hasierako garaietan batez ere nekazaritza eta abeltzaintzarako erabiltzen ziren. Denboraren poderioz, erromatarren munduan ohikoa izan zen joerari jarraikiz, bertako aristokraziaren familia baten luxuzko landetxea bilakatu zen. Bertan, estruktura arkeologikoak babesteko eta aztarnategia modu didaktiko-turistikoan landu ahal izateko, eraikin berri bat egin da.

Nafarroako erdi aldean, Mendigorrian, beste aztarnategi bat dugu, Andeloseko indusketak. Hiri honen aztarnek antzinako Erromatar Inperioaren handitasunaz eta distiraz blaitzen dute ingurua eta egunera ekartzen dute ingeniaritza zibileko obra esanguratsua eta bikainaren ondarea: ur hornikuntzarako sistema. Gainera, indusketa hauei esker garai hartako karrikak eta harresiaren zati bat ere ikusgai daude.

Erriberriko Jauregia nafar arkitekturaren bitxietako bat da, modu bitxian bateratu izanagatik aisiarako eta etxe elementuak, elementu militarrekin. Esparrua hainbat nukleoz osaturik dago; horien artean, bereziki nabarmentzeko modukoa da Turismo paradorea, Jauregi Zaharra izenaz ezagutzen dena. Lauki zuzeneko oina du eta hiru almenadun dorreak ditu, bai eta gaztelubegiak, hegaztegiak eta defentsarekin harremana duten elementu ugari. Aipatzekoa da ere Erreginaren Lorategia eta Omenaldiaren Dorrea; errege-erreginaren ganberak ditugu bisitagarri azken horretan.

Erriberritik gertu topatuko dugu Erdi Aroko Nafarroaren defentsarako eraikin multzorik esanguratsuenetako bat. Artaxonako Harresia. Bertako topografiak behartua, marraketa irregularra duen defentsarako eraikuntzen multzo ikusgarria dugu hau. Bederatzi dorrek zutik jarraitzen dute, eta beste hiruren oinarriak edota zimenduak ere ikus ditzakegu.

Erriberako hiriburua, Tutera alegia, monumentuei dagokienez, egundoko aberastasuna biltzen duen hiria bilakatu da. Katedrala, Monumentu Nazionala izendatu zuten 1884ean, eta, zalantzarik gabe, hura da egun hiriak duen monumentu nagusia. Oin erromanikoa du eta eraikuntza gotikoa ezarri zitzaion gainean. Epaiketaren atea orotan bereizgarriena da. Klaustroak lauki luzeko oina du eta bere arkuak puntu erdikoak dira, kapitel handiak dituzten zutabeen gainekoak. Kanpoko aldean Dorre Berria dugu, Tuterako fisionomiaren oinarrizko elementua bilakatu dena jada.

Nafarroako hegoaldean ere Fiteroko Monasterioa dago; hura ere Monumentu Nazionala izendatu zuten, 1931garren urtean eta eskualdeko erreferentzia turistikoa da aspaldidanik. Bere arkitektura erromanikotik gotikorako trantsizioari dagokio eta zistertarraren ezaugarriak ditu. Monumentu honen baitan, Erdi Aroko dependentziak daude, esaterako abade-eliza; gurutze latineko oina du eta hiru nabez osatua dago. Berezia da oso, Espainia osoan Zisterrari dagokion gisa honetako bakarra.

Zangozan, erromanikoaren obrarik nabarmenenetako bat dugu: Santa Maria Errealaren eliza, 1889an Monumentu Nazionala izendatua. Eraikina, or ohar, edertasun handikoa bada ere, meritu artistikorik gehien duena bere portada da; Azken Epaiketa irudikatzen duen harrizko erretaula da. Arte erromanikoaren adibide eder honek, erabilera liturgikoaz gain, defentsarako ere erabilia izan da inoiz.


Zangoza hiritik gertu Xabierreko Gaztelua dugu. Honek bere defentsak, eta gaztelua osatzen duten estruktura guztiak, oso osorik kontserbatzen ditu. Denetan nabarmentzen da Kristoren Dorrea eta gaztelu barruko angeluetako batean estilo neoerromanikoko basilika dago. Omenaldiaren Dorrea gainontzekoen artetik goratzen da, nagusi, dotore. Egun, martxoan, xabierraldiak deritzonak burutzen dira, Nafarroako txoko ikusgarri honetaraino erromesak ekartzen dituzten erromesaldiak.

Nafarroako ipar-ekialdean ere Espainiako monasteriorik garrantzitsuenetako bat dugu bisitagarri. Leyreko monasterioa da. Bere eliza da monasterioaren elementu arkitektoniko nagusia. Eraikuntza erromanikoaren zati zenbait mantentzen ditu: elizaren burualdea, kripta, dorrea, nabe nagusia eta portikoa. Nabarmentzeko modukoak dira ere bobeda gotikoa eta Iruñeko erregeen panteoia. Leyre, zalantzarik gabe, Nafarroan topatu daitekeen erlikiarik harrigarri eta bitxienetakoa da.

Halakoxea da Nafarroa. Historian eta ondarean aberatsa den lurraldea, sekretuan ederki gorderik duena egungo hiri moderno eta abangoardiazkoekin sintonia.

Iruñeko gotorlekua

Iruñeko gotorlekua. ( irudia handitu )

Nafarroako Gobernuak foru erkidegoko ondare historiko, kultural eta erlijiosoko monumentu garrantzitsuenei buruzko ikus-entzunezko bat argitaratu du. Ikus-entzunezkoa Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian ikus daiteke (www.navarra.es), euskaraz eta gaztelaniaz.

Ikus-entzunezkoan hamahiru eraikin handiren irudi panoramikoak eta zehatzak jarri dituzte (ia 11 minutu irauten du). Eraikinak dira erromatar garaitik hasi eta XVIII. mendekoak. Eraikin horiek Nafarroako erreinuaren historia laburtzeko eta gure aberastasun kultural, hiritar eta erlijiosoaren berri emateko baliatu dituzte.

Ibilbidea Iruñean hasten da: gotorlekua, hiriko hormak, katedrala eta kondestablearen jauregia agertzen dira. Lizarran erregeen jauregia aukeratu dute, erabilera zibileko eraikin erromanikoa, orain Gustavo de Maeztu Museoa dena. Lizarrako merindadean, halaber, erromatarren garaiaren adierazgarri diren bi arkeologia aztarnategi hartu dituzte: Mendigorriako Andelo eta Arellanoko villa, I. eta III. mende arteko landetxe erromatarra; landetxe hori mahastizaintza eta ardogintzarako baliatu zuten eta, gero, misterio gurtzak egiteko leku bihurtu zen.

Erkidegoaren hegoaldean, Oliten, XIV. eta XV. mendeen artean Karlos III. Noblearen gorte izan zen gaztelu-jauregia aukeratu dute. Gero, ikus-entzunezkoan, Artaxonako esparru harresitua agertzen da; esparru hori XI. mendekoa da eta duela gutxi zaharberritu egin dute. Ondoren, Erriberako hiriburu den Tuterako katedrala agertzen da; baita Fiteroko monasterio erromaniko zistertarra ere.

Zangozako merindadeari dagokionez, ikus-entzunezkoan Santa Maria elizaren eta elizako atariaren irudiak jarri dituzte; eliza hori Espainiako arte erromanikoko eraikin zoragarrienetako bat da, monumentu nazionala 1889tik. Azkenik, Nafarroako Gobernuak egin duen ikus-entzunezkoa amaitzeko, Xabierko gaztelua, San Frantziskoren oinetxea, eta Leireko San Salvador monasterio beneditarraren irudiak agertzen dira.

Gehiago irakurri:

Ikusten ari den informazioa Nafarroako Gobernuak emandako prentsa-ohar osoaren bertsio bat da, online komunikabiderako egokitua.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa