(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Nafarroako Gobernuak Bertiz Partzuergoarekin eskualdearen garapen turistikorako plana sinatu du asteartea, 2010.eko martxoak 2

Plan horren bidez inguruko dinamika turistikoa bultzatu eta indartu nahi da, ekipamenduak, azpiegiturak eta produktuak sortuta


Juan Ramón Corpas Mauleón Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo kontseilariak Bertiz Turismo Partzuergoarekin Bertiz eskualdeko plan operatiboa sinatu du, gaur goizean Baztanen egindako ekitaldian. Ekitaldi horretan dokumentuaren edukia eta proposamenak jakinarazi dituzte.

Plan operatiboa Produktu Turistikoak Garatzeko Planaren barruan kokatzen da. Planaren helburu nagusia Foru Komunitateko dinamika turistikoa bultzatzea eta indartzea da, ekipamenduak, azpiegiturak eta produktuak sortuta. Era berean, dokumentu horretan hamalau eskualde turistiko aztertzen dira, besteak beste, Bertiz.

Plan horren bidez, Nafarroako Kantauri aldeko haranek haien egoera, garapen turistikorako aukerak eta unitatearen garapen osoa lortzeko egin daitezkeen jarduera zehatzak hobeto ezagutuko dituzte, Foru Komunitate osoan integratutako ikuspegia oinarri hartuta.

Lehenengo ekintza: Endarlatsa-Doneztebe txirrindularientzako ibilbidea

Plan operatibo honen barruan, bultzatuko den lehenengo ekintza Endarlatsa-Doneztebe tartea da, Baiona eta Iruña lotuko dituen txirrindularientzako ibilbidearen barruan.

Ibilbide hori Eurovelo, bidegorrien Europako sarea, proiektuaren barruan sartzen da. Proiektuaren bidez, zikloturistentzako distantzia luzeko 12 ibilbide garatu nahi dira, Europa osoa zeharkatzeko. Nafarroako tartea Kosta Atlantikoko Bidearen barruan dago, 8.186 kilometroko luzera du eta Norvegia, Erresuma Batua, Irlanda, Frantzia, Espainia eta Portugal zeharkatzen ditu.

Mugaz gaindiko proiektua da. Espainiako zatian Bertiz Turismo Partzuergoak eta Bidasoa Activa izenekoak bultzatzen dute, eta Frantziako zatian, Conseil Général des Pyrénées Atlantiques izenekoak. Guztira, Endarlatsa-Doneztebe tartearen aurrekontua 873.003,17 eurokoa da. Kopuru horretatik 796.664 inbertsio-gastuetara bideratuko dira, eta 76.338 beste jardun batzuetara. Inbertsio-gastuen barruan, kostuaren %65 (517.832,12) EGEF funtsak ordaintzen du, eta %35 (278.832,68) Nafarroako Gobernuak.

Bestalde, beste jardun batzuetara bideratutako 76.336 euroetatik %35 (26.718,35) Bertiz Turismo Partzuergoak finantzatuko du, eta %65, EGEF funtsak. Jardunen artean, seinaleak egitea, sustapena, web orria eta komunikazioa aipatu behar dira.

Bertiz eskualdeko plan operatiboaren beste eduki batzuk

Planak hiru fase ditu. Lehenengoan Bertiz eskualdearen gaur egungo egoera aztertuko da, bigarrenean garapen-estrategia, eta hirugarrenean garatu beharreko ekintzak ezarriko dira.

Analisia egiterakoan, Planak Kantauri aldeko haranak hiru unitatetan biltzen ditu: Baztan (hau da, Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdi), Bortziriak eta Malerreka. Guztira, 21.698 biztanle.

Bertiz eskualdeak Turismo Bulegoak ditu Bertizen, Amaiurren, Zugarramurdin, Donezteben, Elizondon, Beran, Lesakan eta Ibardinen (Bera). Era berean, 8 hotel, landa-hotel 1, 226 landa-etxe, 2 kanpin, 7 pentsio, 19 hostal, 18 apartamentu, 8 aterpetxe eta 91 jatetxe ditu.

Inguru honetan, hainbat enpresak turismo-jarduerak egiten dituzte, besteak beste, BKZ, Orbela, Hípica Ordoki, Aralar Zalditegia eta Leurtza Abentura. Lurraldean lan egiten duten bidaia-agentzia hartzaileak Incoming Navarra eta CR Listen dira. Eskualdean 18 kultura-ondasun aitortuta daude, eta eraikin batzuk arkitektura tradizionalaren erakusgarri dira. Horrez gain, ia herri guztietan jauregiren bat edo nobleen etxeren bat dago.

Turismo-eskaintzaren beste osagai batzuk Baztaneko Museo Etnografikoa, Arizkuneko Santxotena Parke-Museoa, Zugarramurdiko Sorginen Museoa eta haitzuloa, Lesakako Burdinaren eta Forjaketaren Zentroa, monumentu megalitikoak, Urdazubiko monastegia, Urdazubiko haitzuloa eta Urdazubiko Arte Sakratuaren Museoa dira.

Inguru horretan produktu turistiko hauek aurki daitezke: kirol-turismoa, kultura-turismoa, natura-turismoa eta osasun-turismoa.

Ikerketatik ondorioztatu da eskualdean eskaitzen den turismoa baliabide naturalei, landa-inguruari eta bertako ohitura eta tradizioei lotuta dagoela, izaera argi eta berezitua duela, eta zenbait produktu turistiko dituela, horietako batzuk merkatuan oso ondo errotuta. Turismo mota nagusiari lotuta, gainera, azpiegituren eta zerbitzuen sare ona garatu da.

Garapen-estrategia

Diagnostiko horren arabera, garapen-estrategiak eskualdearen eta “kultura eta natura” ardatz tematikoaren ikuspegia hobeto egituratu eta komunikatu behar dituela ezarri da. Eta estrategiaren helburuen artean hurrengoak aipatzen dira: Bertiz eskualdea Nafarroan kokatutako mikrojomuga turistiko moduan sendotzea, eskualdearen erakargarritasunaren oinarria “Natura eta kultura” Produktu Turistikoak Garatzeko Planean eta “Bide Berdeari” buruzko programa berezian definitutako produktu nagusia izatea, eta eskaintza bigarren mailako zenbait produktu turistikorekin osatzea. Beste helburu batzuk gaur egungo publikoa sendotzea, eskaintza beste gutxiengo batzuetara hedatzea eta bidaiaren aurreko osagaietan hobekuntza errazak eta sektorearen profesionalizazioaren arloko ekintzak egitea dira. Amaitzeko, politika turistikoa berrantolatu nahi da, egon dauden azpiegiturak mantenduz eta hobetuz, hots, komunikazioa, marketina, sustapena eta dinamizazio- eta kudeaketa-egiturei emandako laguntza.

Gehiago irakurri:

Ikusten ari den informazioa Nafarroako Gobernuak emandako prentsa-ohar osoaren bertsio bat da, online komunikabiderako egokitua.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa