(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Asturias eta Vianako printze-printzesek astearte honetan 2010 jakobear urtea irekiko dute Orreagan astelehena, 2010.eko otsailak 8

Goizeko ekitaldia Orreagako Kolegiatan egingo da, eta arratsaldean Jacan garatuko da


Orreagako Santa Mariaren Errege Kolegiata.

Filipe eta Letizia Asturias eta Vianako printze-printzesak bihar, asteartea, otsailak 9, Nafarroara iritsiko dira 2010 jakobear urtea irekitzeko. Ekitaldia Orreagako Santa Mariaren Errege Kolegiatan egingo da, eta printze-printzesekin batera Ángeles González Sinde Kultura ministroa eta Done Jakueren bideak zeharkatzen dituen zortzi autonomia-erkidegoetako gobernuek parte hartuko dute: Aragoi, Asturias, Kantabria, Gaztela eta Leon, Galizia, Errioxa, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa.

Jardunaldiak bi atal izango ditu: goizeko ekitaldia Orreagako Kolegiatan egingo da, eta arratsaldekoa Jacan.

Filipe eta Letizia 11:40an iritsiko dira Orreagako Kolegiataren inguruetara. Miguel Sanz Sesma Nafarroako Gobernuko presidenteak eta Mª Ángeles González Sinde Kultura ministroak hartuko ditu. Printze-printzesek autonomia-erkidegoetako presidenteak eta Nafarroako agintari politiko nagusiak agurtuko dituzte.

Agurren ostean, printze-printzesak eta gonbidatutako agintariak Santiago elizara hurreratuko dira eta bertan Francisco González Pérez Iruña eta Tuterako artzapezpikuak eta Jesús Idoate Gil Orreagako Kolegiatako prioreak hartuko dituzte. Printze-printzesek eta autonomia-erkidegoetako presidenteek argazkia aterako dute Santiago elizako atari gotikoaren aurrean. Leku horretatik Santa Maria elizara joango dira, eta bertan oroitzapenezko ekitaldia egingo da. 

Ekitaldiaren garapena 

Iruñako artzapezpikuak, ekitaldia hasteko, bertaratutako guztiak agurtuko ditu eta, ondoren, Miguel Sanz Sesma Nafarroako Gobernuko presidenteak hitza hartuko du. Jarraian, Done Jakueren bideak zeharkatzen dituen autonomia-erkidegoetako presidenteek izango dute hitza, ordena honetan: Juan Vicente Herrera Campo (Gaztela eta Leon), Marcelino Iglesias Ricou (Aragoi), Pedro Sanz Alonso (Errioxa), Miguel Ángel Revilla Roiz (Kantabria), Alberto Núñez Feijoo (Galizia) eta Patxi López Álvarez (Euskal Autonomia Erkidegoa). Asturiasetik Mercedes Álvarez González Kultura eta Turismo kontseilaria joango da, Vicente Álvarez Areces presidentea ordezkatuz. Ondoren, Mª Ángeles González Sinde Kultura ministroaren txanda izango da. Filipe Borboikoak hitzaldien atala itxiko du.

Ekitaldia hasteko eta ixteko Iruñako katedraleko Musika Kaperako piezak joko dira, Aurelio Sagasetaren zuzendaritzapean, Julián Ayesak organoan lagunduta.

Segizioak, printze-printzesak buru direla, kolegiatako klaustroa eta San Agustin kapera bisitatuko du, eta bertan printze-printzesek koroa jarriko dute Antso VII.a Azkarra Nafarroako erregearen mausolearen aurrean.

Gero Orreagako Museora joango dira. Bertan Karlomagnoren Xakea izeneko XIV. mendeko erkilia-ontzia ikusi eta Kolegiatako Ohorezko Liburuan sinatuko dute.

Ekitaldiaren aurrekariak

1993tik, jakobear urte bakoitzaren hasieran (izaera hori izan zuten 1999 eta 2004 urteek ere), mota honetako ekitaldia ospatzen da Orreagan. Bertara Koroaren eta Nazioko Gobernuaren ordezkariak eta Done Jakueren bideko autonomia-erkidegoetako presidenteak biltzen dira, kultura-ondare berezko eta unibertsalarentzat Done Jakueren bideak duen garrantzia azpimarratzeko, jakobear herentzia banatzen duten autonomia-erkidego, herri eta nazio guztientzat lokarria baita.

Azken jakobear urtean gertatu zen moduan -2004- ekitaldi hau Jakobear Kontseiluak antolatzen du, izaera nazionaleko erakundeak, Kultura ministroa buru eta kide moduan Administrazio Zentraleko eta autonomia-erkidegoetako kideak dituena. Kontseilu horrek Done Jakueren bidearekin lotutako gaiak bultzatzen ditu.

Orreaga frantziar bideko lehen barrutia da, Pirinioetako hesia gainditu ondoren. Done Jakueren bidetik Santiagoraino oinez doazen erromes gehienek bertan hasten dute ibilbidea.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa