(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

“Nafarroako Erresuma 2010” Turismo Sarien irabazleak erabaki dira asteartea, 2010.eko martxoak 16

Corpas kontseilariak adierazi du 2010ean sektore horretan krisiaren aurkako neurriak berrituko direla


Juan Ramón Corpas Mauleón Kultura eta Turismo kontseilariak, Carlos Erce Eguaras Turismo zuzendariak eta Nafarroako Turismo Kontseiluko bi ordezkarik “Nafarroako Erresuma 2010” Turismo Sarien aurtengo edizioko irabazleak jakinarazi dituzte gaur goizean. Horrez gain, ekitaldi berean, kontseilariak krisiaren aurkako neurriak eta Turismoko Koiuntura Txostena, 2009ko txostena, jakinarazi ditu.

Sariak hurrengo hauek jaso dituzte: Nafarroako Turismo Elkarte eta Erakundeen Federazioak, “Toki entitateak, turismo partzuergoak eta elkarteak” kategorian; Erriberriko La Joyosa Guarda hotelak, “Turismo enpresak edo enpresaburuak. Ostatuak modalitatea” kategorian; Iruñako Enekorri jatetxeak, “Turismo enpresak edo enpresaburuak. Jatetxeak modalitatea” kategorian; Congresos Navarra izenekoak, “Turismo enpresak edo enpresaburuak. Zerbitzu turistikoen gaineko ikerketa, zerbitzu horien garapena eta berrikuntza eta zerbitzu horiek ematea” kategorian; amaitzeko, Nafarroako Turismo Kontseiluak “Nafarroako Erresuma 2010” Turismo Sarien irabazle moduan proposatu ditu Nafarroako Done Jakue Bidearen elkarteak, aipamen berezian.

Sariak datorren apirilaren 19an emango dituzte, 13:00etan, Zugarramurdiko kobazuloetan, eta bertan Miguel Sanz Sesma Nafarroako Gobernuko Lehendakaria egongo da.

Saridunekin batera, hurrengo hauek zeuden proposatuta: Iranzuko Lurrak Turismo Elkartea, Ultzamako Udala, Nafarroako Landa Turismoaren Federazioa, Amaiur herria, Anavarra.com, Orbaibar Garatzeko Elkartea eta Eder Partzuergoa, Joxepi Miura, Elizondoko Urruxka landetxea, Murillo el Frutoko La Cañada landetxea, Iruñako Tres Reyes hotela eta Alesbesko Bardenas kanpina. Era berean, hurrengo hauek ere proposatu zituzten: Cintruénigoko Maher jatetxea, Berako Zalain jatetxea, Cadreitako Marisol jatetxea; eta Anizko Jauregia landetxea eta gaztandegia.

Saridunak

Nafarroako Turismo Elkarte eta Erakundeen Federazioa 2001eko azaroaren 13an sortu zen. Sorreran zazpi elkarte zituen, eta gaur egun beste lau daude. Elkarte honek 500 establezimendu biltzen ditu. Francisco Sesma Rodrigo da burua.

Urtero Nafarroako Landa Ostatuen Gida argitaratzen du, eta bertan Komunitateko landa-ostatu guztiak katalogatuta daude. Turismoari lotutako produktuak eta jarduerak sustatzen ditu eta azoketan eskaera zabala izaten du. 2004an web ataria sortu zuen, eta hilean 12.000 bisita izaten ditu batez beste. Nafarroako Turismo Elkarte eta Erakundeen Federazioa ASETUReko (Landa Turismoko Espainiako Elkartea) Kontseiluko kidea da, eta Nafarroa nazio-erakunde honetan ordezkatzen du. Horrez gain, aurten Nafarroako Erresumako Landa Turismoaren Nazioarteko I. Kongresua aurkeztu du, Navartur azokaren barruan.

La Joyosa Guarda hotela XVIII. mendeko jauregi-etxea da, eta 24 gela ditu. Erriberriko hirigunean dago, eta hirigunea bisitatzeko abiapuntua da: Errege Jauregia, upategiak, mahastien eta ardoaren museoa. Horrez gain, Nafarroaren erdialdetik ibilbidea egiteko abiapuntua ere bada.

Enekorri jatetxea 1987an ireki zuten eta Kalitate Turistikoaren Q ziurtagiria dauka 1987tik. Eraberritze-lanen ostean, jangela eta sukaldea bateratu ditu. Ardoen eta likorren upategiak daudenez eta sukaldea ikusten denez, balio gastronomikoek gorengo protagonismoa dute. Ardoen kartan mundu osoko 400 erreferentzia daude, eta uren, kafe eta teen eta pattarren menua ditu. Merkataritza eta Ostalaritza arloko Diseinu Kudeaketaren IX. Saria irabazi zuen. Sukaldaritzak erro tradizionalak ditu, gaur egunera egokituta.

Bestalde, Congresos Navarra kongresuen antolaketa profesionalaz arduratzen den enpresa da. Kongresuak, sinposioak, jardunaldiak, konbentzioak, produktuen aurkezpenak eta inaugurazioak egiten ditu. 2009an 20 urte bete zituen. Produktu berriak garatu ditu, hala nola facil-congres, facil-on, plus congresos eta protocolodirecto izenekoak. Produktu horiek aurretik zegoen eskaintzari gehitzen zaizkio, hots, aholkularitza eta kongresuen antolaketa, kultura-ondarearen kudeaketa, protokoloaren eta kongresuen antolaketaren arloko prestakuntza, eta jendea artatzeko langileen prestakuntza. Modu horretan, Nafarroako enpresen eta gizartaren gaur egungo beharrizanei erantzuten zaie.

Aurten aipamen berezia Done Jakue Bidearen Lagunen Nafarroako elkarte guztientzat izan da: Iruñakoa, Urdazubi-Baztanekoa, Estella-Lizarrakoa, Tuterakoa eta Los Arcoskoa. Jakobear urtean elkarte horiek egindako lana azpimarratu nahi izan da, luzaroan Bidea babestu baitute, jakobear kultur lana egiten baitute eta erromesaldiak sustatzen baitituzte. Horrez gain, erromesak hartzean eginkizun berezia dute.

Guztiek Done Jakue Bidea, erromesaldiak eta apostoluarekiko jaiera sustatzen eta hedatzen lagundu dute, jakobear bidearen kultur aberastasun historikoa ezagutaraziz.

Gehiago irakurri:

Ikusten ari den informazioa Nafarroako Gobernuak emandako prentsa-ohar osoaren bertsio bat da, online komunikabiderako egokitua.


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa